%14 murriztu Eusko Jaurlaritzak Berria egunkariaren diru-laguntza, bere irismena dela-eta. Erantzun moduan, sinadura bilketa abiarazi dute berripaperatik, herritarren babesa bilatu nahian, Jaurlaritzak atzera egin dezan.
Berria egunkariak behar duen herri babes bakarra da egunkaria erosten dutenena. Horretarako, erosle kopurua handitu behar du. Eta zergatik ez du, bada, erosle edo irakurle gehiago? Euskaraz dagoelako soilik?
Aspaldi utzi zion Berriak euskaldunon egunkaria izateari, eta askok, aspaldi galdu genion konfiantza. Hori da irabazi behar dutena: konfiantza.
Ez diezadatela sal, euskaraz jantzita, beste zerbaiten zerbitzurako sortutako panfletorik, gutxi asko lagunduko baitio horrek gure hizkuntzari. Eta bai, pena bat da euskaldun guztiontzako egunkaririk ez izatea, ezta proiektuan ere.
Esan behar nuen.
Eguneraketa: sare sozialetan irakur daitezkeen kritika zakarrentzat, iritzi ezberdinik onartzen ez duten horiei, agian, komeni zaie Eusko Jaurlaritzak atera duen oharra irakurtzea, baina benetan irakurtzea eta hasunartzea, behean kopiatu dudan hori. Nire ustez, azpimarratzekoa da, alde batetik, Jaurlaritzak 1.300.000 euroko laguntza ematea komunikabide bati, eta bestetik, Berriak berak bere aurrekontua murriztu duela (bai, murrizketak, o!) Jaurlaritzaren diru-laguntza baino askoz gainetik. Zergatik batzuek erruak bilatzen dituzte beti kanpoan?
JAURLARITZAREN ERANTZUNA:
“EUSKO JAURLARITZA DA BERRIAREN BABESLE NAGUSIA
1.301.963 euroko laguntza eman dio Jaurlaritzak Berriari 2014an. Babes bikain hau euskararen erabilera prentsan bultzatzearen alde egiten duten lanarengatik ematen da, eta horretarako babesa ematen jarraituko du Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia da euskararen erabilera sustatzea. Honetarako bideratzen ditugu urtez urte diru laguntza ezberdinen deialdiak. Euskararen erabilera sustatzeko, Jaurlaritzak euskarazko hedabideak ere bultzatzen ditu urtez urte. Eta ez neurri txikian gainera. Izan ere, 4.875.000 euro jarri ditu aurten honetarako.
Esparru hau lehentasunezkoa da guretzat, aurrekontuetan ikusten denez. Izan ere, 2012tik diru laguntza honen kopuru osoak ez du inolako jaitsierarik izan, nahiz eta diru sarrera publikoak gutxitu egin diren eta, ondorioz, beste zenbait deialdi programek doiketa izan duten. Hedabideen deialdiak 0 beherapen izan du. Jaurlaritzak euskarazko hedabideak babestearen alde egiten duen apustu irmoaren lekuko.
Eusko Jaurlaritzak, guztira, 122 hedabide diruz lagundu ditu aurten: gehien gehienak idatzizko hedabideak dira, eta horien ondoan daude internetekoak, irratiak eta telebistak. Diruz lagundutako idatzizko hedabideak guztira 66 dira, eta hauetatik 45ek iaz baino diru-laguntza handiagoa jasoko dute. Hedabide guztien erdia baino gehiago da iaz baino diru laguntza handiagoa jasoko duena. Eta diru laguntza jasoko dutenetatik 12 hedabide, 2014an sortuak dira. Hau da, berriak dira.
Diru laguntza hauek ematerakoan irizpide aldaketa bat egon da aurten. Orain artean ez bezala, hedabidearen eraginkortasunari eman zaio garrantzia bereziki. Euskararen erabilera jarri dugu dirulaguntzaren erdigunean, hedabideen kontsumoa alegia. Eta zer da hau? Alde batetik, hedabideak duen zabalkundea hartu da kontutan. Bestetik, hedabide horren jardun esparruan dauden kontsumitzaile potentzialak ere aintzat hartu dira. Bi datu hauek erkatuz, baloratu da nagusiki hedabide baten eraginkortasuna. Bere esparruan zenbat eta jende gehiagorengana heldu orduan eta diru laguntza handiagoa jasoko du. Euskararen erabilera sustatzea dugu helburu, eta hedabideen artean ere gauza bera: hedabideen kontsumoa sustatu nahi du Jaurlaritzak. Horregatik, euskarazko hedabideentzako diru-laguntzak ematerakoan irakurlea (edo irrati entzulea edo telebistako ikusentzulea) jartzen ditugu erdigunean, produktua jarri beharrean. Euskarazko prentsa irakurria izatea da Jaurlaritzaren helburua. Horregatik, zenbat eta irakurle gehiago, orduan eta babes ekonomiko handiagoa eman nahi du Jaurlaritzak. Euskararen erabilera helburu. Irakurlea helburu.
Irizpide hau aplikatuz, Berriak 1.301.963 jasoko ditu aurten. Esan behar da, ez dugula ezagutzen inon ere tamaina honetako diru laguntza jasotzen duen beste hedabiderik.
Kontutan hartu behar da ere, Berriaren aurrekontua 484.977 eurotan jaitsi dela aurten. Hala ere, Jaurlaritzaren diru laguntza ez da kopuru berean jaitsi (208.217 euro gutxiago). Berriak berak gutxitu duen aurrekontua baino gutxiago gutxitu da dirulaguntza. Hedabide honek, bestalde, 2013an 2012an baino 60.930 euro gehiago jaso zituen.
Diru laguntza hau ematen duen (1.301.963) erakunde bat ez dago inolaz ere Berriaren kontra. Ezta beste inoren kontra ere. Euskararen erabilera eraginkortasunez sustatzearen alde dago Jaurlaritza. Are gehiago, diru hau emanda, Eusko Jaurlaritzak Berriaren babesle nagusi izaten jarraitzen du. Eta Jaurlaritzak diru hau helburu batengatik bakarrik ematen du: euskararen erabileraren alde egiteko. Ahalik eta eraginkorrenak izan nahi dugu euskararen erabilera sustatzen laguntzerakoan, hedabideen kasuan euskarazko komunikazioa eta euskarazko hedabideak kontsumitzerakoan, alegia. Irakurleen onarpena eta hedabideen kontsumoa dira saritu nahi ditugunak, erabileraren mesedean.
Tokiko hedabideak dira aurtengo diru-laguntzetan gehikuntzarik handienak izan dituzten hedabideak. Arrazoia da euskal irakurle gehienengana iristen direla, eta Jaurlaritzak euskarazko hedabideen kontsumoa piztu nahi du. Leku askotan tokiko informazioa da euskarak gaur egun duen erabilera-gune garrantzizkoa, eta hori babestu eta sustatu behar dela uste dugu.
Euskal hedabide ezberdinen aurrekontuaren %18,72 diru laguntzen bidez finantzatzen du Eusko Jaurlaritzak. Berriaren kasuan, ordea, aurrekontu osoaren %21,38 ordaintzen da. Beraz, bistan denez, Berriak diskriminazio positiboa jasotzen du.
Eraginkortasuna areagotzea da diru-laguntza politikaren helburua. Horri buruz, eta dirulaguntzetarako irizpideak hedabideen kontsumo benetakoari lotzeaz asko eta luze hitz egin da Jaurlaritzaren eta Hekimenen artean. Eta bide hori jorratzen jarraitzea da Jaurlaritzaren helburua. Denak dira beharrezko euskararen erabilera areagotzeko, Berria eta beste 121 euskarazko hedabide edo komunikazio-produktuak. Helburu horretarako eraginkor diren neurrian, Jaurlaritzaren babesa izaten jarraituko dute guztiek: beharbeharrezkoak baitira euskarazko hedabideak, behar-beharrezkoa euskarazko ehundik gora hedabideek betetzen duten funtzioa, behar-beharrezkoa hedabide horiek gero eta kontsumitzaile gehiago irabaztea, behar-beharrezkoa guztion arteko elkarlana, betiere euskararen erabilera areagotzea helburu”.