Ares jainkoaren gudarostea

Greziarren mitologian, Ares jainkoa gerraren jainkoa zen, erromatarrentzat Marte zena.

Euskadin, antzinako zibilizazio haren jainkoa hezurmamitu egin zaigu, eta Barne sailburu kargua dauka. Izena, behintzat, ez du aldatu Ares jaunak.

Bere gudarostea prestatzen ari da, Espainiaren defentsan, hori baita xede bakarra, eta horretarako bakarrik zuzendu nahi baitu Ertzaintza.

Euskadirentzako eta euskal herritarrontzako izpirituarekin jaio zen polizia integrala barrutik husten ari zaigu, kreditua kentzen, arazo berriak bilatzen eta sortzen…

Azken [Enlace roto.] Ertzainetxeak arakatzeko agindua ematea izan da, ea guztietan Espainiako bandera eta Zeus Patxi Lopezen argazkia jarrita eta ondo jarrita daukaten egiaztatzeko.

Baina ez da horretan bakarrik geratu. Epe laburrera, Ertzaintzan zerbitzu eman ahal izateko, ez da derrigorrezkoa izango EAEn bizilekua izatea. Erabaki hori ulertzen da agente asko, euren segurtasunagatik, EAEren mugetatik kanpora bizitzera joatea erabakitzen dutelako. Baina badauka arazo bat, eta Ertzaintzaren nortasunarekin buka dezakeen erabakia dela, hots, herritik jaio eta herriarentzat lan egiten duen erakundea izatea.

Baliteke hemendik aurrera Estatuko Segurtasun Zerbitzuetarako prestatzen ari direnek Ertzaintzan sartzea aintzat hartu ahal izatea? Izan liteke Euskadin lan egitea, non eta herrizaingoan, Euskadi ezagutu gabe edo hamaika aurreiritzi edukita?

Horri guztiari euskararen ezagutza ia-ia ornamentua dela gehituta, esan genezake Ares Espainiaren defentsarako gudaroste txikiarentzako bidea irekitzen ari dela Elkarte Autonomoan.

Argazkiak kentzea, [Enlace roto.] buruz gezurretan aritu izana, sindikatuek bere dimisioa eskatu izana… elur bola gero eta handiagoa egiten ari diren detaile txikiak dira.

Aresen mitoak dio hegazti sakratuak omen zituela lagun jainkoak, eta horien artean, bere gustukoenak putre andanak ziren. Zein hegazti ote dabilzkio inguruan hegan azken aldi honetan?