Txapela kendu eta ibili munduan

Adarra jo nahi digute, gero eta garbiago daukat.

Blanca Urgell, EAEko Kultura sailburua, “modernoen” konplexuekin atera zaigu gaur bertan. Euskal kultura ez omen da irekia, ez omen du balio mundura zabaltzeko eta honakoa adierazi du: “Ez da zilegi Euskadi uharte kulturala izatea”

Berbok, horrela hartuta, era bikainean ulertzeko aukera daukagu. Euskadi, orain arte, kulturaren uhartea izan bada, horrek esan nahiko du kulturari balio berezia eman zaiola gure artean, munduko beste lekuetan ez bezala. Nik ez dut hor bekaturik ikusten.

Zoritxarrez, Urgellek esan nahi duena mingarria da, eta benetan atsekabeturik nago.

Baina hel diezaiogun, lehenik eta behin, testuinguruari. [Enlace roto.], eta berriztatze horrek eragile asko utzi ditu kanpoan, denak beren-beregi euskal kulturarekin zerikusia dutenak.

Urgellek, Radio Euskadin egindako adierazpenokin, zera diosku, euskaldunok oso itxiak garela, geure zilborrari bakarrik begiratzen diogula, eta nola ez, badela garaia txapela burutik kentzeko, baserritik ateratzeko eta mundura zabaltzeko.

Lotsagarria ez, IRAINGARRIA. Zer proposatzen digute Urgellek, eta luzapenez, Eusko Jaurlaritzak? Gure nortasunari uko egin behar diogula munduari so egiteko.

Badirudi gobernu honek ahaztu egiten duela mundura begiratzea ez dela nortasuna atzean uztearen sinonimo. Euskaraz egin diezaiokegu munduari, munduan euskara berezia delako, eta kanpotik barrutik baino gehiago estimatzen dutela ematen duelako.

Munduan, esaerak dioen bezala, txapela buruan ibil gaitezke, nor eta zer garen erakutsi, baina besteak ere nor eta zer diren ikasi eta ulertuz. Batak ez du bestea kentzen.

Nola zabalduko dizkiogu ateak munduari gurea dena estimatzen eta maitatzen ez badugu, gurea denaz lotsatzen diren agintariak baldin badauzkagu?

Hain modernoa den “lokaletik globalera” esaldia gogorarazi nahi nioke espazio xume honetatik sailburuari. Fermin Muguruzak, mundu osoko musikari irekia dagoen musikaria, ondo baino hobeto azaldu zuen: “euskalduna naiz, eta harro nago”.

Bueltatxo bat emanda esaldiari, sailburuari oparitu nahi diot nire egokitzapena: euskalduna naiz, eta ez naiz lotsatzen.

8 thoughts on “Txapela kendu eta ibili munduan”

  1. Ugaitz zurekin bat nator. Ez da lehenengo aldia esaten dudala, bainan, errepikatuko dut. Nun daude hauteskunde kanpainian egon zirenak Lopez jaunarekin bat? Lotsik ez al dute bere oneriritsia eman zutelako? Xabier Mendiguren, Urrutia jauna…
    Eskerrik asko beraiei

    1. Eskerrik asko bloga jarraitzeagatik.

      Ez nuke atzera begiratuko egiten duguna baino sarriago. Atzokoak atzo geratu ziren, baina orain oraingoak konpon ditzagun, geroago geroko gutxiago izateko

  2. Erabat ados zurekin. Konplexuz betetako jendea dugu hau. “Moderno” hitzarekin eta kontzeptuarekin berarekin jolastea gustuko dutenak, baina hitz hutsala benetan beren ahotan. Zuk diozun bezala, iraingarria da, eta okerrena behin eta berriz horren inguruan ari direla eta, azkenean, haserrearazi egingo gaituzte (ni halaxe nabil) eta ez du elkarbizitzarako ezertan lagunduko. Urgellek niri “moderno” izaten erakutsi behar dit? Has dadila ba betaurreko zatar horiek aldatzen, beharbada orduan “konbentzituko” nau. Hau pazientzia!

    1. Bai, Andoni. Hau guztia haserre bizian jartzeko modukoa da.
      Esaten dutenaz kontziente dira? Egin, egin… ez baitute gauza handirik egiten. Hori bai, desegiteak euren neurrira egindako lana ematen du.

  3. Blanca Urgell, Patxi López eta enparaduekin Euskadi benetako “uharte kulturala” bihurtuko da; bere berezko kultura (hainbeste defendatu ohi duten estatutuan dioenez, herri honek “euskara du berezko hizkuntza”) babestu eta bultzatu beharrean, edozelako “tutti-fruti” guaiak planteatzen dituzte, hemen herririk, hizkuntzarik edota kulturarik ez balego bezala. Antza denez, beraiek etorri aurretik kezko seinaleekin komunikatzen ginen…

    Ondo dago kulturen arteko harremana bultzatzea eta babestea, gure herrietan gero eta jende gehiago etorri zaigu kanpotik azken aldian, eta hori aberastasun-iturri itzela dela uste dut. Baina gobernu batek badu kulturarekin eginkizun bat: herriaren kultura (ze identitatioa atera zaidan…) babestu eta bermatzea, kanpotik datozenak kultura horretan integratzea, etab. Inork imaginatzen al du ZP bat-batean espainieraren defentsa egin beharrean eskoletan arabieraz irakatsi beharra defendatzen? Espainiako gobernuari (zer esanik ez Frantziakoari) ez zaio burutik pasatzen bere lehentasunetan gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat babestea (ezta katalana, galegoa edota euskara ere), baina Jaurlaritzako hauengatik izanez gero, maila berean jarriko lituzkete guztiak… hori bai, “elebitasun integratzailea” (gaztelania hutsean funtzionatzen duen elebitasuna, alegia) bultzatzeko.

    Zer kultura mota landuko dute hauek, besteak beste Bertsozale Elkartea kontseilu horretatik kanpora botata? Rociiiiiiito eta farandula guztia ekartzea baino ez zaie falta martxa honetan.

  4. Hori guztia Jon Juaristiren izendapenari gehituta Euskararen Aholku Batzordean…
    Dardarka.

    Milesker Xabier

  5. Gaur entzundakoekin, badirudi Antonio Basagoiti izango dugula euskararen babesle hemendik aurrera. Buruz beherako munduan bizi ote gara honezkero? Zer broma klase da hau? Zure iritzia jakiteko desiatzen…

    1. Horrek post oso baterako emango luke. Ea astirik daukadan eta errealitatearen egunerokoak ez duen berri hori beste batekin estaltzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *