Navarrismoaren gidaria

Migueliko Sanzen emariak ez du hondorik. Iturri agorrezina dugu berau, euskaldunon edota euskal hiztunon zoritxarrerako baina.

Nafarroako Erkidegoak duen presidenteak euskararen kontra ez duela ezer dio, baina harroputz ageri da bere gobernuak aurrera daraman hizkuntz politikarekin.

Milaka herritarrek euskararen alde manifestatzeak, antza, ez dio ezer esaten Sanz jaunari, ez dio hausnarketarako arrazoirik erakusten.

Baina adierazpenik mingarrienak, hotzenak, larrienak, pozoiz lepo daudenak hauexek dira: “euskararen gaineko ardurarik ez daukat, denbora okupatzen dit bakarrik”.

Gaztelaniaz esanda, ez dirudi hain latza (“el tema del euskera no me preocupa, me ocupa”), baina euskaraz eman eta gero agerian geratzen da hitz horiek gordetzen duten guztia, eta gorroto hitzak ongi baino hobeto laburbilduko lukeena.

Nafarrek benetan merezi/nahi al dute euren berezko hizkuntza horrela zapaltzen eta mespretxatzen duen agintaririk? Neronek ez diot zentzu handirik ikusten, eta horrelako utzikeriak salaketa ozena, garbia eta sendoa behar luke nafarren eskutik.

“Linguae vasconum, linguae navarrorum”. Aspalditik datorkigun esaera horrek gordetzen du mami oro.

Nafar euskal hiztunen eskubidea delako, euren hizkuntza ere badelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *