Txalorik ez Espainiako errege berriari

Politikan, askotan, nahiko ez zenukeen lekuetan egotea egon beharra duzu. Modu kolokialean esaten den bezala, arraina harrapatzeak ipurdia bustitzea dakar. Horregatik ez zait batere gustatzen, askotan, Ezker Abertzaleak izaten duen jarrera. Adibidez, Amaiurrek Kongresuan izan duena Juan Carlos I.aren abdikazioaren bozketan: gaia gustukoa ez dutenez, alde egiten dute legebiltzarretik eta listo; erantzukizun handiko jarrera. Kongresuan egon nahi ez badute, zergatik doaz?

Antzeko jarrera somatzen da Kutxabank Fundazio bihurtzeko prozesuan. Legeak behartzen du aldaketa hori, baina Gipuzkoako Kutxan erabaki hori hartu nahi ez dutenez, eta EAJri leporatu nahi dizkiotenez munduan gertatzen diren gaitz eta gaitzerdi guztiak, legez erabaki beharra dagoen horretatik ihes egingo dutela ematen du, oso modu koldarrean.

Horregatik, gaur, Felipe VI. koroatzeko zeremonian, pozik geratu naiz Urkullu lehendakariak eta Mas presidenteak izan duten jarrerakin: errespetu instituzionala bai, ezadostasuna agertzea ere bai. Erabat ados!

unnamed

El Correo: fikziozko tabu eta iraultzak

El Correo Español egunkaria “katxondokeriatan” hasi du urte berria. Duela pare bat egun, azalean jartzeko moduko albistea omen zen Batzoki bateko tabernak itxi egin duela, krisi garaian itxi egin duen ostalaritza negozio bakarra bailitzan. Ikusiko dugu zenbat tardatzen duen maizter berri batek hara heltzen eta taberna berriz zabaltzen.

IzengabeaBadirudi El Correoren asmoa zela EAJren irudia zikintzea, halako parekotasun bitxiak aditzera emanez, esan barik, eta horiek egunkariaren azalean jarriz. 10etik 1ek ondorioztatzen bazuen tabernak itxi egin duela EAJren kudeaketa txarragatik, nahiz eta batzokietako tabernak alokairuan ematen diren pribatuek eraman ditzaten, ba bere lana egintzat emango zuen Bizkaiko Vocentoren ordezkaritzak.

Baina ez da hor bukatzen El Correoren 2014ko urtarrileko EAJren kontrako gurutzada berri hau. Gaur goizean bertan, euren web gunean, hau irakur zitekeen:

IzengabeaLehendakariak esaten duena ondo iruditzen bazaie egunkari horretako kazetariei, pozten naiz, baina haratago joatea eta baieztatzea horrek iraultza ideologikoa suposatzen duela EAJ barruan bada EAJ batere ez ezagutzea, edo ezagututa, EAJn bazterrak nahasteko gogo handia izatea.

Oso erraza da, eskema bat egingo diet El Correokoei:

– Monarkia eta Errepublikaren artean, Errepublika.

– Espainiako Errepublika eta Euskal Errepublikaren artean, Euskal Errepublika.

– Gizarte eskubideei bai, Administrazioak herritarren beharrizanei erantzuteko baitaude.

Uuuuuuu!!!! Zelako tabuak! Enpin…

 

“Gara” egunkariaren profesionaltasuna

Bai, badakit, egunkari bakoitzak bere ildo editoriala dauka, eta Garak berea. Baina horrek albisteak profesionaltasun apur batekin erabiltzearekin talka egin behar al du ezinbestean?

Egunkari horrek, alde batetik Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako erregearekin izan zuen bileraren berri ematen du, eta bestetik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenak aipatzen ditu, EAEko eskumenak erruz defendatuko dituela Gobernuak alegia. Tira, egia esan, “alde batetik eta bestetik” esatea ez dakit oso egokia den kasu honetarako, bi berri horiek testu bakarrean batzen baititu Gara egunkariak, baten argazkia eta bestearen titularra kontrajarriz.

Zelako barreak botako zituzten erredakzioan, tartetxo ona igaroko zuten seguru, baina hori kazetaritza profesionaltasunez tratatzea baldin bada blog hau ingelesez idatzita dago.

Ez dakit, baina bada ez bada, ahaztuta badaukate edo, nik beste argazki hau gogorarazi nahiko nieke Garako erredaktoreei:

Errekondo, Amaiurren hautetsia kongresuan, Espainiako erregearekin

Irekiaren artxiboa, “a la mayor gloria de López”

Irekiak, Eusko Jaurlaritzak alegia, argazki artxiboa sortu du. Argazki horiek doan erabil daitezke, deskargatu… eta zuk zeuk ere zure argazkiak igo ditzakezu artxibo horretara.

Ideia oso ona iruditzen zait, oso erabilgarria gainera. Kontuak datoz argazkiak nola etiketatu dituzten aztertu nahi badugu:

Patxi Lopez bilaketa eginda, 520 emaitza agertzen zaizkigu (Irekiakoek oraindik ez dakite mugagabea erabiltzen, zer egingo diogu ba…)

“Rey” bilatzen badugu (Irekiakoek oraindik ez dutelako errege hitza ezagutzen), 372 emaitza agertzen zaizkigu.

Iñigo Urkullu edo Antonio Basagoiti bilatzen baditugu, ordea, ez dugu inolako emaitzarik izango, eta are larriago, Ibarretxe bilatuz gero ere, ez dugu hutsaren hurrengoa lortuko dugu, argazki bakar bat ere ez etiketa horrekin. Aintzat hartu artxibo horretan dauden argazkiak Patxi Lopez lehendakaritzara heldu aurretikoak direla ere bai.

Baina erremate ona eman nahi badiozue horri guztiari, bilatu “lehendakari” hitza. 2391 emaitza lortuko dituzue, eta nola ez, argazki horietan Euskadin izan dugun lehendakari bakarra agertuko zaizue: Patxi Lopez jauna.

PSOEren gobernua goraipatzeko sortu den beste tresna bat. Lastima, tresna polita baita, baina oso hastapen interesatua izan duena.

“Vive la Republique”

Ez dut azterketa historiko sakonik egin nahi, ez dut Errepublika bezalako sistema politikoaren iruzkin teknikorik egin nahi, ez dut sentsibilitaterik mindu nahi…

Gaur Espainiako II. Errepublikaren eguna da, hori ospatzen dute batzuek. ETA ZER? Ni euskalduna naiz, nik ezer ospatzekotan Euskal Errepublikaren eguna ospatu nahi nuke, nahiz eta Eibarren jarri zen Errepublikaren lehen bandera hori.

Eibar, 1931ko apirilaren 14an

Azkenean, aro berri hauetan, nagusi diren komunikabideek, errepikatzearen poderioz, ideiak barneratzen dituzte gizartean: pertsonaia publiko famatuak espainiarrak dira, kirolari onenak espainiarrak dira… eta Errepublikaren ideia idealizatua ere sartzen saiatzen dira.

Egia izan daiteke Errepublika demokraziaren lehen urratsak eman zituen sistema politikoa izan zela, eta nolabaiteko irekiera egon zela euskaldunekiko. Agirre lehendakariaren garaia zen hura, eta Estatutuaren proiektuan Nafarroa sartzea ere aurreikusten zen.

Azken baten, eta edonola ere, Espainia da eta zen hori, eta euskaldun asko, Euskadi edo Euskal Herria osatzen dugunon zati handi eta zabal batek bestelako antolamendu politikoa ospatuko genuke gustura, biba eta txaloka.

Bitartean, Francok aukeratutako erregea da estatuburu, Oroimen Historikoaren Legea zakurraren putza da, eta diktaduran izan ziren kriminalak epaitegietatik pasatu barik daude (Alemania edo Hegoafrikan ez bezala).

Ez jaun-andreok, begietatik sartu eta konturatu barik prozesatzen dugun informazio guztia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.  Hinduen ahozko tradizioak ondo diosku, “zuhaitzek ez diezazutela basoa ikustea eragotzi”.

Sare sozialetan irakurri dudanarekin amaitu nahi nuke gaurkoa:

Espainiak bere Errepublikaren eguna ospatzen duen honetan, guk gurea ospatu nahi genuke, baina…

“Agian, inoiz izango gara.
Agian inon izango gara.
Agian, herri izango gara.
Agian, bihar izango gara irri.” (Mikel Urdangarin. Bihar)