Atzo Ama Hizkuntzen Eguna izan zen, UNESCOren ekimena, eta horrek Nafarroan gertatutakoaren gaineko bi iruzkin emateko bidea eman dit, zoritxarrez.
Alde batetik, Euskarabideak (Nafarroako Euskararen Institutua) ekitaldirik ez antolatzeko agindua jaso zuen, atzo bertan Deia egunkariak salatzen zuen bezala. Bestetik, NaBai-k euskararen aldeko adierazpena eraman zuen Legebiltzarrera.
UPN alderdia ez zen gai izan hitzez hitz honakoa esaten zuen adierazpenaren alde bozkatzeko: “Nafarroako Legebiltzarrak adierazten du lanari irmo ekingo diola euskararen egoera hobetzeko, Nafarroako ondarea baita”. Eskerrak gainerako guztiek baiezkoa eman zuten.
Garbi utzi du beste behin ere Sanz presidentearen alderdiak Nafarroako berezko hizkuntza (Linguae Navarrorum) arrotz sentitzen duela. Bagenekien hori, baina gorrotoa horrela ere hain libre adieraztea ere…
Identitate nazionalak alde batera utzita, zer polita litzateke nork bere lekuan lekuko ondasunak eta altxorrak ondo baloratzen jakingo balu.
Zein izango da UPNren hurrengo helburua? Frontoiak eraitsi? Txapelak debekatu?
Nondik gatozen onartzeko gai ez badira batzuk, zelan jakingo dute ba nora demontre eraman nahi gaituzten?