Jakin berri dugu zein izango den [Enlace roto.]. Antza, kirola izango da gaia, “Euskalsport” edo, erdia euskaraz eta erdia espainieraz.
Ikusiko dugu, praktikan, zelan banatuko den hizkuntza bakoitzari emango zaion astia. Eta ez astia bakarrik, hizkuntzei garrantzia bera ematen zaiela ondorioztatzeko ez baitugu bakarrik denbora neurtu behar izango, beste zenbait eragile sartzen dira jokoan: prime-time deritzon horretan zein hizkuntza izango da nagusi? Programazioaren kalitateari dagokionean, euskarazko formatuek espainierazkoen kalitateari eutsiko al diote? Kalitate handiagoa izango dute? Berdintsua? Hori guztia, telebista martxan dagoenean aztertu ahal izango dugu.
Dena dela, kate berri honek eman diezazkigun aukerak izan nahi nituzke hizpide gaurkoan.
Kirol-katea izango dela aintzat hartuta, abagune aparta dago Ipar Euskal Herriari leihoa irekitzeko, euskaraz jakina. Frantziar estatuan, futbolaren parean dagoen beste kirol bat dugu, agian futbolaren gainetik, errugbia hain zuzen ere. Frantziako goreneko ligan jokatzen duten bi euskal talde dauzkagu, Biarritz Olympique Pays Basque eta Aviron Bayonnais, Lapurdikoak biak.
Aurten ez dago euskal talderik futboleko Champions Leaguen, eta hala ere, EiTBk sosak gastatu ditu horren eskubideak erosteko. Ba euskal telebista publikoa halako gastuetan sartuta dagoela ikusirik, agian Iparraldeko ikusleei (eta Hegoaldeko errugbi eta kirolzaleei) berri onen bat emateko garaia izan liteke.
Nire aburuz, punta-puntako kirol emanaldiak izango lirateke, elitekoak, eta euskal taldeei hurbileko jarraipena egiteko aukera paregabea. Horrez gain, Iparraldeko euskaldunekin harremanak estutzeko ere balio izango luke, eta EiTBren irudia sustatzeko Bidasoatik harago dagoen Euskal Herriaren zatian.
Euskarak Frantziar Estatuan bizi duen egoera ezagututa gainera, urrats txikia baina sendoa izango litzateke egungo Eusko Jaurlaritzak gure hizkuntzarekiko duen jarrera agerian uzteko.
Hemen eta orain dauka aukera EiTBren zuzendaritza taldeak. Erronkari heltzeko asmorik?