Gaztelaniaren Gaitasun Agiria. Urgellentzako ideiak

Lasai eta patxadaz idazten saiatuko naiz, barruko pozoina lar irakin gabe.

Dagoeneko, guztiok jakingo zenuten Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, D ereduan ikasi dutenei EGA homologatzeko IDEIA plazaratu duela, Urgellen hitzetan. Ez bazenekiten, hementxe irakurri eta listo.

Nire kasuan, halaxe ikusten dut gertaera-segida, euskara sustatzen duela dioen gobernuaren testuinguruan:

1. Jaitsi dira euskaltegientzako dirulaguntzak (%12), eta erruak EUDEL, udal eta Jokin Bildarratzen artean banatzen dira, haiek demonizatuz.

2. Hezkuntzako aurrekontua ere jaitsi da, baina behera doan A ereduari emandako laguntza, aldiz, igo egin da, B eta D ereduetakoa jaitsi den bitartean.

3. Kanpo-irudia zuritu beharra ikusten zuen Gobernuak aurreko puntu biei erreparatuz eta homologazioaren zunda-baloia bota dute. Eta zunda-baloia diot, hain zuzen ere ideia mailan dagoelako oraindik, proiektua ez da existitzen, ez dago idatziz, ez dago buletinean, ezta legebiltzarrean ere. Hitzen airean soilik geratu da grabaturik.

Dena dela, Urgellek proposamena aurrera eramateko asmoa baldin badu, lehenik eta behin zenbait gauza aztertzea eskatuko nioke:

– Batxilergoa D ereduan amaitzen duten ikasle guztiek EGA maila ematen al dute?

– Zer gertatzen da A ereduarekin? euskara ikasteko eskubidea zapuzten zaien ikasle horiekin alegia? Are gehiago, zergatik igo da hezkuntza eredu horretara zuzenduta dagoen aurrekontu-partida?

– Helduen alfabetatzea zer? Pertsiana jaitsiko dugu? Eta kanpotik datozenak zelan euskaldunduko ditugu? Hemen egonda euskara ikasi nahi dutenei zelan irakatsiko diegu? Dirutza ordaindu beharko dute gaztelania ikastea dohainik den bitartean?

Galdera asko, erantzun gutxi, eta ideia on gutxiago.

Baina titulitis honen guztiaren sastrakan preso, nik bi aukera proposatzen dut:

1. Titulitisarekin jarraitu eta Gaztelaniazko Gaitasun Agiria sortu. Horrela, gaztelania ere nolabaiteko mailan menperatzen dugula ziurtatu ahal izango genuke, eta ez litzateke iruzurrik suertatuko lanpostu batera heldu eta hizkuntza horretan akats barik erredaktatzeko eskatzean. Ikusiko genuke zenbatek aterako lukeen titulutxoa.

2. Tituluak kendu eta edozein lanpostu lortzeko garaian, hizkuntza frogak egin diezazkigutela, maila akreditatzeko, bai gaztelaniaz, baita euskaraz ere. Orduan ikusiko genituzke gaur egun EGA ateratzeagatik kexaka dabiltzanen oihuak eta negarrak aurreko eredura itzultzeko eskeaz, ez baita atsegina behin eta berriro azterketak egiten ibiltzea ezagutza hori ziurtatzen duen tituluaren jabe izanez gero.

Ikusiko duzuenez, gaia ez da hain erraza, baina gaur egun Gobernuan dauzkagun agintariek fribolitatea eta demagogia erabiltzea gustuko dute. Hori bai, maldan behera doaz, argi eta garbi.

Mesedez, euskararen gaiari erantzukizunez hel diezaiokeen inor al da hortik?

8 thoughts on “Gaztelaniaren Gaitasun Agiria. Urgellentzako ideiak”

  1. Ematen du Gaztelaniazko Gaitasun Agiriarena txantxetan diozula. Aldiz, nik uste dut beharrezkoa litzatekeela, eta horrela ikusiko geneuke zein den batxilergoa amaitzen duten askoren hizkuntza maila, baita A ereduan egiten dutenena edota gaztelerazko elebakarreko elkargo autonomoetan ikasten dutenena. Eta zein eredutan lortzen den maila hobea inglesez eta gazteleraz, A, B edo D. Apostu egingo nuke nik …

    1. Ez, ez. Testu amaieran proposatutako aukeren artean Gaztelania Agiria sortzea aipatzen dut.

      Egia da, hizkuntza egiaztatzearen gaia ez da samurra, eta ez da erosoa, baina egiaztatzekotan, biak ala biak egiaztatu beharrean gaudela uste dut. Eta aukerak dira beste titulu bat sortzea gaztelaniarentzat, ala hizkuntza azterketak egitea lanpostu baten hautagai zarenean.

      Edonola ere, eskerrik asko parte hartzeagatik, eta azalpenak zerbaiterako balio izana espero dut.

  2. Selektibitatea egiten dan moduan egin daiezala hizkuntza frogak ere: lehenik eta behin batxillergoa amaitzerakoan lortu behar dan maila zehaztu eta maila horri jagokon azterketa egin. Bidebatez, euskera zein gaztelaniarentzat C1 proposatuko neuke eta ingelesarentzat B2.

    Hala ere, titulu batek ez dau behin betiko ezagutza ziurtatzen. Orokorrean, hizkuntza titulu bat eskuratzean emoten deutsuen ziurtagirian, ezagutzak 2 urtetarako ziurtatzen direla aipatzen dala uste dot.

  3. Gaztelania Gaitasun Agiria asmatuta dago ete deitzen da CACA, Competencia Castellana, ez duzue ba VayaSemanita ikusi???

    1. Ba egia esan ez dut telebista askorik ikusten, baina asmatuta baldin badago ideia, abian jartzea baino ez da falta. 😉

  4. Nik uste Patxiren Jaurlaritzaren “okurrentzia” hau euskara gutxiesteko bidearen jarraipena baino ez dela. Orain diote D ereduan ikasi dutenak saritu nahi dituztela… non gelditzen da beraien proiektu izarra, euskara, gaztelania eta ingelesa maila berean izango zituen eredu bakarra jartzekoa (ez, hezkuntza komunitateko gehienek zioten bezala, euskara oinarri duen eredu eleanitza)?

    Bestetik, nork bermatzen du DBHn edo Batxillergoan matematika, natur zientziak, gizarte, musika edota teknologia D ereduan irakasten duten irakasleak ikasleen maila hobetzeko egokiak direnik? Nork ziurtatzen du irakasleek egunero darabilten euskara maila egokia dela?

    Urgell andereak euskaraz ikasten dutenak saritu nahi baditu (bejondaiola, bai horixe!) hobe luke urte eta erdi honetan esan eta egindako gauza batzuk atzera errepasatuko balitu. Atzoko adierazpenekin kultura sailaren noraeza agerian jarri baino ez zuen beste ezer egin.

    PD.: Ados egon naiteke Aitorrek dioenagaz, baina horrek Selektibitateko hizkuntza frogak parekatzea eskatuko luke. Gogoratzen naiz orain dela ia 10 urte (nik egin nuenean) zelakoa zen gaztelaniazko azterketa eta euskarazkoa, aldiz, barregura edo negargura emateko modukoa.

    PD2.: CACArena ez zuten Vaya semanitan asmatu, Wazemank-en baizik. Bideoa youtuben ikus dezakezu.

Leave a Reply to NIK Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *