“Nacionalistas” eta “abertzales”

El País egunkariaren delegatua EAEn, Juan Mari Gastaca, Fagor pairatzen ari den egoera latzari buruz idatzi duen azken artikuluan, hasiera baten, oharkabean pasa litekeen perlatxoa botatzen du: “Nacionalistas y abertzales acusan duramente a Fagor, y de paso a toda la corporación Mondragón, por haber elegido la vía más dura para explicitar su falta de oxígeno financiero”.

IzengabeaEusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintean dauden bi indar politikoez ari da, EAJ eta EH-Bildu, hurrenez hurren. Eta antza, bere ustez, batzuk “nacionalistas” dira, eta besteak, “abertzales“.

Egia esan, eztabaida teoriko-politiko sakonetan sartu barik, ez dakit zein izan daitekeen hitz biei eman nahi dien esanahi-aldea. Garbizale jarrita, abertzalea aberria maite duena da, eta “nacionalista“, aberriaren eskubideen alde dagoena, aberriak aberri. Baina egia da, baita ere, gurean abertzale berba erabiltzen dugula euskaraz gaztelaniaz “nacionalista” dena izendatzeko, hau da, Euskadin, gauza bera dira bai bata eta bai bestea, inolako konnotazio positibo edo negatiborik gabe.

Kasu honetan, ordea, nire ustez, konnotazioak sartu nahi izan ditu idazkiaren egileak. Badirudi, eta hau nire interpretazioa da, “nacionalista” hitzari ez diola karga ezkor handiegirik jarri nahi, bai ordea abertzale terminoari, EH-Bildurekin erabat identifikatuz. Hori egiten saiatzea, berez, nahiko errefuxagarria da.

Baina gatozen halako erabilera ustelek gure hizkuntzan izan dezaketen eraginera. ETAren indarkeriaren ondorioz batez ere, azken urteotan, gaztelaniak euskaratik hartu dituen maileguek kutsu negatiboa hartu dute, hala nola, “zulo”, “talde”, “kale borroka”, e.a. Eta Gastacak bide horri jarraitzen dio: euskarak ez du balio positibotasuna transmititzeko, euskaraz gauza negatiboak bakarrik adierazi behar dira, hizkuntza garbia gaztelania delako, purua, bateratzailea. Kazetari honen aburuz, EH-Bildu ez da oso gustuko indar politikoa, eta horiek, abertzaleak dira. Besteak, hain txarrak ez direnak, “nacionalistas” dira, EAJkoak alegia.

Horrelako ekarpenek, mundu erdaldunean, euskararen zigorraren edalontzian tantatxo bat gehiago suposatzen dute, eta mesede eskasa egiten diote hizkuntzari eta euskal hiztunei.

Ni abertzalea naiz, Gastaca jauna, EAJko abertzalea, herri askapenerako EAJ ereduan sinesten duen abertzale konbentzitua. Eta harro!

 

Patxi Lopez, bidean lagunak galtzen

Patxi Lopez EAJrekin minduta/pikatuta dagoela azal-azalekoa da, baina gaitz hori euskal gizarteak ordaintzen duela ere bai, Jaurlaritzako aurrekontuekin gertatu dena adibide.

Atzo bertan, Eusko Legebiltzarrean, beste adibide bat eman zigun Lopezek. Urkullu lehendakariak [Enlace roto.] eskaini zien oposizioko alderdiei, akordio zabal eta historikoa, krisiari guztion artean aurre egiteko. Lopezek, ordea, beste behin ere, paktu horri uko egin zion, baina harrigarriena berak eman zuen arrazoia izan zen, murrizketak egiten dituen PP batekin ez dela hitzarmenetan sartuko alegia. DEJA VÚ! PPri esker Jaurlaritzara heldu zen politikariak esan zuen hori, PPren laguntzarekin gobernatu zuen berberak. Eta ez ahaztu PPrekin gobernatu zuela, hain zuzen ere, kanpainan sendo eta ozen adierazi eta gero ez zuela PPrekin ezertxo ere hitzartuko.

Dena den, Patxi Lopezen sinesgarritasuna ez da bere arazo bakarra. Orain, lagunak oldartu zaizkio eta hasi dira ikusten umekeria zantzuak lehendakari ohiaren politika jardunean.

Alde batetik, Basagoiti dugu. Duela gutxi arte Lopezen lagun hurbil-hurbila zenak bere blogean ohartarazi dio Lopezi “inoiz ez” esatea ez zaiola komeni. Eta galdera batzuk ere egiten dizkio, oso aproposak, egia esan: “¿Dónde ha estado Patxi Lopez durante los últimos cuatro años si no en un pacto de estabilidad acordado con el PP? ¿Qué apoyos políticos le han permitido a usted ser Lehendakari, señor López? ¿Cómo se pueden decir tales barbaridades en esa tribuna parlamentaria y además pretender que le crean? Conteste a estas preguntas ¿Qué apoyos políticos han sostenido al Gobierno socialista que usted presidía durante la última legislatura?“.

Baina lagun garrantzitsuagoak gal ditzake bidean Lopezek, hala nola, bere alderdiaren alde egon daitekeen prentsa bera. El País egunkariaz ari naiz. Euskadiko erredakzioko arduraduna den Juan M. Gastacak, atzo, “Patxi López tensa demasiado la cuerda” izeneko artikulua idatzi zuen, eta bertan, leporatu egiten dio PSEren liderrari azken boladan izaten ari den jarrera Eusko Jaurlaritzarekiko, eta orokorrean, euskal gizartearekiko. Gainera, nabaritzen da aurpegiratu egiten diola burua Madrilen duela gehiago eta ez horrenbeste euskal politikan. Hona artikuluan irakur daitekeenaren zatitxo bat: “Pero ahora, cuando todos los sectores sociales en Euskadi claman por la necesidad de llegar a acuerdos, posiblemente se le haya ido la mano sobre todo porque abre una vía antagónica al posicionamiento de su todavía secretario general Rubalcaba. Lógicamente, López no podría evitar que este veto a los populares sea interpretado dentro y fuera del País Vasco en clave de una ubicación táctica en la carrera por las primarias del PSOE, de las que sigue huyendo en público”.

Bidean lagunak direnak ere galtzen baditu Lopez jaunak, sinesgarritasuna zeharo galdu ondoren, zer geratzen zaio PSEren liderrari? Eta beste galdera garrantzitsuago bat: noiz arte eutsiko dio PSEk egoera honi?

La Txaraina

Badirudi Iñigo Urkulluk Ertzaintzarentzat pentsatuta daukan eredu berriak, herritarrengandik gertuago, poliziaren izenari berari eragingo diola eta guzti. Bestela, ezin dut azaldu gaur bertan El País egunkariak, Euskal Erkidego Autonomorako sekzioan, azpititular baten, argitaratu duena:

Ez dakit merezi duen hemen azaltzeak ertzaina agentea dela eta taldeak hartzen duen izena Ertzaintza dela, baina bihoa bada ez bada.

Testua deigarriago egitea baldin bazen kazetariaren asmoa, bazeuzkan askoz ere aukera hobeak, hala nola, Vaya Semanitako “Txaraina” edo kale borroka giroetako “Txakurrak” zein “Zipaioak” izen maitekorrak. Bestela ere, bazeukan artaldeez gogoratzea eta Patxi Lopez edo Aresen “Archancha” terminoa hartu.

Argitaratu aurretik, zenbatek irakurriko zuten albiste hori El País egunkariko erredakzioan? Eta argitaratu ondoren?

 

Fernando Aramburu, alias Juaristi II.

Iraina ez da doan bakarrik ateratzen, ez, gainera saritzen da. Zeri buruz ari naizen? Ba hona hemen Fernando Aramburu “idazle” baskoaren esalditxo batzuk, [Enlace roto.] eman du elkarrizketa aurtengo Tusquets saria jaso ostean:

  • “el cura me retiró del grupo de forma sibilina sugiriendo a mis padres que aprendiese a tocar el tamboril, lo cual era un descenso de categoría. Los que sabían euskera podían aprender a tocar la guitarra” -> Listo! Hor dago guztiaren azalpena, umetako traumak jota dago, eta euskararekiko gorrotoa garatu eta perfekzionatu du urteetan zehar. Baina jarrai dezagun.
  • “Era una ciudad (Donostia) con orgullo cosmopolita que mantuvo el festival de cine, inauguró el de jazz… Tenía el deseo de ocupar un lugar en el planeta. Luego esto se perdió, sobre todo en la década 1977-1987, y el nacionalismo tuvo una responsabilidad en esa pérdida” -> Frankismoaren nostalgia, hortxe zeharka, baina bai, nostalgia.
  • “En el País vasco se mantiene la ficción de que existen lectores en euskera” -> onena da Mexikon bizi dela. Ez dut uste azalpenik behar denik, blog honek bakarrik irakurle gutxi batzuk ditu.

Gainera esaten du, [Enlace roto.] agertzen den bezala, 208 edo 503 euskal irakurle dagoela, asko jota, eta ez hori bakarrik, euskal idazleak diruz lagunduta daudela eta ez direla askeak. Galdetu beharko genioke nola dakien hori guztia ez bada euskaraz hitz bat ere irakurtzeko gai.

Baina tira, beti izango dira gure Jon Juaristi Maitearen jarraitzaileak.

Patxi Lopez, bere hitzen morroi.

EiTBn Patxi Lopezi egin behar zioten elkarrizketa ikusten hasi naiz, baina onartu egingo dizuet, sutan jarri naiz eta futbola jarri dut, han behintzat euskaraz entzungo baitiot Azkargorta euskaltzain urgazleari.

Ez ba! Ez da zilegi! Benetan uste al duzue normala dela gure telebista publikoan honako komunikabideen ordezkariak agertzea bakarrik Lopez elkarrizketatzen? El Mundo, El País, Diario Vasco (Vocento) eta EiTB bera (hala aurkeztu dituzte behintzat). Denak abertzale-abertzaleak… baina Espainara begira.

Non geratu dira Deia, Berria edo Gara komunikabideek, besteak beste, Lopezi egin liezazkioketen galderak? Zulo beltzen batean akaso.

Lehendakariak ez du gustuko deseroso jar dezaketen komunikabideei erantzutea. Deiak gaur bertan salatzen zuen bezala, prentsa askatasunaren nazioarteko egunean, atzo alegia, kazetari guztiei erantzungo ziela zin egin zuen Patxik; bi urte darama Deia edo Onda Vascari elkarrizketarik eman gabe ordea.

Lotsagarria da EiTBk lehendakariari ematen dion baldintzarik eta mugarik gabeko babesa, eta lotsagarria era berean, Lopezen jarrera gizartearen parte handi batek entzun, ikusi edo irakurtzen dituen komunikabideei bizkarra ematearren, guztion ordezkari behar lukeela ahazturik.

Hala eta guztiz ere, amaitzeko, elkarrizketa ikusi dudan tarte laburrean, ez nuke lehendakariak esandako zerbait iruzkintzeko aukera galdu nahi. Bilduren ilegalizazioaz, Auzitegi Gorenaren erabakia defendatu egin du, demokraziaren izenean gainera, Ezker Abertzaleak ez omen baitu eman behar haina urrats hauteskundeetan egon ahal izateko. Hitz horiek grabatuta daude, eta zer demontre esango luke bihar Epaitegi Konstituzionalak Bilduren zerrendak baliozkotuko balitu? Egun batetik bestera, Ezker Abertzalearen jarrera zertan aldatu dela esango luke gure mandatariak? Bere berben preso geratu da gure Patxiku.

Zelan izan liteke Lopezek daukan bezalako kargua duen pertsona bat hain arduragabea? Hori da PSEren egiteko eta jarduteko modua, ez zait besterik bururatzen.

Ba lagunok, Bilduk aurkezterik ez badauka, horixe bera da datorkiguna hurrengo lau urteotan, bai aldundietan, bai hainbat udalerritan, hautesleok kontrakoa esaten ez badugu behintzat. Zaila izan da pasatu duguna eta pasatzen ari garena, baina zailagoa izan liteke etortzeko dagoena.