Aste honetan ziztu bizia hartu du Interneten Iñaki Perurena protagonista den bideo batek. Bertan, harrijasotzaile ohiak errepaso handia ematen dio kazetariari (Bilbovisioneko Manu delakoa) hark nafarra dela esaten dionean, eta ez euskalduna. Hemen duzue bideoa:
http://www.youtube.com/watch?v=kcqYNkI3PnYNire ustez, oso adierazgarria da bideoa, batez ere xehetasun txiki batengatik. Perurena gehien haserretzen den momentua kazetariak “jakintsu” (sabio) deitzen dionean dator. Ordura arte, Perurenak bere euskalduntasuna azaltzen du, zergatik den euskaldun, besteok garen bezalaxe. Baina ez du ulertzen berak naturaltasunez ikusten duen zerbaiten, eta azalpen arrazoitua eman ostean, besteak “jakintsu” deitzea, Iñakik naturaltasunez hitz egiten duelako, bihotzetik ateratzen zaiona argudio historiko eta soziolinguistikoz janzten duelako, bizi den herria ezagutzen arduratu delako.
Perurena jakintsua al da ala Manu arduragabe galanta? Hortxe dago koska, hortik datorrela haserrea eratortzen dut nik.
Erdaraz (gaztelaniaz kasu honetan) hitz egitean vasco eta navarro erraz desberdin genitzake, banaketa administratiboak dakarren laguntzaz gehiago. Baina euskaraz? Nafarra eta euskalduna? Nafarra ala euskalduna? Euskaraz dakien nafarra ez al da euskalduna? Euskalduna da euskaraz dakielako soilik? Euskaraz dakien nafarra ez da euskalduna eta gaztelaniaz soilik dakien “euskotarra” (baskoa) euskalduna da? Gogora dezagun Euskaltzaindiak “euskaldun” berba gentilizio modura onartuta duela ere bai.
Garbi daukat, eta abestiak argi zioen, “guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara, nahiz eta hitz ezberdinez, bat bera dugu hizkera”.
Naturaltasunez ikusiko bagenu naturala dena, bistara zein entzumenera naturalki agertzen zaiguna, hamar mila pausu aurrera emango genuke gure herrian eta gure gizartean.