Argazkiak hitz egiten duenean

Gaur, Urkullu lehendakariaren eta Barcina foru presidentearen arteko bileraren kronikak agertzen dira egunkarietan. Ez dakit bilerak eduki handirik izango zuen, baina bada aurrerapauso bat, bederen, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko harremanak normalizatzeko. Lehen harri koskortxo bat alegia.

Hori esanda, ez nator topaketa horrek eman ditzakeen fruituez hitz egitera, [Enlace roto.] topatu dudan sekulako argazkia iruzkintzera baizik:

lehendakarijauna_12809_1Kasualiatea izan daitekeela ez dut inondik inora ukatuko, baina ez didazue esango argazki horrek gauza gutxi esaten duenik. Argazkiak hitz egiten du.

Alde batetik, herritarraren pare jartzen den agintaria ikusten dugu, makurtu egiten dena, arazoak dituenari ahal duen moduan laguntzeko, keinua serio. Urkullu jauna.

Bestalde, besteen arazoei barre egiten dien agintaria dugu, Barcina andrea. Arazoak arazo, aurrera egiten duena, atzera begiratu barik, ezer gertatuko ez balitz bezala. Horrela deskriba daiteke ere bere agintzeko modua, itsuan aurrera egitea, eta inguruan zer dagoen bost axola.

Bi agintari, bi pertsona, bi jokabide desberdin.

Laura Mintegiren analisi xelebreak

Atzo, Laura Mintegik sarrera berria argitaratu zuen bere blogean, eta egia esan, nahiko harrituta geratu naiz edukiarekin, kontraesan nabarmenak igarri baitizkiot.

Falta da lidergoa, ideia argiak, ausardia, besteen posizioetara hurbiltzeko saioa” dio EAJk zuzentzen duen Jaurlaritzaz, baina aurrerago, honako esaldi honekin borobiltzen du bere hasunarketa: “EH Bilduk aspalditxo plazaratu zituen gai nagusiak (eta gai horietan dituen jarrera aurrerazaleak) kontuan hartzen hasi dela EAJ“. EH-Bilduren planteamendu batzuk aintzat hartzen hasi bada Jaurlaritza, zelan esan dezake falta dela besteen posizioetara hurbiltzeko saiakerarik? Badirudi, EH-Bilduren ezaugarri nagusia kontraesana dela, hori da bere identitate-zeinua: lege bidegabeak errespetatu behar ez direla esatea, baina aldi berean, errespetatzea; zabor bilketa jakin baten aldeko apustu irmoa egitea, eta apurka, apustu hori baztertzen joatea (Donostia, esate baterako), e.a.

Gero, despotismo ilustratuaren “tout pour le peuple, rien par le peuple”  esaldiaren itzulpen bitxia egiten digu: “dena herriarentzat, baina ezertxo ez herriarengatik”? Esango nuke “herria aintzat hartu gabe” litzatekeela bigarren parte horren itzulpen hurbilago bat, baina tira, huskeria.

Dena den, Laura Mintegirentzako erantzunik onena Prospekzio Soziologikoen Kabineteak emandakoa da. 2013ko maiatzean, inkestaren arabera, EAJ litzateke lehen aukera EAE osoan, hiru lurraldeetan, eta 27 legebiltzarkideak mantenduko lituzke. Halaber, Gipuzkoan aurrea hartuko lioke EH-Bilduri, eta Bizkaian… Zer esan Bizkaiari buruz? IGO EGITEN DA EAJ. Harrigarria da Bizkaian oraindik igotzeko gaitasuna izatea. 17 puntuko abantaila aurreikusten du inkestak bigarren indarrarekiko, EH-Bildu alegia, eta hain justu, %17,5 litzateke hirugarren indarraren emaitza, PSErena.

Ondo dago Jaurlaritzak eta EAJk hausnartu behar duela esatea eta aholkuak ematea, baina era berean, ez legoke txarto gomendio horiek nork bere etxean aplikatzea aurretik.