Lopezen kulebroia

Falcon Crest telesail famatu hura itzalpetan uzteko gaitasunik ezin zaio ukatu lehendakariari, ez jauna.

Eskandalua, traizioa, maitasuna… denetarik dauka Eusko Jaurlaritzako primusak (lehena, ez gaztelaniazko “primo“) protagonizatzen duen abenturak.

Eskandalua: dirua jai antzuetan xahutzea, kargu publiko bati onartu ezin zaion hizkera, errespetu faltak (hala nola, euskarari berari)…

Maitasuna: leku askotan irakur daiteke sozialistentzat zer nolako garrantzia duen maitasunak karguak banatzerako orduan.

Traizioa: Espainiako gobernuburu den Zapaterorena mingarriena izan daiteke, EAJrekin hitzartutako akordioa medio.

Baina kulebroiak jarraitzen du, eta traizioek garrantzia hartu dute istorioaren puntu honetan. Azkena, [Enlace roto.], orain gutxi arte Patxi Lopezen gobernuko hizkuntz politikarako sailburuorde izan dena.

Diferentziak agerian geratu dira hain zuzen ere Anjel Lertxundi idazle euskaldunari emandako Literatura Sari Nazionala dela-eta, “Eskarmentuaren Paperak” izeneko saiakeragatik.

Antza, Lopez poztu egiten zen sariagatik, euskal narratiba munduan jartzen omen zuelako Lertxundik (orain arte gertatu izan ez balitz bezala).

Etxezarretak ontzat jo du ateraldi hori kritikatzea Lopezen ezagutza zalantzan jarriz, eta ausarkeria leporatuz. Ez dakienak, nola ba izan dezake iritzia emateko besteko kopeta? Ez ahaztu Hegoaldeko euskal herritar gehienon ordezkaria dela jauntxoa.

Zirrikitu berria zabaldu du honek Lopezen irudi kolpatuan. Berarekin egon direnek ere ez badute bere lana edo ahalegina estimatzen, nola baloratu beharkoko luke orduan oposizioak lan hori ildo beretik ez bada bederen?

Kapitulu berrien zain geratzen naiz, irrikaz.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *