Sozialisten kea, gizartearen eztula

Oporretatik bueltatzea da lanik gogorrena, eta are gogorrago egiten da halako sen masokista ezkutuak jotzen gaituenean. Sen horren tranpan erori eta PSE-EEren web orrian sartzea erabaki nuen atzo (euskarazko atalean, noski). Ba berehala damutu zitzaidan…

Hauek denak portadako gaiak dira (irudia ikusi eta ondoko testua irakurri):

Nork jartzen du noranzko bateko sentimendu nazionala langabeziaren kontrako borrokaren aurretik? EAJk? Kopeta behar da PPSOE koaliziotik hori esateko, eta azken datuak ikusita gainera: “Langabezia % 7,48 hazi da EAEn eta % 16,76 Nafarroan”

PSEk zer leporatzen diola PPri? Terrorismoaren aurkako politika? Baina Basagoiti eta Lopez ez al zeuden oinarrizko gaietan ados? Lotsagarria da euskal gobernuan dauden alderdi biek ikuskizun tamalgarri hau ematea: etsaiak, eta hala ere, lagunak? Nork sinesten du hori dagoeneko?

“Radical”, euskaraz muturrekoa. Espainiatik urrun dauden proiektu politikoak muturrekoak dira? Espainiara gero eta gehiago hurbiltzen gaituztenak ez, ordea. Ba, azken urteotan, frogatuta geratu da zer nolako zama suposatzen duen Espainiak Euskadiko ekonomian; kultura, hizkuntza… ez aipatzearren. Hortaz, zer da muturrekoa izatea? Kaltetzen gaituena sutsu defendatzea, ez da hala?

Hori da PSEk saldu nahi diona euskal gizarteari: KEA. Hutsalak dira planteamenduak, sinesgarritasun bakoak. Azken irudiarekin, agian, hobeto uler daiteke esan nahi dudana:

Eta ikusi [Enlace roto.] langabeziaren azken datuak Espainian.

PPSOE eta Alerdien Legearen “mierda” handia

Lasai, baliabide literarioa baino ez da izenburukoa, irakurtzen jarrai dezakezue zikintzeko inolako beldur barik.

Alderdien Legea eta Sorturen legalizazioaren gaiari bueltaka nabilkio azken egunotan, ez baitut mierdarik (merde, Iparraldekoentzat) ulertzen.

Gerta liteke ere nire ulertzeko gaitasuna mierda handi bat izatea, baina Alderdien Legea eta legalizazioaren kasuaren mierdaren hipotesitik abiatuko dut nire iruzkina, ahal den neurrian arrazoituz.

Ea ba, lehen urratsean, PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartu zuten Batasuna legez kanpo uzteko terrorismoarekin lotuta daudelako, eta mundu horrekin ez dutelako garbi apurtzen.

Lehen urrats horretatik Batasuna eta Ezker Abertzalearen hainbat ilegalizazio dator. Tartean, antzeman egiten dira PSOEren gobernuaren keinu batzuk: EHAK Eusko Legebiltzarrean sartzea, udal hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrenda batzuk bakarrik baliozkotu (ia-ia AHTren ibilbidean dauden udalerriak, kasualitatez).

Garai hartan, Ezker Abertzaleak terrorismoa eta indarkeria garbi salatu behar zituela esaten zen, hori zela baldintza joko demokratikoan berriz ere sar zitezen.

Bada momentua heldu eta Ezker Abertzaleak Sortu sortu (barkatu errepikatzea) zuen, gaitzespen eta guzti, garbi, estatutuetan. Momentu horretan, baldintzak aldatu egin ziren, eta hasi ziren esaten Batasunaren ondorengo garbia zela (buru pentsakor galantak), eta jakina, horrek ezeztatu egiten  zuela alderdiaren legezkotasuna. Bazirudien, hortaz, indarkeria gaitzestearekin ez zela nahiko.

Baina azkenik, eta Sortuk zenbat eta garbiago hitz egin indarkeriaren gainean, beste baldintza bat agertu zaigu ZP presidentearen patrikatik: ETA desagertu arte, oso zail izango du Sortuk legezko izatea. Eta lasai-lasai, txo.

Garbi dago, edo hala ikusten dut nik behintzat, Ezker Abertzaleak botere mugatua duela azken baldintza biak bete ahal izateko. Alde batetik, nola demontre ez dira ba izango Batasunaren ondorengo? Ezker Abertzalea da! Euskal Herriko soziologia ez da aldatu, baina ongi etorria izan bedi gizartearen zati baten hausnarketa prozesu baten ondoriozko egoera berri hau.  Eta beste alde batetik, ETA desagertu arte? Ez diot honetan Ezker Abertzaleak eragin ezin dezakeenik, baina hori bakarrik, eragin, inoiz ez da erabaki hori Ezker Abertzale osoaren esku egongo.

Inpresioa da lege malgu bat daukagula Alderdien Legearekin. Gobernuari (eta oposizioari) komeni ahala tira egiten da gomatik edo goma lasaiago utzi. ZER DA, orduan, ALDERDIEN LEGEAK BENETAN DIOENA????

A! Eta beste gauza bat. Balizko legalizazioari buruz presidenteak eta barne ministroak horrenbeste hitz egiteak kolokan jartzen du ere (berriro) Espainiako botere-banaketa.

Eta txaloak eman behar ditugu demokrazian bizitzeagatik, tortura kasuak ikertu ere egiten ez direnean.

Asteburu on.

Jainkoak hala nahi duelako? (erlijioa vs. politika)

Kataluniako kanpaina hasi da eta Zapaterori, behingoagatik, zentzuz beteriko hitzak entzun dizkiot: “Aita Santuak nahi dituen legeak egin behar al ditugu? Espainiarrek nahi dituzten legeak egin beharko ditugu, ezta?”. Ez da literala, baina gaztelaniazko hitzez hitzekoa erraz aurkituko duzue sarean.

Egia da, erlijioak ezin du herri baten politika baldintzatu, Erdi Aroa aspaldi daukagu iragan. Estatuek politika eta erlijioa banatzea ezinbesteko dute aurrera jarraitu ahal izateko, arrazoi sinple batengatik: gizartea plurala da, eta fede anitzekoak egongo dira, ez fededunak, eta fedea bere modura bizi dituztenak ere bai.

Are gehiago, fedea eta politika nahastea muturrera eramanez gero, Estatu Batuetan iaz John Simkus errepublikarrak esandakoak esatera eraman ditzake politikariak: “Gizakiak ez du Lurrarekin amaituko, ez da uholderik egongo, Jainkoak hala zin egin baitzion Noeri, eta horiek dira Jainkoaren hitz hutsezinak”. Legebiltzarrean berotze efektua eztabaidatzen ari zirela bota zituen Simkusek berbok. Diskurtsoa Genesiko pasarte batzuekin jantzi zuen gainera.  Hemen duzue bideoa:

http://www.youtube.com/watch?v=iW5WHkT45Vs

Erlijioa, bada, sinesten dutenenentzat, eta politika guztion gizartea eraikitzeko.