Munduko Txapelketa Hegoafrikan berriro?

Beharbada ez duzue jakingo, baina gaurtik eta igandera arte munduko txapelketa izango dugu ostera ere Hegoafrikan, Pretoria hirian hain zuzen ere.

Gauza da, honako honetan, euskal ordezkariek ikurrina izango dutela bandera eta ez espainiarra edo frantziarra.

Misterioa alde batera utziz, Munduko Sokatira Txapelketa izango dugu lehian aste honetan.

P1943_11-09-10Batetik, ostiralera arte, kluben arteko munduko txapelketak izango dira, pisu desberdinetan. Euskadiko ordezkaria Goiherri talde erandioztarra izango dugu.

Bestetik, larunbatean, nazioen munduko txapelketa izango da jokoan. Baina gure mutilek ez dute horretan parte hartuko, euskaldunak direlako, eta ez espainiarrak edo frantziarrak. Nazioarteko Sokatira Federazioa (Tug of War International Federation) kontziente da Euskal Herriko arazo politikoaz, baina ez omen dirudi oso ausarta denik azalpenak eman behar dituenean, eta euskaldunek Frantzia edo Espainiaren izenpean tiratu beharko lukete. Adibide gisa, klikatu  hemen mundialean parte hartzen duten herrialdeen zerrenda nola antolatu duten ikusteko. Frantzia eta Espainia batera agertzen zaizkigu! (Northern Spain/Southern France). Kuriosoak behinik behin gauzak benetan nolakoak diren ez azaltzeko egiten diren tranpatxoak.

Hain gureak diren kiroletan ere, gure selekzioak izateko eskubidea ukatu egiten zaigu. Tamalgarria.

Kirol hutsera bueltatuz, ikusiko dugu gauzak zelan doazen. Blog honetatik gure ordezkaritzaren berri ematen saiatuko naiz berriak heldu ahala, ea munduko txapeldun ateratzen zaizkigun.

Momentuz, eta lehenengo dastaketatxo gisa, Hegoafrikako iturriek honakoa kontatzen didate:

Oso gogor entrenatzen ari dira pisaketa egunean (gaur) dagokien pisua emateko, pisua ez gainditzeko, gose handia pasatuz ere bai.

Apur bat harrituta omen daude hotel inguruko giroarekin, segurtasun gabezia zantzuak omen baitauzka: hesi ugari, asko elektrifikatuak; prostituzioa; eskolta autoak entrenatzera ateratzeko…

Azkenik, zur eta lur geratu dira beste herrialde batzuetako delegazioek dauzkaten baliabideekin. Inork imajinatzen al ditu txinatarrak sokatiran? Ba bai, hortxe daude, zazpi entrenatzailerekin eta hainbat itzultzailerekin, gureek daukatenaren bikoitzaren bikoitzarekin alegia.

Ea ba, sokatik tira eginda munduko zein txokora hurbiltzen den zapia. Zorte on mutilok!