Gobernuaren aurrekontuak: arin ez, ondo

Hara! EAEko oposizioak dio Eusko Legebiltzarrak arinago aurkeztu beharko lituzkeela 2013rako aurrekontuak. Egoera ekonomiko larriak erabaki arinak behar omen ditu.

Basagoitik bere horretan jarraitzen du, Urkulluren exekutiboari eskatzen eta eskatzen, bera oporretan ikusi izan dugun bitartean, Panticosatik atera ezinik.

EH-Bildu larunbateko presoen aldeko manifestazioarekin okupatuta dago, baina beti dauka tartetxoren bat EAJren aurkakoetara apuntatzeko. A priori, beti kontra, bada ez bada.

UPyD-k, bere aldetik, aprobetxatu egiten du bere betiko mantrak errepikatzeko, alegia Lurralde Historikoen Legeaz eta hizkuntza politikaz hitz egingo dutela eurek aurrekontuak eztabaidatzerako orduan.

Eta azkenik, kasurik larri eta deigarriena PSErena dugu. Lehenengo, euren legegintzaldia uda pasa arte luzatu egin zuten eta hauteskundeak urrirako deitu, gobernu berriaren maniobrarako aukera estutuz eta oztopatuz. Eta ondoren, gobernu berriaren osatze prozesua oraindik %100ean amaitu ez denean, prisak sartzen dizkiote aurrekontuekin. Lotsagabea!

Baina herri honek ez du erabaki arinik behar, herri honek erabaki azkarrak behar ditu, adimentsuak, imajinazioz beterikoak, berriak… zenbaki gorriak, ahal bezain beste, saiheste aldera. Baina horrelako erabakiak hartzeko denbora behar da, eta urrats sendoak eman:

  • Gobernua osatu.
  • Diruzaintzaren egoera ondo ezagutu (ea auditoriak zer dioen).
  • Aurrekontu proiektua pentsatu eta definitu.
  • Gainerako alderdiei aurkeztu proiektua ekarpenak jasotzeko.
  • Adostasunak bilatu.
  • Legebiltzarrean aurkeztu.

PSEk hortaz (eta akaso, Legebiltzarreko gainerako taldeek), ez dauka inolako arazorik ezer eskatzeko, eurek aurrekontuak ti-ta baten prestatzen zituztelako, Patxi Lopezek zigarro bat itzali eta beste bat pizten duen tarte horretan, ziuuuum! Taka! Pentsatu gabe, bote prontoan, horrela gauzak hobeto ateratzen baitira, ezta?

Ba hori izan da aurreko hiru urteetan bizi izan duguna, baina zorionez, gauzak aldatu dira.

Arin ez, ONDO.