Zein da EH-Bilduren independentziarako bidai-orria?

Abertzale guztion helburua da noizbait Euskal estatu aske baten herritar izatea. Horretan ez daukat nik zalantza handirik. Eta independentziarako helburu horrek lehendakaritzarako kanpaina hau busti egin du, nola ez, Katalunia eta Eskoziako oihartzunak bultzatuta.

Baina independentzia berba, horrela erabilita, azalpen handirik gabe, kontzeptu hutsala da gaur egun, ez da deus. Ez dago oso-osorik independentea den estaturik, guztiek dute nolabaiteko dependentzia beste estatu batekiko, lehengairen batekiko, inportazioekiko edo dena delakoarekiko, baita EE.BB-k ere.

Uste dut askoz ere egokiagoa dela Euskal Estatu terminoa erabiltzea, estatu kontzeptuak dependentzia horiek guztiak onartu egiten baititu bere baitan, baina aldi berean, euskal subiranotasun osoa ere gordetzen du. Eta horretaz, egia da, orriak eta orriak idaz litezke, askoz ere analisi edo entsegu politiko sakonagoen bitartez, baina ez nentorren gaur blog honetara independentzia definitzera. Garrantzitsuak diren ideia pare horiek mahai gainean utzi ondoren, EH-Bilduren independentzia (Euskal Estatu) xede horren azpian zer dagoenari begiratu arin bat eman nahi nion.

Eta xede horretarako, EH-Bilduk oraindik argitu ez dituen zenbait galdera planteatu beharko genizkioke gure buruari, ez baitira nolanahiko itaunak:

1. Laura Mintegik lehendakaritza eskuratuko balu, zeinen independentzia planteatuko luke hurrengo egunean? Bizkaia, Araba eta Gipuzkoarena? Zer egingo dugu Nafarroa (biak), Zuberoa eta Lapurdirekin?

2. Independentziak gizartearen babesa behar du, hori argi dago, baina zenbatekoa? Eta berriro ere, zein lurraldetan?

3. Ba al dakigu ziur zer gertatuko den independentzia aldarrikatu eta hurrengo egunean? Nik badakit arazo handirik ez dela egon, orain arte, Europar Batasunetik kanpoko herrialde berriak Europan sartzeko, baina Batasunaren parte den estatu batetik askatzen den estatu berri batek, lekurik izango luke Europan? Jakin badakit, EAJko legebiltzarkide den Izaskun Bilbaok galdera hori planteatu egin duela Bruselan, baina oraindik ez dago erantzun garbirik.

Hiru galdera horien erantzunik ez diot irakurri edo entzun EH-Bildu koalizioari. Europar Batasunarena ere aipatu dut, gainera, Arnaldo Otegi berberari entzun bainion BECen, larunbatean, Europako euskal estatua nahi zuela. Ez neukan Ezker Abertzalearen europar bokazio horren berri, baina ongi etorri, ados bainago horretan, Euskadi aske baten etorkizuna Europatik pasatzen dela alegia.

Laburbilduz, EH-Bilduren independentziarako bidai-orria ikusi nahi nuke, eurek independentzia erdieste hori zelan planteatzen duten. Bien bitartean, Iñigo Urkulluk plazaratu du euskal auziari dagokion proposamenik sinesgarri, egingarri eta bateragarriena: harreman bilaterala Estatuekin, maila berberean, eta maila horretan, akordioak bilatzea eta euskal gizarteari erabakitzeko eskubidea aitortzea. Zenbat eta autogobernu zabalagoa, orduan eta ongizate maila altuagoa. Eta bide horretan, ahalik eta euskal herritar gehien batu ditzagun abertzaletasunaren inguruan, argi baino argiago ikus dezaten eskumen gehiago duen euskal gobernu batek onurak baino ez dakartzala euskaldun ororentzat.