Lotan nago, begiak itxita…

Erreforma fiskala heltzear dago Gipuzkoara. Bueno, edo Bilduk esango lukeen bezala, “etorri dira inposatzaile hauek herria izorratzera” (haiek beti dira herria). Ez dago gogoratu beharrik, baina erreforma fiskala hiru alderdiren eskutik helduko da, EAEko herritarren gehiengoa ordezkatzen dutenak, gipuzkoarrak barne. Eta Batzar Nagusiek onartuko dute, gipuzkoarren ordezkariek.

IzengabeaGipuzkoako Foru Aldundiko agintariek ondo dakitenez erreforma gipuzkoar gehienek onartu egingo dutela Batzar Nagusien bitartez, tramitea luzatzen saiatzen ari dira. Orain, esaten dute denbora behar dutela erreforma ondo aztertzeko, oso gai garrantzitsua delako.

Hori bai, bitxiak izan dira Bilduk eman dituen pausoak erreforma honekiko. Hasiera batean, guztiz aurka azaldu ziren, hori atzerapausoa zelakoan Gipuzkoan. Orain, ordea, denbora behar dute erreforma ondo aztertzeko, ezin dute arinkeriaz jokatu ([Enlace roto.]). Beraz, ondorioa argi eta garbia da: arinkeriaz jokatu zuten Bildukoek erreformari, akordio fiskalari, lehen unetik, bizkarra eman ziotenean.

Gertatzen dena da konturatu egin direla bakarrik daudela momentu honetan, eta ez direla gai izan herri akordio handi batera heltzeko. Denbora orain? Adarra jotzen? Imajina dezaket, gauero, Martin Garitano kantatzen, agian, ETBko hurrengo “Euskal Kantuen Gaua” prestatzen: lotan nago, begiak itxita…

 

 

 

Aurrena praktika, gero predika

Bilduk eta PSEk eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari zerbitzu guztiak euskaraz emateko, [Enlace roto.] irakur dezakezuenez.  Eta bikain iruditzen zait, ongi etorriak euskararen egoera hobetzeko har daitezkeen neurri guztiak.

Ez dut egoera sakon-sakon ezagutzen, baina ez daukat Aldundia administrazio erdalduna den sentsaziorik. Seguru asko ele bietan emango dira ia zerbitzu guztiak, eta bakarren baten, gabeziaren bat aurki genezake, tekla egokiak sakatuta konpon litekeena. Hortaz, gabezia horiei buelta emateko neurriak jartzen badira, hobe.

Hori bai, garbi daukadana da PSE alderdi erdaldun peto-petoa dela, salbuespenak salbuespen. Hemendik Limarainoko aurpegi puska behar da, PSEk euskararen alde ezer gutxi egin duenean, asko jota kontrako gauza handirik ez, orain eskaera honekin ateratzeko. Eta berriro diot, bikain iruditzen zait eskatzea, baina eskatzeko ere nolabaiteko sinesgarritasuna beharko da, ez? Minimo bat.

Orain arte, ez dut ezagutu euskararen defentsa eta erabilera sutsuagatik nabarmendu den agintari sozialistarik, eta jarrera hori, gobernatu/tzen dituzten administrazioetarako luzagarria da. Oraindik gogoratzen dut “Euskara eta libertadea” izeneko hura…

Aurrena praktika, gero predika.

Bilduk ez du murrizketarik egiten?

Gipuzkoako Gizarte Politika Sailak 5.200.000 euroko murrizketa izan du aurten, PSEk eta Bilduk onartutako “ezkerreko” aurrekontuetan.

  • Diru-sarrerak bermatzeko laguntzak murrizten dira, gizarte-bazterketa arriskua duten kolektiboentzat direnak.
  • Gipuzkoan gero eta hirugarren adineko pertsona gehiago egon arren, Aldundiak ez du ekimenik edo aldaketarik planteatzen, eta gero eta plaza gehiago behar dira egoitzetan.
  • Ez da inbertsiorik aurreikusten eta ez dago partidarik Irun, Elgoibar eta Usurbilko egoitzak eraikitzeko.
  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta bere familiei laguntzeko partidak ere jaitsi dira.
  • Zailtasunak dituzten pertsonak laneratzeko politiketarako partidek 2.000.000 euroko murrizketa izan dute.
  • Gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten entitate eta kolektiboekin hitzarmenak sinatzeko partiden zenbatekoa murriztu da.

Bizi dugun egoera ekonomikoa dela-eta, administrazio guztiak ari dira aparteko ahalegina egiten, ez daukat zalantzarik, baina Bilduk ez duela murriztuko dio behin eta berriro, eta Jaurlaritzan, ez duela murrizketarik dakarren aurrekonturik onartuko. Ba hara non! Gipuzkoan, PSErekin batera onartutako “ezkerreko” aurrekontu “progresista” hauetan murrizketak daude. Eta kontua da murrizketak datozela gizarte zerbitzuen arloan, gizarte politiketan, noiz eta orain, beste administrazio batzuetan eurena beraiena den mamu hau aipatzen duten bitartean.