Gaur 75 urte betetzen dira Gernikan zerutik sua zetorrela antzeman zutenetik. Asko dira erakunde desberdinek abian jarri dituzten omenaldiak, ezinbestekoa delako memoria bizirik mantentzeko, ez mendekua ereiteko, arbasoek sufritu zutenaz ikasteko eta aurrera begiratzeko baizik.
Baina erakunde guztiek ez dute detaile hori izan, eta hankamotz geratu gara, hankamotz hain zuzen ere Euskal Erkidego Autonomoko herri-subiranotasunaren ordezkari izan behar duen Eusko Legebiltzarrean.
Alemaniak barkamena eskatu egin zien gernikarrei 1997an, Udalera bidalitako gutun baten bidez. Baina Espaniak ez du gauza bera egin. Aralarren legebiltzar taldea, EAJ eta Ezker Anitzaren laguntzarekin, [Enlace roto.], Eusko Legebiltzarretik Estatuko Jefeari (elefanteak ehizatzen dituen hori) barkamena luza dezala eskatzeko.
Hain garbia eta ongi etorria izan litekeen proposamen hori ezerezean geratu da PPk, PSEk eta UPyD-k hankatartetik pasatu dutelako. Hori al da memoria zaintzea eta biktimak aintzat hartzea? Herriaren ordezkariak dira, eta herriak oso presente dauka Gernikan (eta beste hainbat herritan, baina Gernika da ikurra) jazotako sarraskia, baina batzuek, gaur egun oraindik, beste alde batera begiratzen dute.
Alemania, gutxienez, herri serioa da, eta nazismoaren lotsa pasatu ostean, aurpegira begiratu diote euren iraganari eta koherente izaten saiatu dira euren izena garbitzeko. Ibon Aranberrik 2002an Frankfurten atera zuen argazki honek, argi eta garbi uzten du lehen mailako herri baten (Alemania) eta hirugarren mailako baten (Espainia) arteko ezberdintasuna.
Ez dugu ahaztuko. Gernikak ordezkatzen duena bizirik dirau.