Blog honi lehenengo ukituak nondik eman ez nekiela, euskarari buruzko bi berri txar edo arduratzeko modukoekin topo egin dut idatzizko prentsan, Bizkaiko bi egunkari salduenetan hain zuzen ere: Deia eta El Correo EspaƱol.
Alde batetik, Deiak PP eta PSEren asmoa salatzen du. Lan eskaintza publikoetan, euskararen balioa jaitsi nahi dute merituetan. Hona titularra:
[Enlace roto.]
Laura Garrido popularrak dio “euskarak ez duela gai baztertzaile eta erabakigarria izaten jarraitu behar”. Horiek betiko egia ustelak dira, euskaldunok asper-asper eginda aditzen ditugunak. Zer eta nor da baztertzaile? Hizkuntza bakarra dakiena ala hizkuntza baten baino gehiagotan moldatzen dena?
Gainera, badatozkit galdera gehiago burura: PSEk ez al zuen guztiontzat gobernatu behar? Nola definitzen dute euren normaltasun hori? Euskaldunok ez al gara normalak?
Uste dut ez dela argudio gehiagorik behar, baina bai zerbait gogora ekarri: bi hizkuntza ofizial daude Euskal Autonomia Erkidegoan, euskara eta gaztelania, eta Administrazio Publikoek bermatu behar dituzte inork edo ezerk baino gehiago euskaldunon hizkuntza-eskubideak, orokorrean, gure hizkuntzan aritzeko eskubidea alegia.
Bigarrenik, El Correo EspaƱolen irakurritakoak ez du atzean uzten aurreko berriaren larritasuna. Honatx:
[Enlace roto.]
Argi dago hizkuntza eta hezkuntza direla PPSOE binomioak suntsitu nahi dituen eraikin nagusiak. Eta El Correo egunkariak (Vocentok oro har) joko zikina egiten laguntzen die lan horretan.
PP koldarkeriaz azaltzen zaigu oraingoan, seinalatuz baina azkar baten atzamarra poltsikoan sartuta, ikus ez dakion. Non daude akusazio horien frogak? Zergatik ez dute salaketa jartzen eta gero publiko egiten? Zergatik erabaki dute akusazioa botatzea salaketa barik eta eskolen izenik eman gabe?
Baina hori ez da hondo-hondoan dagoen gaia. PPk zergatik defendatzen du hain sutsuki argi eta garbi porrot egin duen “A” eredua? Arrazoi bakarra dago: euskarak, gure hizkuntzak, traba egiten die, auskalo zergatik, norberak bere arrazoiak pentsa ditzake, baina garden-garden, euskara arazoa da PPrentzat, eta luzapenez, PSErentzat berarentzat ere bai.
Hezkuntza eredu bideragarri bakarra EAEk osatzen duen administrazio-esparru barruan, baita beste batzuetan ere, ofizialak diren bi hizkuntzak irakasten dituen eredua da, hori ezarri eta bermatzea.
Guztion ondarea dira euskara eta gaztelania, eta ezin zaio inori ukatu bietako bat erabiltzeko eskubidea. Eta horretarako, gizarte elebiduna eraikitzea da bidea.
Eta bide horretatik ibiliaz, Deiako titularrean irakurtzen genuena ere konponduko litzateke PPSOErentzat. Gizarte elebidun baterako oinarriak jarrita, etorkizunean ez genukeelako euskararen baremaziorik behar izango Lan Eskaintza Publikoetan, gaur egun, gaztelaniaren baremaziorik behar ez den bezalaxe.
Amaitzeko, galdera tontoa, edo erretorikoa: nork politizatzen du euskara? Nik garbi daukat, eta zuek?