Zorionak, Isabel Celáa

Ba bai, trikimailurik gabe, ez dago tranparik. Zorionak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuari.

Atzo iragarri egin zuen 2013rako hezkuntza sistemako hizkuntza ereduak  desagertu egingo direla modelo hirueledunari bidea uzteko (zoritxarrez, EiTBren web orrian ez dut berria euskaraz aurkitu).

Erabaki horrek  aintzatespena merezi duela uste dut, eta legezkoa da hala onartzea. Euskararen biziberritzean, hizkuntza ereduak oztopo izan dira azken urteotan. Hasiera baten, trantsizioan, zentzurik izan zezaketen, hain zuzen ere horregatik, trantsizio fase baten geundelako herri honetan. Baina gaur egun, guraso gehienek D eredua (euskarazkoa) aukeratzen dutela ikusita, posible da eredu bakarra ezartzea behingoz.

Belaunaldi berriek euskara ikastea da hizkuntzaren etorkizunerako oinarrietako bat. Ofiziala da, gaztelania den bezalaxe, eta ez dago aitzakiarik gazte edo ume bati bere euskara ikasteko eskubidea ukatzeko. Elkarbizitzarako, eta hizkuntza komunitateen berdintasuna ere bermatzeko, ezinbesteko pausua da.

Euskara eta gaztelaniarekin batera, ingelesa ere irakatsiko zaie (ikastola gehienetan gaur egun egiten ari direna), eta horrek tresna bikaina suposatzen du egunen baten lan-merkatura jauzia ematerako orduan.

Oraindik, dena dela, ikusi beharra dago eredu berri hau zelan egikaritzen den, zenbat ordu eskainiko zaizkion hizkuntza bakoitzari, eta benetan, zelako eraginkortasuna izango duen hizkuntzen irakaskuntzan. Baina lehen urratsa emanda dago.

Hala ere, Gobernu talde honi euskaldunon hizkuntzarekin dituen kontraesan batzuk atzean uztea geratzen zaio oraindik ere, hala nola, Osakidetzan euskarari eman zaion ostikoa, edo forman geratzen diren beste zenbait gai: Jaurlaritzaren bozeramaile den Idoia Mendiak Twitter kontua zein hizkuntzatan erabiltzen duen (%98 gaztelaniaz, %2 ingelesez, %0 euskaraz), hizkuntzaren kalitatea hainbat kasutan (Osakidetzaren web orria, Irekia…), e.a.

Eta azkenik, ahaztu ezin dugun beste kontu garrantzitsu bat: Euskal Herrian hirugarren hizkuntza bat dago, frantsesa. Iparraldea eta Hegoaldea hurbiltzeko, aintzat hartzekoa da ea bide horretan ere erabakirik hartu nahi dugun.

Dena dela, arazoak arazo, eta proposamenak proposamen, esandakoa, zorionak eredu bakarrerako behin betiko urratsa ematearren.

6 thoughts on “Zorionak, Isabel Celáa”

  1. Inorreri zorionak eman aurretik ondorioa ikusi behar da. Burutazio ona edo txarra dela jakiteko haren ondorioa aztertu behar da. Barkatu baina ez dut ondorio onik espero Jaurlaritza onek dituen burutazioekiko, eta hezkuntza zein Euskarari buruzkoa bada, gutxiago. Gehienetan alor horietan dituzten burutazioak dira Euskarari ibilitakoa kentzeko da eta ez bultzatzeko. Ea anka zartzen nagoen eta ustekabea hartzen dudan.

    1. Jakina! Ondorioak ikusi beharko ditugu, baina lehen harria jarrita dago: agur hizkuntza ereduak! Atzetik datorrenak (ziur beste bat etorriko dela) kudea dezala erabakia behar den moduan.

      Milesker zure iritzia plazaratzearren

  2. Ez dakit aldez aurretik poztekoa den. Ikustagun, txarrenean jarrita zentro batek aukeran dauka 20 euskaraz, 20 gaztelaniaz, 20 ingelesa edo fr. al., eta 40 aukeran; 40 hori gaztelaniaz aukeratzen bada zentro horretan 60 izango dugu gaztelaniaz, 20 ingelesez eta 20 euskaraz. Ez dakit zer gaitasun linguistikoa izan dezakeen inongo ikaslek proportzio horrekin. Atera kontuak PPk Valentzian ezarri berri duen ereduarekin alderatuta: 33 valentziera, 33 gaztelania, 33 ingelesa. Iruzkin askok diote valentziera-Valentziako katalana errekara doala halako “aurrerapenarekin”, berdin antzera Balearretan eta Galizian. Beraz, halako aldaketak datozen aldetik datozela, hobe genuke erreparoz eta susmo txarrez hartuko bagenitu.

    1. Eta ados nago diozunarekin. Nik txalotzen dudana eredu bakarra da, eta uste dut azaldu egin dudala, ez dakigula oraindik zelan egikarituko den.

      Baina zalantza barik, ereduekin amaitu beharra zegoen. Hauek egiten ez badute, atzetik datozenek izango dute aukera gauzei behar den moduko forma emateko, baina oso urrats inportantea emanda: agur A ereduari!

  3. Hala izan bedi. Baina mila begiz erne eta zuhur ibili beharko dugu agintariok behetik berdindu ez gaitzaten eta beti bezala euskaradunok galduan atera ez gaitezen (biktimismorik ez arren! Egia berdaderoa bai, ordea).

Leave a Reply to hitzaketahotsak Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *