Agirre lehendakaria: mende erdia

Jose Antonio Agirre Lekube lehendakaria  Parisen zendu zen duela 50 urte, martxoaren 22an. Mende erdia gaur, euskal abertzaletasunaren estandartea, XX. mendeko euskaldunik inportanteenetakoa, karisma handiko politikaria.

Ez dira inoiz nahikoak izango bere garrantzia goraipatzeko egin daitezkeen omenaldiak, ekintzak, oroitzapenak, e.a. Hain da handia bere ekarpena…

Horregatik hain zuzen ere, bere garrantzia hori freskatzeko, horren handia egin zuten gauza txiki batzuen errepasoak pena merezi duela uste izan dut. Gauzarik txikienek igotzen baitituzte aldareetara pertsona baten nortasuna eta izaera.

Ezinezkoa izango litzateke honakoa bezalako idatzi baten guztiak biltzea, baina hona hemen lagin bat:

  • 1931n Gorteetarako diputatu hautatu zuten, bai Bizkaitik (EAJ) baita Nafarroatik ere (foruzale eta katolikoen biltzea)
  • Lau hilabete eta erdi eman zuen Berlinen identitate faltsuarekin, GESTAPOri ez baitzitzaiokeen bururatuko Alemanian bertan bilatzea. Betaurrekoak jantzi zituen bere identitatea nolabait estaltzeko eta naziei ihes egiteko.
  • XX. mendeko bigarren hamarkadan Athleticen aurrelari izan zen, baita pilotaria, igerilaria eta arraunlaria ere.
  • Bilbon sortu zen lehen ikastolako ikasle izan zen.
  • Biolina jotzen zuen.
  • Familiako negozioaren ardura hartu zuen. “Chocolates Aguirre” enpresa apaletik  “Chocolates bilbaínos” sortu zuen beste batzuekin fusionatuz. Athleticeko taldekideek “el del chocolate” deitzen zioten.
  • 1941ean, Estatu Batuetan erbesteratuta, Espainiako Historia Garaikideko irakasle izan zen Columbiako Unibertsitatean (Nueva York).
  • Indalecio Prieto sozialistaren lagun ona izan zen: 1960an, hil baino hilabete batzuk lehenago, berarekin joan zen Mexikora. Latinoamerikan erbesteratuta zeuden Espainiako errepublikanoak gonbidatu zituzten hitzaldia ematera. Diskurtso hunkigarria eman omen zuen, bildu zirenek Errepublikako presidente erbestean izendatu nahi baitzuten. Prietok galdetu egin zien ea zenbat aldiz aipatu zuen Agirrek “Espainia” hitza; ez zuen behin ere aipatu, baina hala ere txundituta utzi zituen.
  • Agirreren Gobernua izan zen Espainiako Errepublikatik demokraziara arte iraun zuen erakunde bakarra. Katalanek eta errepublikanoek ez zuten hori lortu.
  • Bere hiletan pertsonaia ospetsu asko bildu ziren, Robert Schumann tartean.

Hortxe daude Agirre lehendakariaren bizitzaren zertzelada batzuk. Omenaldi txiki hau eta egin dakiokeen edozein, gutxi izango dira.