Libre Dios al castellano de las atrocidades del euskera

Barkatuko didazue izenburua gaztelaniaz jartzearena, baina nik ere lehendakariak duen arreta deitzeko gaitasunari heldu nahi nintzaion.

Dagoeneko entzun edo irakurriko zenuten Patxi Lopezek euskararen gainean atzo botatako iruzkina. Bada ez bada, errepikatuko dizuet: “bortizkeriaren bukaeran […] euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin”. Hortaz, indarkeria dagoen bitartean, euskara horri lotuta egongo zaio, edo agian, hobeto esanda, horri lotuko DUTE.

Patxi Lopezek botatako astakeriaren ildotik, honakoak ere bota genitzake: “zezenketak desagertu arte, gaztelania ez da odol-jario horretaz libre egongo”; edo “frankistarik geratzen ez denean, gaztelaniak bat egingo du behin-betikoz askatasunarekin”. Kirtenkeria galantak, ez da hala?

Baina horrek guztiak badu, sinestezina badirudi ere, irakurketa larriagorik.  Patxi Lopezek honakoa zioen Euskararen Egunean (duela hilabete eta erdi) bere blogean bertan:  “Galderak eta liskarrak alde batera usteko garaia heldu dela uste dut” (“s” hizki hori ez dut nik idatzi).

Liskarrak alde batera utzi, baina oraindik gaur egun, euskara indarkeriari lotzen dio guztiona omen den lehendakari honek.

Guztiona beharko du izan, antza bere agintaritza, Irekiaren hitzetan, Qatarreraino hedatu baitu:

Gaur zuzenduta egon arren, atzo oraindik hori zeukan argitaratuta nire Irekia maiteak. Zelako begirunea dion Gobernu honek euskarari!

Garbi baino garbiago geratzen da Patxi Lopez eta bere gobernuaren ardura nagusiak zein diren:

1. Terrorismoaren eta indarkeriaren matraka ahalik eta gehien luzatzea, biktimismo horri azken tanta atera arte.

2. Publizitatea. Beste ardura batzuk dituztela saltzea, baina saltzea bakarrik, azpian ez baitago ezer.

Lehendakari honi euskara eta euskaldunok bost axola, arrazoi sinple batengatik: ardura minimorik izango balu, ez luke esaten duena esango; eta zer esaten duen ez badaki ere, arduragabekeria oraindik eta larriagoa da. Ba al da hori eztabaidatzerik?

Aukeratu ipuinaren amaiera

Bazen behin bi hizkuntza ofizial zituen herria: axulartarra bata eta zerbantinoa bestea.  Herri hura gobernatzen zuten mandatariek zerbantinoa zerabilten herritarrengana zuzentzeko. Herritar asko, aldiz, axulartarrez mintzatzen ziren, nahiz eta kasu gehienetan zerbantinoa ere ulertu.

Herritarrek ez zuten ulertzen nola herriaren subiranotasunetik bertatik ateratako gobernari haiek muzin egiten zioten euren hizkuntzari.

(Ipuin honek bi amaiera posible dauka, hautatu zeurea)

1. AMAIA:

Herritarrak, azkenean, ohitu egin ziren mandatari haien diskurtsora. Arrunt egin zitzaien zerbantinoz entzutea, eta zerbantinoz hasi ziren eurak ere bai.

Emeki, axulartarra galtzen joan zen,  eta txakurren izenetan edota esamolde jakin batzuetan soilik utzi zuen bere arrastoa.

Ordutik hona, nortasuna galduta, zer ziren ere gogoratzeko gai ere ez dira axulartarrez aritzen zirenen ondorengoak.

2. AMAIA:

Egoera hura axulartarrez mintzatzen zirenentzat ez ezik, onartezina zen  ere zerbantinoa zerabilten askorentzat.

Mespretxuak kaleak berpiztu zituen. Jendea konturatu egin zen bere hizkuntzak zuen balioaz. Mandatarien bizkar ematean ezkutuko interesak ikusi zituzten, herriarentzat mesedegarri izango ez ziren interesen defentsa hain zuzen ere.

Axulartar hizkuntzak Urrezko Arorako ataria eraiki zuen urte haietan: gero eta hiztun gehiago; musika, literatura eta bestelako arteen emaria biderkatu egin zen…

Axulartarrez ez zekitenengan ere interesak gora egin zuen. Mugimendu handi hura ikustean, haren partaide izateko beharra sentitu zuten, eta hurbildu egin ziren ordura arte arrotz egiten zitzaien mundura.

Azkenean, mandatari haiek euren karguak utzi behar izan zituzten, euren interes gorenek kale eginda, eta bidea zabalik utzi zieten atzetik etorri ziren beste batzuei, herriarengandik hurbilago zeudenak.

Urrezko Arorako ataria igaro eta hizkuntz baten kontzientziak berak, herritarren arteko elkarbizitzan ere bere harri koskortxoa jarri egin zuen. Denak lagunago, denak pozago.

Eta hala izan bazan sar dadila kalabazan…

Oharra: gaur, Sabino Arana Fundazioak euskarari buruzko mahai ingurua antolatu du, Xabier Lapitz kazetaria moderatzaile. Eusko Legebiltzarrean dauden indar politiko guztien ordezkari banak egon behar zuten eztabaidan.

PP-ren ordezkariak aitzakia jarrita huts egin du (Iñaki Oyárzabal, “y” grekoz eta tildez). PSE alderdiak, aldiz, Vicente Reyes bidali behar zuen hara, baina azken horren aitzakia desagertzea izan da, tutik ere esan barik.

Kasualitatez, edo ez, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua mantentzen duten bi alderdien ordezkariak falta izan dira.

Barka naza barkatu behar nauenak, baina alderdi horiek, halako jarrerekin, batez ere Gobernuko alderdiak, PSE, ez dute daukatena merezi.

Propaganda sistema. Nahia eta ahalmena ez dira berdin

Euskadiko Elkarte Autonomoko gobernuaren propaganda aparatuak, El Correok hain zuzen ere, honako albistea argitaratzen du gaur: [Enlace roto.].

Nik “nahi” hitz hori azpimarratuko nuke titularrean. Albistea, izatekotan, legealdia amaitu eta orduan, benetan, zenbat gobernu-ekintza atera duen aurrera ikustea bailitzateke.

Nahia eta ahalmena ez datoz beti bat. Orain arte ahalmen eskasa erakutsi du gobernuak, eta hitzek ez dute herritarron gogoa asebetetzen. Ekintzak gauzatuta ikusi nahi ditugu.

Baina badakigu zein den Lopezen lehentasuna, Ibarretxerekiko konparazioan irabazle ateratzea. Zail du baina, lanaz ari garela, konparazio horretan egungo lehendakariak aurrekoari aurrea hartzea.

Ondo dago asmoak entzutea, bazelako garaia bide batez. Urtebete baino zertxobait gehiago pasa da gobernura jauzia eman zutenetik, eta atzo aurkeztu zuten behingoagatik euren “plangintza”.

Zailena dute aurretik, ekintzak abian jartzea eta lana erruz egitea ekintza horiek edukiz betetzeko. Ikusiko dugu.

Gainera, jakin badakigu lehendakariarentzat atzo beltza zena, gaur zuria dela. [Enlace roto.]

Bien bitartean argi dago propaganda makinaria bere lana egiten ari dela, barrutik hutsik dauden albisteei sekulako garrantzia emanaz.

A! Bukatzeko, eta ahaztu barik, gobernu-ekintza horien artean ez dut euskara sustatzeko bakar bat ere ikusi.

Emaguzu gaur gure eguneroko ogia…