Hasi da Barcina bere barcinakeriekin.
Gosaltzen irratia entzuten ari nintzela, gaileta okerreko lekutik sartu zait Iruñako (eta Nafarroako beste zenbait lekutako) urteroko matrakari aditu diodanean: Yolanda Barcinak, hemen aipatuko ez ditugun hainbat ezizen dituen Iruñako alkateak, hiriko auzo batzuetatik ateratzen diren Olentzero ospakizunak salatu ditu “por reivindicativas”, aldarrikapenak direlako alegia, lingua navarrorumez esanda.
Aldarrikapena dela??? Nola ez ba? Euskal kultura kutsua daukan ezerk Nafarroan jazarpena pairatu behar badu? Gogora diezaiogun Barcina andreari Olentzero pertsonaia mitologiko nafarra dela, eta nafar kulturaren barruan dagoela. Ez al luke ba Nafarroako eta Erresuma Zaharreko hiriburuko alkate denak kultura horren alde egin beharko?
Oraindik ikusteko hamaika dauzkagu.
Baina behintzat, gaur Deiako 4. orria irakurri ondoren, “Bogando por la Red” delakoa, Olentzerori aurten eman dioten alderdi ludikoaren berri izan dut. Antza, doaneko bideojokoa dago EGIren web orrian, EAJko gaztediaren web orrian, eta dibertigarria omen da. Probatu beharko.
Ongi etorriak irribarrea ateratzen diguten ekimenak.
Hementxe daukazue informazio gehiago: http://www.nabarreria.com/articles/upnk-baimena-ukatu-die-auzoetako-olentzeroei?utm_source=twitterfeed&utm_medium=twitter