Nafarroa eta EAE batzearen alde dago Espainiako Gobernua

Atzo Kupoaren Batzorde Mistoa bildu zen Madrilen. Bertan izan ziren EAEko hiru Foru Aldundiak, ahaldun nagusiek ordezkatuta; Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Ogasun sailburu den Ricardo Gatzagaetxebarria barne; eta Espainiako Gobernua, Montoro ministroarekin.

Halako baten aurkitzen ziren lehen aldiz Ezker Abertzalekoak. Martin Garitanok esanda utzi zuen bilerara zihoala arduraz jokatu behar zuelako (besteoi, antzekoetan, arduraz jokatzea egokitu zaigunean, irainak jaso izan baditugu ere). Ardura deitzen dio Garitanok, eta sinesten diot, seguru asko ez delako han agertu loterien zergaren kudeaketa lortzeari esker, Gipuzkoak jasoko dituen 36.000.000 euro besapean dakartzana, Gabonetako loteriako sariari dagokion diru-bilketa alegia.

Baina gaurko bilerako albisterik onena, ezbairik gabe, hauxe izan da: Rajoyren Gobernua Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa fusionatzearen alde dago. Ez, ez, ez jarri aurpegi hori. Azalduko didazue, bestela, EAEko Ogasun sailburua agertzen den argazki honek zer esan nahi duen:

7b4d528cbb60e23cf98ba854bea63cd2
EAEko Ogasun sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria, eta Nafarroako Foru Erkidegoko bandera atzean.

Edo fusioaren alde daude, edo benetan, uste baino bananazaleagoak dira Inperioko Gobernukoak.

Oh.: Imajinatzen duzue Barcinak jarriko zuen aurpegia?

 

Laura Mintegiren analisi xelebreak

Atzo, Laura Mintegik sarrera berria argitaratu zuen bere blogean, eta egia esan, nahiko harrituta geratu naiz edukiarekin, kontraesan nabarmenak igarri baitizkiot.

Falta da lidergoa, ideia argiak, ausardia, besteen posizioetara hurbiltzeko saioa” dio EAJk zuzentzen duen Jaurlaritzaz, baina aurrerago, honako esaldi honekin borobiltzen du bere hasunarketa: “EH Bilduk aspalditxo plazaratu zituen gai nagusiak (eta gai horietan dituen jarrera aurrerazaleak) kontuan hartzen hasi dela EAJ“. EH-Bilduren planteamendu batzuk aintzat hartzen hasi bada Jaurlaritza, zelan esan dezake falta dela besteen posizioetara hurbiltzeko saiakerarik? Badirudi, EH-Bilduren ezaugarri nagusia kontraesana dela, hori da bere identitate-zeinua: lege bidegabeak errespetatu behar ez direla esatea, baina aldi berean, errespetatzea; zabor bilketa jakin baten aldeko apustu irmoa egitea, eta apurka, apustu hori baztertzen joatea (Donostia, esate baterako), e.a.

Gero, despotismo ilustratuaren “tout pour le peuple, rien par le peuple”  esaldiaren itzulpen bitxia egiten digu: “dena herriarentzat, baina ezertxo ez herriarengatik”? Esango nuke “herria aintzat hartu gabe” litzatekeela bigarren parte horren itzulpen hurbilago bat, baina tira, huskeria.

Dena den, Laura Mintegirentzako erantzunik onena Prospekzio Soziologikoen Kabineteak emandakoa da. 2013ko maiatzean, inkestaren arabera, EAJ litzateke lehen aukera EAE osoan, hiru lurraldeetan, eta 27 legebiltzarkideak mantenduko lituzke. Halaber, Gipuzkoan aurrea hartuko lioke EH-Bilduri, eta Bizkaian… Zer esan Bizkaiari buruz? IGO EGITEN DA EAJ. Harrigarria da Bizkaian oraindik igotzeko gaitasuna izatea. 17 puntuko abantaila aurreikusten du inkestak bigarren indarrarekiko, EH-Bildu alegia, eta hain justu, %17,5 litzateke hirugarren indarraren emaitza, PSErena.

Ondo dago Jaurlaritzak eta EAJk hausnartu behar duela esatea eta aholkuak ematea, baina era berean, ez legoke txarto gomendio horiek nork bere etxean aplikatzea aurretik.

 

Aurrena praktika, gero predika

Bilduk eta PSEk eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari zerbitzu guztiak euskaraz emateko, [Enlace roto.] irakur dezakezuenez.  Eta bikain iruditzen zait, ongi etorriak euskararen egoera hobetzeko har daitezkeen neurri guztiak.

Ez dut egoera sakon-sakon ezagutzen, baina ez daukat Aldundia administrazio erdalduna den sentsaziorik. Seguru asko ele bietan emango dira ia zerbitzu guztiak, eta bakarren baten, gabeziaren bat aurki genezake, tekla egokiak sakatuta konpon litekeena. Hortaz, gabezia horiei buelta emateko neurriak jartzen badira, hobe.

Hori bai, garbi daukadana da PSE alderdi erdaldun peto-petoa dela, salbuespenak salbuespen. Hemendik Limarainoko aurpegi puska behar da, PSEk euskararen alde ezer gutxi egin duenean, asko jota kontrako gauza handirik ez, orain eskaera honekin ateratzeko. Eta berriro diot, bikain iruditzen zait eskatzea, baina eskatzeko ere nolabaiteko sinesgarritasuna beharko da, ez? Minimo bat.

Orain arte, ez dut ezagutu euskararen defentsa eta erabilera sutsuagatik nabarmendu den agintari sozialistarik, eta jarrera hori, gobernatu/tzen dituzten administrazioetarako luzagarria da. Oraindik gogoratzen dut “Euskara eta libertadea” izeneko hura…

Aurrena praktika, gero predika.