Moralaren mugak

Igandean Alderdi Eguna izan zen eta Euzko Gaztedik (EGI), EAJren gazteria, “Urkullu da bide bakarra” zioen pankarta atera zuen bertan izaten den desfilean, Ezker Abertzalearen estetika kopiatuz, EAJko lehendakarien argazki eta guzti (Garaikoetxearenean “iheslaria” berba gaineratu zioten). Hementxe duzue momentuaren irudia:

Bihoa aurretik ekintza hau ez dela oso nire gustukoa izan, adinak gogor jo baitu nire kasuan, bihurrikeria puntu hori aspaldi galduta daukat . Baina irudiari askotan begiratu badiot ere, ez dut irainik ikusten, oso identifikagarria den modu eta estetika bat baliatzea baizik, bota nahi zuten mezuaren gaineko arreta indartzeko. Hori, bederen, lortu egin dute EAJko gazteek.

Sare sozialetan, eta Interneteko blog batzuetan, mugak gainditzen dituzten kritikak irakurtzeaz gain (oso libreak), mehatxuak ere irakurri ditut, eta ez ditut hona esteka horiek ekarrik. Mehatxu horiekin gainditzen da adierazpen askatasunaren muga.

Berriro diot, bada ez bada ere, EGIren jarduteko modua bestelakoa izan beharko lukeela pentsatuta ere, ez dut han inolako errespetu faltarik nabaritu inorekiko, formako gauza bat baino ez dut ikusten, formakoa itxurari dagokionez, estetikoa alegia. Arreta deitzeko pentsatua zegoela iruditzen zait eta xedea lortu duela ere ezin da ukatu. Ezker Abertzalearen estetikarekin , EAJren aldeko mezua bota dute, eta bide batez, indarkeriaren aurkakoa, “borroka da bide bakarra” esaldia moldatuta.

Ezker Abertzaleko kideek iraina, mespretxua, mugaz gaindiko ekintzak eta mezuak ikusi nahi badituzte hona behera begiratzea baino ez dute. Hauen aurrean isilik geratu ziren. Eta hauek, hemen erakuts nitzakeen irudien lagin txiki bat baino ez dira:

 

Euskararen Nazioarteko Egunean triste nago

Zin dagizuet gaurko idatzi nahi nuen testuaren tonua arras ezberdina izatekotan zegoela. Baina idazten ari nintzena ezabatu eta salaketa bat egiteko beharra sartu zait, erraiak oraindik sutan ditudala. 

Bada, Euskararen Egun “zoriontsu” honetan, Patxi Lopezek zerbait idatzi du bere blogean (ez dut esteka jarriko, oso erraz aurkitzen baita Googlen). Idatzitako sarrerak hurrengo izenburua dauka: “Esto es el Mar”, euskararekin zerikusirik ez duena, jakina.

Detailetxo horrek, jakina, iskanbila piztu du sare sozialetan, eta halakoaren antzeko iruzkinak izan dira:

Gerora, lehendakariak “Euskararen Eguna” izenekoa sartu du blogean. Bi sarrera egun bakarrean. Sare sozialen zurrunbiloaren eraginez izan ote da?

Dena dela, bigarren sarrera horrek, hasiera bateko ustekabeko poza itzali egin dit irakurri ahala.

Konpromiso instituzionala aipatzen du Lopezek, baina ez du inolako neurririk aipatzen euskarari bultzada emateko, euskara sustatzeko alegia. Hitzak dira, eta hori baino ez. Euskararen Eguna den honetan, zertxobait gehiago espero genuen batzuk, zehaztasuna, konpromiso hori zertan datzan.

“Zorionez, gaur, XXI mende honetan, indar-berrituta ikusten dugu euskara, osasuntsu”. Esaldia Lopezena da, hitzez hitzekoa, gaurko idazkitik ateratakoa. Zer nolako errealitate paraleloan bizi da gure lehendakaria? Egoera osasuntsua? Horren aurrean, Euzko Gaztedik gaur bere web orrian eskegi duen adierazpena irakurtzea gomendatuko nioke Lopezi “osasuntsu” hitza hain arinki erabili baino lehen. Nire ustez, bete-betean eman dio EAJren gaztediak.

Beste alde batetik, Miren Agur Meaberen hitzok gogora ekarriz “lingua navarrorum” aipatzen du lehendakariak. Ildo horretatik, bere homologoa den Miguel Sanzekin hitz egitea gomendatuko nioke, bere ikuspegia adieraz diezaion.

Besterik gabe, triste nago. Euskararen Nazioarteko Egunean Lopezek argi utzi digu beste behin ere zein den gure hizkuntzarekiko duen jarrera. Tamalez, jakina.