Moralaren mugak

Igandean Alderdi Eguna izan zen eta Euzko Gaztedik (EGI), EAJren gazteria, “Urkullu da bide bakarra” zioen pankarta atera zuen bertan izaten den desfilean, Ezker Abertzalearen estetika kopiatuz, EAJko lehendakarien argazki eta guzti (Garaikoetxearenean “iheslaria” berba gaineratu zioten). Hementxe duzue momentuaren irudia:

Bihoa aurretik ekintza hau ez dela oso nire gustukoa izan, adinak gogor jo baitu nire kasuan, bihurrikeria puntu hori aspaldi galduta daukat . Baina irudiari askotan begiratu badiot ere, ez dut irainik ikusten, oso identifikagarria den modu eta estetika bat baliatzea baizik, bota nahi zuten mezuaren gaineko arreta indartzeko. Hori, bederen, lortu egin dute EAJko gazteek.

Sare sozialetan, eta Interneteko blog batzuetan, mugak gainditzen dituzten kritikak irakurtzeaz gain (oso libreak), mehatxuak ere irakurri ditut, eta ez ditut hona esteka horiek ekarrik. Mehatxu horiekin gainditzen da adierazpen askatasunaren muga.

Berriro diot, bada ez bada ere, EGIren jarduteko modua bestelakoa izan beharko lukeela pentsatuta ere, ez dut han inolako errespetu faltarik nabaritu inorekiko, formako gauza bat baino ez dut ikusten, formakoa itxurari dagokionez, estetikoa alegia. Arreta deitzeko pentsatua zegoela iruditzen zait eta xedea lortu duela ere ezin da ukatu. Ezker Abertzalearen estetikarekin , EAJren aldeko mezua bota dute, eta bide batez, indarkeriaren aurkakoa, “borroka da bide bakarra” esaldia moldatuta.

Ezker Abertzaleko kideek iraina, mespretxua, mugaz gaindiko ekintzak eta mezuak ikusi nahi badituzte hona behera begiratzea baino ez dute. Hauen aurrean isilik geratu ziren. Eta hauek, hemen erakuts nitzakeen irudien lagin txiki bat baino ez dira:

 

Irekiaren artxiboa, “a la mayor gloria de López”

Irekiak, Eusko Jaurlaritzak alegia, argazki artxiboa sortu du. Argazki horiek doan erabil daitezke, deskargatu… eta zuk zeuk ere zure argazkiak igo ditzakezu artxibo horretara.

Ideia oso ona iruditzen zait, oso erabilgarria gainera. Kontuak datoz argazkiak nola etiketatu dituzten aztertu nahi badugu:

Patxi Lopez bilaketa eginda, 520 emaitza agertzen zaizkigu (Irekiakoek oraindik ez dakite mugagabea erabiltzen, zer egingo diogu ba…)

“Rey” bilatzen badugu (Irekiakoek oraindik ez dutelako errege hitza ezagutzen), 372 emaitza agertzen zaizkigu.

Iñigo Urkullu edo Antonio Basagoiti bilatzen baditugu, ordea, ez dugu inolako emaitzarik izango, eta are larriago, Ibarretxe bilatuz gero ere, ez dugu hutsaren hurrengoa lortuko dugu, argazki bakar bat ere ez etiketa horrekin. Aintzat hartu artxibo horretan dauden argazkiak Patxi Lopez lehendakaritzara heldu aurretikoak direla ere bai.

Baina erremate ona eman nahi badiozue horri guztiari, bilatu “lehendakari” hitza. 2391 emaitza lortuko dituzue, eta nola ez, argazki horietan Euskadin izan dugun lehendakari bakarra agertuko zaizue: Patxi Lopez jauna.

PSOEren gobernua goraipatzeko sortu den beste tresna bat. Lastima, tresna polita baita, baina oso hastapen interesatua izan duena.