Lehendakariak espiatu nahi zaitu

Tira, ez zuzenean, jakina, ez du kamera bat zure bainugelan jarriko, baina nolabait, ikuskatu egin nahi du Interneten esaten dena.

Hala ikus daiteke behintzat atzoko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari erreparatzen badiogu: lehendakaritzak zerbitzu bat kontratatu nahi du Internet eta gizarte sareetan entzute aktiboa eta etengabeko aholkularitza jasotzeko. Hau da, Interneten esaten dena kontrolatu nahi du, eta horren aurrean nola erantzun behar duen jakiteko aholkularitza eskatzen du ere bai.

Baina beste bi detaile “txiki” ere ezin dira aipatu gabe geratu. Alde batetik, 100.000 euroko aurrekontua dauka kontratazio honek, eta bestetik, martxoaren 29an bukatzen da proiektuak aurkezteko epea (astebete).

Beraz, nire ustez, detailetxo horiek nahiko garbi uzten dute Jaurlaritzarentzat ez gaudela krisian zenbait gauzatarako: jaiak antolatzeko, mokaduak banatzeko, sariak emateko edota herritarrek Interneten esaten dutena espiatzeko. Gainera, astebeteko epea emanda, honi kirats apur bat dario: ez ote da aldez aurretik enpresa hori aukeratuta egongo?

Baina, beste galdera bat datorkit burura: zertarako ireki zuen IREKIA (“Open Governement) Jaurlaritzak? Ez al zen hori herritarrak informatu eta herritarrekin harremanetan jartzeko bidea?

Edonola ere, dirua nonbaitetik xahutzen ari dira, eta lehendakariak gizarteak zer esaten duen jakin nahi badu, eta horri jaramon egin, dimisioa aurkez dezala eta hauteskundeak aurreratu.