Gernikako Estatutuaren azken astelehena

Hori da gaur ospatzen duguna, ezta? Sekulako merkatua antolatzen da Gernikako herrian Estatutua omentzeko.  Mmmm… ala ez?

Argi eta handi ikusten da nori "esker" dugun Estatutua horren osasuntsu gaur egun

Patxi Lopezen gobernua heldu zenetik, mendeak pasa direla ematen du, gaurkoari dagokion bezalako erabakiekin txunditu gaitu, urriaren 25a, Euskadiren Eguna bihurtu eta jaieguna eman alegia. Hori guztia, 1979ko urriaren 25ean onartu zelako Gernikako Estatutua.

Jaieguna ez da datorren urtera arte indarrean sartuko… Katxis!!! Zer pena!  Hala ere, inork eskatzen al zuen? Gizartea larri zebilen Estatutuak ez zeukalako behar bezalako ospakizunik? Baina, jakina, sozialista hauek gizarteak zeuzkan benetako arazoei aurre egitera zetozen. Estatutuaren jaia bezalako arazo larri eta errealak.

31 urte pasa dira eta Estatutuak ez du inolako garapenik izan; 31 urte pasa dira eta Estautua betetzen joan ahal izateko Espainiako Gobernuak beharrizan edo interesen bat izan behar zuen, bestela Lege Organiko bat ez betetzeak ez zuen horrenbesteko garrantziarik, pasa gintezkeen hori gabe, ez? 31 urte igaro dira eta gaur egun euskal herritar diren askok ez dute sekula Estatutua bozkatu, ez dira lege horren partaide, eta agian, ez dute berezko bezala sentitzen.

Estatutuan idatzita dagoena betetzen joatea poztekoa da, bai ala bai, baina horrek ez du esan nahi aurrera egin behar ez dugunik. Gaur egungo Euskadi eta orain dela 31 urtekoa ez dira berdinak, aldaketak izan dira, eta seguru nago gizarteak beste ezer eskatzen duela, politikarien eta eragileen ahalegina barne.

Orduan bai, orduan izango genuke zerbait ospatzeko arrazoirik. Baina, errealitatea errealitate, nik gaur, Gernikako azken astelehena ospatzen den egunean (hortxe bai jai eta giro apartak), Estatutuaren azkena ospatzea ere espero dut.

Topa!