Gaizkiaren ardatza: Osama “Bildu” Laden

Obelixen esaldia datorkit burura behin eta berriro: “erromatar hauek erotuta daude”.

Mundua zeharo zoratu egin zaigu. Bakearen Nobel saria duen Obama, Estatu Batuetako presidentea, publikoan agertzen da pertsona bat erail dutela adierazteko, harro-harro.

Bai, pertsona hori Bin Laden da, terrorista gaizto hura; baina zer estatu demokratikok erailtzen du pertsona bat, aurretiazko epaiketarik gabe gainera, eta gero poz-pozik atera jendaurrean Berri Ona ematera?

Hori da arazoak konpontzeko daukagun edo nahi dugun modua? Ematen du baietz, Europar Batasunak belarriekin txalotu baititu Obama presidentearen jarrera eta erabakia. Orain mundua seguruagoa dela diote, ikusiko dugu zer nolako erantzuna ematen duen hemendik aurrera terrorismo islamistak, zoroak edonon aurki baititzakegu. Nik behintzat, hurrengo hilabeteotan, ez nuke Washingtonera doan hegaldirik hartuko.

Eta… A! Gorpua eta guzti zeukan Obamak hortik gordeta hasieran, baina kasualitatez orain itsasora bota dute. Ikusi Zaldieroak Berrian argitaratu duen zinta.

Eta Euskadin bertan ere, badaukagu gure “malomalosoa”; gertatzen dena da, hemen, “malomalosoak” izen ezberdinak eta identitate anitz hartzen dituela besteok despistatzeko. Hartu duen azken izena “Bildu” izan da.

Bildu horren atzean terrorista gaizto asko dago, eta pertsona onez mozorrotutako beste terrorista pila. Denak dira txarrak, denak kaka. Terrorista baten (irakurri “ezker abertzaleko politikaria”) Facebookeko laguna bazara eta Bilduren haueskunde-zerrendan bazoaz… ILEGALIZAU!!! Bada ez bada. EA eta Alternatiba alderdiek ibilbide demokratiko fina daukatela atzetik? AAAAAAAA!!! Sesiente! Zertarako sartu dira saltsa honetan?

Horiek dira Espainian dauden justizia eta demokraziaren kontzeptuak.

Baina mundua zoratzeko modukoa denez, antzeko egoeren aurrean hauteskundeetara normal aurkeztu diren alderdiek, hauteskundeak aurkaratu nahi dituzte Estrasburgon, Konstituzionalak ez badio Bilduri bere oniritzia ematen. Alderdi horiek EA, Alternatiba eta Ezker Abertzalea bera dira (orain lau urte, leku batzuetan bai eta beste batzuetan ez  esan ziotenean, jokoa onartu zuen arren).

Horren aurrean, zoratzekoa den honetan, zer eskatuko diete gainerako alderdiei? Non jarriko diete onargarritasunaren listoia?

Garai latzak datoz, zoratzeko modukoak hauek ere…

Españokrazia

Egia esan, gaur ez da eguna oso ondo hasi. Sortu ez da sortu, Auzitegi Gorenak banderatxoa altxatu eta jokoz kanpo adierazi du. Hori bai, 16 epaileren artean, zazpik ez zuten ilegalizazioaren alde bozkatu, eta lehenengo aldiz, Alderdien Legeari buruz ari garela, ez dago aho batekotasunik.

Xehetasun ñimiño horrek esperantzarako argi-printzatxoa zabaltzen du, errekurtsoa ezartzeko aukera baitago. Hori bai, maiatzaren 22ko hauteskundeetan Ezker Abertzalea ez da Sorturen markapean aurkeztuko. Ni ziur naiz agertuko direnaz, eta agertu behar dute, baina ikusiko dugu nola (Eusko Alkartasunaren magalean?).

Beste alde batetik, Españokraziaren beste adibide bat izan genuen herenegun Madrilgo Kongresuan. Bertan, estatuan koofizialak diren hizkuntzak (euskara barne) kongresuan erabili ahal izateko proposamena eraman zuten CiU, ERC, EAJ, BNG eta NaBai-k.

Lehen aldiz entzun ahal izan genuen Kongresuan euskaraz hitz egiten EAJko Aitor Estebanen eskutik, eta hori izan zen berririk pozgarriena, PPSOE alderdiak atzera bota baitzuen proposamena.

Bilkuraren akta irakur dezakezue honako estekan, 10. orria eta 16. bitartean doa hizkuntzei dagokiena. Dena den, arreta deitu didaten zatiak zuekin konpartitu nahi nituzke, zuzenean:

1. “Continúa su intervención en euskera.-Varios señores (señorarik ez?) diputados pronuncian palabras que no se perciben”. (11. or) -> Zurrumurruak, aulkian mugitu eta zarata atera… tira, Espainiako politikari batzuentzat errespetuaren sinonimo direnak.

2. Jose Bono (PSOE, Kongresuaren presidentea): “[…] no nos molesta oír hablar en euskera […] apelo a su inteligencia y a su sentido común para que no ponga límite a su comprensión porque, siendo muchos los que quizá quieran entender lo que su señoría decida, no lo hemos conseguido y por eso, no por mí, ni por usted, sino por ellos, por los que quieren escuchar al PNV y no le entienden si no habla en la lengua oficial del Estado, es por lo que le pediría que no vuelva a hacerlo, pero tampoco quiero que pueda decirse que aquí, en esta casa, se limita la libertad de nadie. […] Si quieren hablar en idioma distinto del castellano tienen que cambiar la ley, y en caso contrario, sonriendo, amablemente, le digo que será la última vez”. (11-12. or) -> Bono jarrera ona mantentzen saiatzen da. Ulerkor, atsegin… agertu nahi da, baina ez dago irribarrea erakutsiz agertzen zaizun etsaia baino gauza beldurgarriagorik. Zinismoa da Bonorena: utziko zaitut, baina gaur bakarrik, e? Ez pasatu. Bihartik aurrera, akabo! Eta abisatuta zaude.

3. “El señor Tarno Blanco sube hasta la Presidencia… ¡Es intolerable!

El señor PRESIDENTE: Señor Tarno, le llamo al orden. (El señor Tarno Blanco pronuncia palabras que no se perciben al bajar de la Presidencia.) Señor Tarno, le llamo por segunda vez al orden. […]

(El Señor Tarno Blanco pronuncia palabras que no se perciben). Señor Tarno, si le llamase por tercera vez al orden, tendría que abandonar el salón de sesiones. Le ruego que se calme”. (12. or) -> Tarno Blanco Sevillako PPren diputatua da, eta ez dut uste azalpen handirik merezi duenik aktan jasota geratzen den jarrerak.

4. Astarloa Huarte-Mendicoa (PP): “Ustedes están aquí, como yo, por ser representantes del pueblo español, de la totalidad del pueblo español, no de una de sus partes (baina diputatuak ez al daude probintziaka aukeratuta? ein?) ; pueblo que colectivamente tiene una lengua común que es el castellano. […] es una pieza más del proceso de desmontaje del Estado autonómico que algunos de ustedes vienen persiguiendo en los últimos años. Su planteamiento es sencillo: lo mío es solo mío, y lo de todos es mío también o no es de nadie. […] no me voy a referir ahora ni a algunos argumentos ni a algunas impertinencias que, lamentablemente, se han vertido por alguna de sus señorías. (14. or) -> gizakume honen aita Madrilgo batzokian euskara irakasle izan zela esan didate, baina apunte hori aparte utzita, adibidez, Autonomien Estatuaren deuseztapena aipatzen du PPren diputatuak, eta azken hilabeteotan, PPri baino ez dizkiot entzun modelo horren aurkako argudiorik sutsuenak ([Enlace roto.]). Beste guztiari buruz, PPren ohiko jarrera, esan dezagun, atzerakoia.

5. Muñoz González (PSOE): “El artículo 3.3 de la Constitución dispone que la riqueza de las distintas modalidades lingüísticas de España es un patrimonio cultural que será objeto de especial respeto y protección por todas las administraciones” (15.or) -> Aipamen hori nabarmentzen dut bakarrik, azkenean, hori esan eta gero, proposamenaren kontrako botoa azaltzen duelako. Eskizofrenikoa.

Horri guztiari [Enlace roto.] gehitu behar zaizkio, eta azkenean, PPkoekin eseri egin zela eta guzti, bere benetako ideologia agerian utziz beste behin ere.

Azaldutako eta erakutsitako osagai guztiak eltzean sartu eta ondo irabiatu ostean, gaur egun daukagun Españokrazia ateratzen zaigu. Zirkua aipatzen zuen politikariren batek duela gutxi, baina Euskadiren kontrako zirku honek ikusleok asper eginda uzten gaitu.

Noiz hasiko gara aurrera egiten?

Oh.: barkatu, baina haserreak batzuetan… Atzo bai, atzo berri onik ere izan zen, azkenean Erkidego Autonomoko kutxen [Enlace roto.] daukagu. Behintzat…

PPSOE eta Alerdien Legearen “mierda” handia

Lasai, baliabide literarioa baino ez da izenburukoa, irakurtzen jarrai dezakezue zikintzeko inolako beldur barik.

Alderdien Legea eta Sorturen legalizazioaren gaiari bueltaka nabilkio azken egunotan, ez baitut mierdarik (merde, Iparraldekoentzat) ulertzen.

Gerta liteke ere nire ulertzeko gaitasuna mierda handi bat izatea, baina Alderdien Legea eta legalizazioaren kasuaren mierdaren hipotesitik abiatuko dut nire iruzkina, ahal den neurrian arrazoituz.

Ea ba, lehen urratsean, PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartu zuten Batasuna legez kanpo uzteko terrorismoarekin lotuta daudelako, eta mundu horrekin ez dutelako garbi apurtzen.

Lehen urrats horretatik Batasuna eta Ezker Abertzalearen hainbat ilegalizazio dator. Tartean, antzeman egiten dira PSOEren gobernuaren keinu batzuk: EHAK Eusko Legebiltzarrean sartzea, udal hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrenda batzuk bakarrik baliozkotu (ia-ia AHTren ibilbidean dauden udalerriak, kasualitatez).

Garai hartan, Ezker Abertzaleak terrorismoa eta indarkeria garbi salatu behar zituela esaten zen, hori zela baldintza joko demokratikoan berriz ere sar zitezen.

Bada momentua heldu eta Ezker Abertzaleak Sortu sortu (barkatu errepikatzea) zuen, gaitzespen eta guzti, garbi, estatutuetan. Momentu horretan, baldintzak aldatu egin ziren, eta hasi ziren esaten Batasunaren ondorengo garbia zela (buru pentsakor galantak), eta jakina, horrek ezeztatu egiten  zuela alderdiaren legezkotasuna. Bazirudien, hortaz, indarkeria gaitzestearekin ez zela nahiko.

Baina azkenik, eta Sortuk zenbat eta garbiago hitz egin indarkeriaren gainean, beste baldintza bat agertu zaigu ZP presidentearen patrikatik: ETA desagertu arte, oso zail izango du Sortuk legezko izatea. Eta lasai-lasai, txo.

Garbi dago, edo hala ikusten dut nik behintzat, Ezker Abertzaleak botere mugatua duela azken baldintza biak bete ahal izateko. Alde batetik, nola demontre ez dira ba izango Batasunaren ondorengo? Ezker Abertzalea da! Euskal Herriko soziologia ez da aldatu, baina ongi etorria izan bedi gizartearen zati baten hausnarketa prozesu baten ondoriozko egoera berri hau.  Eta beste alde batetik, ETA desagertu arte? Ez diot honetan Ezker Abertzaleak eragin ezin dezakeenik, baina hori bakarrik, eragin, inoiz ez da erabaki hori Ezker Abertzale osoaren esku egongo.

Inpresioa da lege malgu bat daukagula Alderdien Legearekin. Gobernuari (eta oposizioari) komeni ahala tira egiten da gomatik edo goma lasaiago utzi. ZER DA, orduan, ALDERDIEN LEGEAK BENETAN DIOENA????

A! Eta beste gauza bat. Balizko legalizazioari buruz presidenteak eta barne ministroak horrenbeste hitz egiteak kolokan jartzen du ere (berriro) Espainiako botere-banaketa.

Eta txaloak eman behar ditugu demokrazian bizitzeagatik, tortura kasuak ikertu ere egiten ez direnean.

Asteburu on.