Pandoraren kaxa barruan

Egun tristea da gaur, odolaren ilunak itzala paratu du gure herriaren gainean beste behin ere.  Zama astuna daramagu soinean, urte eta urteetako gatazka armatua, zulo beltz baten.

Mina, negarra, amorrua… hurbil hurbiletik ezagunak zaizkigun sentimenduak dira. Herri baten izenean hiltzen duenak herritar guztioi  ezartzen digu bizkar gainean eraman beharreko lotsa alde batetik, eta mespretxua bestetik. Lotsa nahiz eta erantzukizunik ez izan, eta mespretxua zure izena ere erailtzeko erabili dutelako.

Sorgin gurpila den gatazka eta erokeria honen itzalpean, noiz ikusiko ditugu egunsentiaren lehen argi errainuak? Noiz izango gara benetan aske? Noiz bota ahal izango ditugu behingoz lasaitasun hasperenak?

[Enlace roto.] edo ETAkide batek. Odola.

EFE agentziak Facebooketik ateratako euskal gazte baten argazkia zabaldu du, eta ez zen atxilotutako ETAkidearena. Arduragabekeria.

Jon Anzaren heriotzari buruzko ikerketek bere horretan diraute bien bitartean. Opakutasuna.

Herria gaixo daukagu, gizartea nazka eginda eta itxaropena… Pandoraren kaxa barruan, noiz aterako zain.

Basagoitiren nagusitasun morala

Gaur egun politikoki zuzena zer den eta benetan pentsatzen denaren arteko mugak ez daude hain garbi. Politikan, edozein arlotan baino gehiago agian, esaten dena tentu handiz zaindu beharra dago.

Baina antza, politikan aritzeko modu berriak jarri dira modan. Irribarretsu eta hizkuntza hurbila erabiliz, gaztelaniaz “buenrollismo” izena har dezakeena, edozer gauza esateko lizentzia erosita daukagula dirudi.

Ezinezkoa da pertsona bakoitzaren buru barruan nabigatzea eta benetan zer pentsatzen duen asmatzea, baina argi dago ezin dugula beti lasaitasun osoz esan pentsatzen duguna.

Antonio Basagoitiren ahozko beherakoa larria da oso. Bere azken adierazpenak ezkutuan pasatu dira gaurko prentsako [Enlace roto.] bateko azken paragrafoetatik, baina nire alarma guztiak biztu egin dira: “EAJ beti jarri da terrorismoaren kontra eraginkorra izan den ororen aurka”. To! Hori da gibel-handia izatea!

Esan duena benetan pentsatu egiten badu, salaketa garbia da, terrorismoarekiko elkar-hartzea, sustapena. Bihoa epaitegietara. Baina epaitegietara salaketa jartzera joango ez balitz, eta barkamenik eskatuko ez balu, ondo baino hobeto dakit nork jarri beharko lukeen salaketa, EAJk hain zuzen ere, irain garbia baita. Eta iraina da ez bakarrik alderdi politiko horrentzat, iraina luzagarria da abertzale asko eta askorentzat, terrorismoaren kontrako jarrera garbia daukagun eta erakutsi dugun abertzaleontzat.

Ez da onargarria. Nik ez dut horrelako politikaririk nahi, horrek ez baitu elkar ulertzerako jarrerarik erakusten, horrek erakusten duena da harropuzkeria eta garbizalekeria morala, edonor eta edozeren gainetik nola edo hala gailendu nahia, edo gainetik sentitzea.

Basagoiti jauna, ¡váyase!

Kontuz! Herria PAUSEn dago

Benetan diotsuet, zinez, oso zaila da egun bateko atsedena hartzea eta blogean ezer ez idaztea. Gaiak pilatu egiten dira mahai gainean, posta elektronikoan, sare sozialetan…

Hala ere, Blanca Urgellentzat, EAEko Kultura sailburua, ez dago ezer. Tira, bai, zerbait badago, bat eta bakarra, txiste txarra egiteko baimena eskatu barik, urgellte edo larria den gaia, letra larriz: indarkeria, ETA.

Ez dut zertan nire kontzientzia zuritu inoren aurrean, baina argi gera dadila irakurtzen jarraitu aurretik: ETA sobera dago herri honetan eta edonon. Nik ez dut su-etenik nahi, nik armak sumendi batera bota ditzatela aholkatzen diet, eta diru beltza Gobernuz Kanpoko Erakunde bati ematea.

Argibidea eman ostean, zer uste du Kultura sailburuak? Herritarrok aldaketaren anestesiarekin lokartuta gaudela? Picassoren Guernica Euskadira ekartzearekin adarra jo digu Urgellek. Eskaera hori gutxietsi du sailburuak oso argudio xelebrearekin: [Enlace roto.], eta nola ez, garrantzitsuagoa den hori ETArekin amaitzea da.

Ez diot arrazoia ukatuko sailburuari, egia da, ETA gure bizitzetatik ateratzea Guernica Euskadira ekartzea baino garrantzitsuagoa da, erabat, ados. ETA ZER? Zer demontre esan nahi digu horrekin? Ezin dela ezer ere egin ETAren zama bizkar gainean daukagun bitartean?

Krisiaren kontrako neurri doiagoak eta eraginkorragoak eskatzen ditugula? Ez, gai garrantzitsuagoak dauzkagu mahai gainean.

Jantokietako begiraleek hamaika greba antolatzen dituztela? Hori ez da garrantzitsuena.

Urdaibaiko zonaldea berpiztu beharra dagoela? Tira, laaaaaaasai, oraindik ez dugu ETArekin amaitu, eta bertoko biztanleek itsasoko arrainak jan ditzakete, ezta?

Euskal Telebista Publikoaren gainbeherarako balaztarik ez daukagula? Bai, beno, beste telebista kate batzuk daude… eta Espainiako informatiboak dauzkagu,  salbu gaude.

Patxi Lopezek ez diela erantzun onargarririk ematen herritarrek planteatzen dizkioten galderei? Barkatzekoa da, zelan ez, burua bakegintza prozesuan murgilduta dauka (ea itotzen ez zaigun, kontuz).

Azken baten, herria PAUSE egoeran daukagu. Ez aurrera, ez atzera, inportanteenak eta bakarrak betetzen ditu agendak, eta herri honek, bien bitartean, ez du ezertarako eskubiderik.

Hau miseria!

Martxoaren 8a, hotzarekin datorren eguna

Hotz jaiki gara. Ziklogenesiaren osteko barealdia izotz eta elur moduan etorri zaigu Euskadiko bazter guztietara.

Martxoaren 8a da gaur, Emakumearen Nazioarteko Eguna, eta fede onez,  euskal alderdi politikoetako gazteek egun honi ongi etorria nola eman dioten  aztertu nahi izan dut, eurak omen baitira etorkizuna.

Ba, antza denez, hotzak sorgortuta edo, hoztasunez hartu dute gaurkoa orokorrean. Eguerdia nahiko pasatxo denean, gazteen web orrietan ez da ezer ageri, aipatu beharreko hiru salbuespen kenduta: Euzko Gaztedi, EAJren gazteak, Iratzarri (Aralar) eta JSE-Egaz, PSEren gazteak.

Iratzarriren adierazpena

Ez Gazte Abertzaleak (EA), ez Nuevas Generaciones (PP), ezta EB Gazteak ere.

Emakumeen borroka zoritxarrez oraindik amaitu ez den 2010 urte honetan, hiru gazte erakundek bakarrik hartu dute emakumea aintzat. Gaur egun emakumea izateari, gazte izatea gehitzen badiogu, ematen du beste erakundeek izan beharko luketela zer esanik data honetan, ezta?

Beste gauza bat da euskararen presentzia, eta JSEk  ez du aintzat hartzen euskaldunon hizkuntza. Hori ere penagarria, gaur egun gazte gehienak euskaldunak dira-eta. Gazteongana hurbiltzeko modu polita.

Eta euskarari heldu diogula, JSEk erreferente daukan Patxi Lopezek  gaurkoa aukeratu du Twitter bidez internauten galderei erantzuteko, Irekia atariaren bidez. Bada lehendakari jaunari euskaraz egindako galdera baten aurrean, galdera itzuli egin zaio eta erantzuna gaztelaniaz eman. Kasu horretan, ez du merezi zer esan duen horri ezta jaramonik egiteak ere, errespetu falta galantagatik hain zuzen ere.

Baina martxoaren 8a da gaur, eta ez da emakumeei besarkadarik, zorionik edo halakorik emateko unea bakarrik, ez, gaurkoa gizonezkoon konpromisoa berretsi eta sendotzeko eguna da, eta asko eta asko horretan gabiltza.

Hotzak berotasunari atea zabalduko diolako.

%96ko B eta D bitaminak

Hori da [Enlace roto.], eta horrela onartu du EAEko gobernuak.

Are gehiago, gobernuak ikastetxeko hogei eskaera  exijitzen zuen A ereduko ikasgela zabaltzeko, PPk muga hamabostean  jartzen zuen bitartean. Bada, ez da ezta hamabostera heldu den kasurik egon Erkidego osoan.

Dena dela, argi dago ez dutela amore emango, ez diotela gizarteari entzungo. Gaur Arantza Quirogari (Legebiltzarreko presidentea eta PPkidea) Xabier Lapitzek eginiko elkarrizketa entzun dut Onda Vascan, eta A ereduarekin tematuta daudela ezin ageriago utzi du.

Orain arazoa ez da 15 eskaera egotea ikastetxe baten, ez. Orain, noski, ikastetxe bat baino gehiagotako eskabideak batuta, tira, ikasgela batzuk zabaltzeko ematen duela esan du Quiroga andreak, hortaz egon badagoela eskaririk.

Ez zaio axola zer nolako hizkuntza mailarekin ateratzen diren eskolatik, ez zaio axola elebitasuna, ez zaizkio axola bertoko umeen eskubideak; umeen eskubidea baita hizkuntza biak jakitea, eta gurasoen erantzukizuna da hori bermatzen saiatzea, hala nola administrazioaren beraren erantzukizuna ere bai.

Baina ni Legebiltzarreko presidenteak egindako baieztapen batekin geratu naiz. Agian oso zeharka jarri diote arreta entzuleek, beharbada ez dira bere garrantziaz ohartu, baina Quirogak zera esan du, “gauza bera esango nuke D ereduarekin gertatuko balitz” (itzulpen librea, jakina).

Hortaz, txaloak eta bibak botatzeko moduan gaude euskaldunok. Hori bada PPren jarrera, imajinatzen dut Nafarroako Erkidegoko eremu guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu egingo dutela, ezta? Hala ere, ez dakit zergatik, baina uste dut ez dela horrela izango.

Mesedez, lehia gehiagorik ez hizkuntzarekin, eredu bakarra behar dugu hezkuntzan, herri honen hizkuntza ofizial biak behar den moduan ikastea berma dezakeen eredua. Gizarteak eskatzen duelako, eta euskarak merezi duelako.

Bien bitartean, zenbaiten erasoek makal ez gaitzaten,  batez ere D bitamina hartzen jarraituko dugu euskaltzaleok.

Euskalerria irratiaren aldeko epaitza

Nafarroako Gobernuak euskararekin duen jarrera ez da orain azaleratuko dugun gai berria, mamitsua izan arren. Agian beste baterako utziko dugu horri buruzko azterketatxo sakonagoa.

Oraingoan berria Nafarroatik datorkigu, bai, baina berri ona da. Berria egunkariak jasotzen duen titularra irakur dezakezue jarraian:

Epaitzak ez du gora jotzeko biderik uzten.

Euskalerria irratiaren kasua bitxia da benetan, eta bitxia hitza darabilt egoera batzuek merezi duten izena publikoki ez adierazteko eta irakurleon begiak ez zikintzeko. Kasua da, Nafarroako Gobernuak 1998an ere, euskaraz emititzen duen irrati hau lizentzia banaketatik kanpo utzi zuela.

Orduan, Euskalerria Irratiak auzia irabazi zuen, baina 2006an lizentzia gabe utzi zuten berriro ere, eta auzitegietarako bisita antolatu zuten bigarrenez. Eta bigarrenean ere, irabazi.

Garbi dago Miguel Sanzi euskarak destorbu egiten diola, eta “aniztasuna” eta “pluraltasuna” bezalako hitzak ahoa betetzeko bakarrik ahoskatzen dituela, EAEko bere homologoaren antzera; baina ematen du justiziarik badagoela kasu batzuetan.

Nafarrek euren “Lingua Navarrorum” den euskara entzun, hitz egin eta irakurtzeko eskubidea dute, eta Euskalerria irratiak eskubide horiek apur bat urreratzen dizkie.

Ulertzen dut zein zaila izan daitekeen euskalduna eta nafarra izatea, baina Euskal geografiako beste leku batzuetatik honako mezu hau: gogoan zaituztegu, eta zuekin gaude.

Gaurkoz amaitzeko, Zaldieroa marrazkilari nafarraren biñeta batekin amaitu nahiko nuke idazten, Nafarroako gure neba-arreben omenez.