Moralaren mugak

Igandean Alderdi Eguna izan zen eta Euzko Gaztedik (EGI), EAJren gazteria, “Urkullu da bide bakarra” zioen pankarta atera zuen bertan izaten den desfilean, Ezker Abertzalearen estetika kopiatuz, EAJko lehendakarien argazki eta guzti (Garaikoetxearenean “iheslaria” berba gaineratu zioten). Hementxe duzue momentuaren irudia:

Bihoa aurretik ekintza hau ez dela oso nire gustukoa izan, adinak gogor jo baitu nire kasuan, bihurrikeria puntu hori aspaldi galduta daukat . Baina irudiari askotan begiratu badiot ere, ez dut irainik ikusten, oso identifikagarria den modu eta estetika bat baliatzea baizik, bota nahi zuten mezuaren gaineko arreta indartzeko. Hori, bederen, lortu egin dute EAJko gazteek.

Sare sozialetan, eta Interneteko blog batzuetan, mugak gainditzen dituzten kritikak irakurtzeaz gain (oso libreak), mehatxuak ere irakurri ditut, eta ez ditut hona esteka horiek ekarrik. Mehatxu horiekin gainditzen da adierazpen askatasunaren muga.

Berriro diot, bada ez bada ere, EGIren jarduteko modua bestelakoa izan beharko lukeela pentsatuta ere, ez dut han inolako errespetu faltarik nabaritu inorekiko, formako gauza bat baino ez dut ikusten, formakoa itxurari dagokionez, estetikoa alegia. Arreta deitzeko pentsatua zegoela iruditzen zait eta xedea lortu duela ere ezin da ukatu. Ezker Abertzalearen estetikarekin , EAJren aldeko mezua bota dute, eta bide batez, indarkeriaren aurkakoa, “borroka da bide bakarra” esaldia moldatuta.

Ezker Abertzaleko kideek iraina, mespretxua, mugaz gaindiko ekintzak eta mezuak ikusi nahi badituzte hona behera begiratzea baino ez dute. Hauen aurrean isilik geratu ziren. Eta hauek, hemen erakuts nitzakeen irudien lagin txiki bat baino ez dira: