EiTBn Patxi Lopezi egin behar zioten elkarrizketa ikusten hasi naiz, baina onartu egingo dizuet, sutan jarri naiz eta futbola jarri dut, han behintzat euskaraz entzungo baitiot Azkargorta euskaltzain urgazleari.
Ez ba! Ez da zilegi! Benetan uste al duzue normala dela gure telebista publikoan honako komunikabideen ordezkariak agertzea bakarrik Lopez elkarrizketatzen? El Mundo, El País, Diario Vasco (Vocento) eta EiTB bera (hala aurkeztu dituzte behintzat). Denak abertzale-abertzaleak… baina Espainara begira.
Non geratu dira Deia, Berria edo Gara komunikabideek, besteak beste, Lopezi egin liezazkioketen galderak? Zulo beltzen batean akaso.
Lehendakariak ez du gustuko deseroso jar dezaketen komunikabideei erantzutea. Deiak gaur bertan salatzen zuen bezala, prentsa askatasunaren nazioarteko egunean, atzo alegia, kazetari guztiei erantzungo ziela zin egin zuen Patxik; bi urte darama Deia edo Onda Vascari elkarrizketarik eman gabe ordea.
Lotsagarria da EiTBk lehendakariari ematen dion baldintzarik eta mugarik gabeko babesa, eta lotsagarria era berean, Lopezen jarrera gizartearen parte handi batek entzun, ikusi edo irakurtzen dituen komunikabideei bizkarra ematearren, guztion ordezkari behar lukeela ahazturik.
Hala eta guztiz ere, amaitzeko, elkarrizketa ikusi dudan tarte laburrean, ez nuke lehendakariak esandako zerbait iruzkintzeko aukera galdu nahi. Bilduren ilegalizazioaz, Auzitegi Gorenaren erabakia defendatu egin du, demokraziaren izenean gainera, Ezker Abertzaleak ez omen baitu eman behar haina urrats hauteskundeetan egon ahal izateko. Hitz horiek grabatuta daude, eta zer demontre esango luke bihar Epaitegi Konstituzionalak Bilduren zerrendak baliozkotuko balitu? Egun batetik bestera, Ezker Abertzalearen jarrera zertan aldatu dela esango luke gure mandatariak? Bere berben preso geratu da gure Patxiku.
Zelan izan liteke Lopezek daukan bezalako kargua duen pertsona bat hain arduragabea? Hori da PSEren egiteko eta jarduteko modua, ez zait besterik bururatzen.
Ba lagunok, Bilduk aurkezterik ez badauka, horixe bera da datorkiguna hurrengo lau urteotan, bai aldundietan, bai hainbat udalerritan, hautesleok kontrakoa esaten ez badugu behintzat. Zaila izan da pasatu duguna eta pasatzen ari garena, baina zailagoa izan liteke etortzeko dagoena.
Ados nago zugaz, Ugaitz. Baina Bilduk aurkezterik ez balu, abertzale guztiok bat egin eta protesta egin beharko genuke, hauteskundeak baliogabetzeko eskatu… Neurri hori, baina, aspaldi hartu beharrekoa zan: Ezker abertzalearen aurkako apartheida hasi zenean… Berandu bada be, eska dezagun benetako justizia.
Ezker Abertzalearen apartheida hasi zenean etapa desberdinetatik igaro da Ezker Abertzalea: baliorik gabeko botoa eskatu; beste alderdiren batekin aurkeztu (EHAK); eta beste alderdiren batekin aurkeztu leku batzuetan bai eta beste batzuetan, aldiz, ez, egoera antidemokratikoa guztiz onartuz.
EA, bere aldetik, beti aurkeztu izan da, eta orain gogoratzen da hauteskundeak baliogabetzeaz. Kasualitatea!
Alternatibari buruz ez dut ezer esango, oraintsu hasi baitu bere bidea.
Espero dezagun Konstituzionalak zoramen honi behar bezala erantzutea, baina gauzei dagozkien neurrian begiratu behar zaie.