Kazetaritza objektiboa Gara egunkariarena

Esaten da gaztelaniaz txistua gora botatzen duzunean, azkenean, gainean jausten zaizula. Eta hala da, askotan, intentziorik onenarekin esandako hitzak irentsi behar izaten ditugu egoerak aldatzen direlako, iritziak ere aldakorrak direlako, ikuspegi desberdinak jorratu ditugulako, e.a.

Baina kuriosoa da gauza alderantziz gertatzen denean, hau da, txistua gora bota beharrean, zuzenean zure buruaren gainera botatzen duzunean.

Quiroga EAEko PPren presidente, eta antza, Garak salatzen duena da ez dela prozesu demokratikorik egon alderdiaren barruan. Erraza da eurentzat hori orain esatea, baina badirudi ez zutela berdin pentsatzen EH-Bilduk, ez dakigu zehazki zelan, Laura Mintegi aukeratu zuenean lehendakarigai. Orduan ez zitzaion hautaketa-prozesuari aipamenik egin eta dena ziren hitz goxoak.

Gogoan daukat, duela urte batzuetako CQC telebista saioaren barruan “Ética Periodística” izena zuen ataltxoa. Agian denbora luzeegia eman zuten “La Razón” egunkariko adibideekin.

Gaztelania euskararen gainetik aurkezteko trikimailuak

Atzo, RAEk (Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademia) [Enlace roto.] egin zion euskarari, 300 urteko historian, lehen aldiz.

Hitz politak eskaini zizkioten bertan euskarari: “euskara ez da horma, zubia baizik” (Aizpea Goenaga), “gizartearen elementu bateratzailea” (Wert ministroa), e.a.

Leku eta kolore guztietako ordezkaritza izan zen Madrilen: EAJ, Amaiur, Eusko Legebiltzarreko presidentea, PPkoak, PSEkoak, katalanak, galiziarrak… Nafarroako Gobernuko ordezkaritza falta izan zen bakarrik, baina ezaguna da Nafarroako Gobernuak euskarari dion begirunea.

Horretaz guztiaz gain, ordea, ekitaldiak berak, hitz horien guztien azpitik, islatu nahi zuen mezuari erreparatu nahi diot. Tira, islatu nahi zuena ez dakit, baina behintzat, nire ikuspegitik islatzen zuena.

Saretik apur bat trasteatzen ibili ondoren, ez dut aurkitu RAEk beste hizkuntzaren bati eginiko omenaldirik. Zergatik euskara orduan? Ba nire ustez, horrela garbi geratzen delako zein den hizkuntz nagusia eta zein menpekotasun egoeran dagoena. Nagusitasunetik, etnozentrismotik eginiko omenaldia iruditzen zait, edo gutxienez, seguru kutsu hori nabarituko dutela euskal herritar askok.

RAEk halakorik egitea ohikoa balitz, noiz edo noiz suahili edo txekiarrari omenaldia egin izan balie, akaso, atzoko ekitaldia ez litzateke susmagarria izango. Baina euskara aukeratu dute euskaldunoi bizkarrean zapladatxoa emateko, “ei! lasai! Oso jatorrak zarete eta Espainian asko maite zaituztegu”.

Jakin badakit halako ekitaldiak kritikatzea zaila dela, horregatik ulertzen dut alderdi abertzaleak bertara hurbildu izana: nola esango dute, bada, ezetz? Omenaldia da! Ba bai, ulergarria oso, baina nik behintzat, ezin dut burutik kendu horren guztiaren azpian dagoen edo egon daitekeen espainiar nagusitasunaren erakustaldi publikoa, eta harrapatu egin gaituzte.

Dena dela, eta pentsatzen duzuena duzuela ere, eztabaidarako tarte handia zabaltzen duen ikuspuntu hau jarri nahi nizuen begien aurrean. Ea zer deritzozuen.

%96ko B eta D bitaminak

Hori da [Enlace roto.], eta horrela onartu du EAEko gobernuak.

Are gehiago, gobernuak ikastetxeko hogei eskaera  exijitzen zuen A ereduko ikasgela zabaltzeko, PPk muga hamabostean  jartzen zuen bitartean. Bada, ez da ezta hamabostera heldu den kasurik egon Erkidego osoan.

Dena dela, argi dago ez dutela amore emango, ez diotela gizarteari entzungo. Gaur Arantza Quirogari (Legebiltzarreko presidentea eta PPkidea) Xabier Lapitzek eginiko elkarrizketa entzun dut Onda Vascan, eta A ereduarekin tematuta daudela ezin ageriago utzi du.

Orain arazoa ez da 15 eskaera egotea ikastetxe baten, ez. Orain, noski, ikastetxe bat baino gehiagotako eskabideak batuta, tira, ikasgela batzuk zabaltzeko ematen duela esan du Quiroga andreak, hortaz egon badagoela eskaririk.

Ez zaio axola zer nolako hizkuntza mailarekin ateratzen diren eskolatik, ez zaio axola elebitasuna, ez zaizkio axola bertoko umeen eskubideak; umeen eskubidea baita hizkuntza biak jakitea, eta gurasoen erantzukizuna da hori bermatzen saiatzea, hala nola administrazioaren beraren erantzukizuna ere bai.

Baina ni Legebiltzarreko presidenteak egindako baieztapen batekin geratu naiz. Agian oso zeharka jarri diote arreta entzuleek, beharbada ez dira bere garrantziaz ohartu, baina Quirogak zera esan du, “gauza bera esango nuke D ereduarekin gertatuko balitz” (itzulpen librea, jakina).

Hortaz, txaloak eta bibak botatzeko moduan gaude euskaldunok. Hori bada PPren jarrera, imajinatzen dut Nafarroako Erkidegoko eremu guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu egingo dutela, ezta? Hala ere, ez dakit zergatik, baina uste dut ez dela horrela izango.

Mesedez, lehia gehiagorik ez hizkuntzarekin, eredu bakarra behar dugu hezkuntzan, herri honen hizkuntza ofizial biak behar den moduan ikastea berma dezakeen eredua. Gizarteak eskatzen duelako, eta euskarak merezi duelako.

Bien bitartean, zenbaiten erasoek makal ez gaitzaten,  batez ere D bitamina hartzen jarraituko dugu euskaltzaleok.