Nola da posible? Euskal talderik puru eta euskaldunenak, Euskaltel-Euskadi, Espainiako Itzulian eta Frantziako Tourrean lehiatzeko atrebentzia izateaz gain, ez du inolako protestarik egingo Espainiako Itzuliak Euskaditik pasatu behar duelako? Sinestezina!
Kalean mundu guztiak komentatzen duen zerbait da: tabernetan, txokoetan, lagun artean, lanean… guztien ahoan dago Espainiako Itzulia Euskaditik pasatuko dela. Kirol proba espainiar bat Euskadin? Nola da posible?
San Mames, Anoeta edo Reyno de Navarran (betiko Sadar) ez dago astebururo Espainiako txapelketarik jokoan.
Estadio horietan ere ez da Espainiako Erregearen Koparik jokatzen.
Miribillan, Buesa Arenan edo Ilunben, gure saskibaloi taldeek triangularra jokatzen dute urte osoan zehar.
Arraunean “Bizkaiko Txakolina Liga” jokatzen da aspaldi, eta ez aintzinako “Liga San Miguel” hura.
Eta jakina, euskal zalerik ez dagoenez Frantziako Tourra Pirinioetatik pasatzen denean edo Espainiako Itzulia gure mugetatik gertu igarotzen denean, trabak jarri behar zaizkio kirolari Euskadin, hau ez delako Espainia, argi eta garbi. Eta argi eta garbi utzi behar dugu oihaneko tximinoarena egiten. Frantziako Tourra Donostia, Atarrabi, Iruñatik… pasatu da, eta ez dut uste inork hiri/herri horiek Frantziako mugen barruan sartu dituenik.
Ikurrinak balkoietara eta kalera atera gure Euskaltel talde laranja animatzeko, baina argi eta garbi utzi nahi baduzue hau Espainia ez dela, atera kalera eta mintzatu euskaraz, ez dago hori baino froga biribilagorik.
Gainerako guztia, txakurraren putza!
ONGI ETORRI EUSKADIRA, txirrindulariok.