Lehendakari ikusezina

Aurreko artikuluren baten, Patxi Lopezen superbotereez aritu izan naiz. Bada aipatu botere horiei beste bat gehitu beharko diot, ahaztuta neukana edo: ikusezina da berak nahi duenean.

Non dago Patxi?

Ezaguna zen arazoen aurrean ostrukarena egiten zuela, burua lurpean sartu alegia. Estrategia horri jarraiki, Eusko Legebiltzarrean berari zuzendutako galderei ez die erantzun, eta besteren batek jarri izan behar die ahotsa adierazpenoi (arrakasta eskasarekin gainera).

Oraingoan, hain espainola den gure lehendakari honek, edo behintzat espainola dela esateko lotsatzen ez den honek, badirudi lotsa sentitu duela Hispanitatearen Eguneko desfile militarrean agertzeko. Lotsa sentitu, edo ikusezin egin dela bertaratzeko eta jaiaz gozatzeko, orgia nazionalista horretaz gozatzeko.

Dena dela, ikusezintasun boterea erabiliz joan bada, eman dezake lotsagatik ere izan litekeela. Baina okerrena ez da hori, okerrena da beste batzuk bidaltzen dituela aurpegia ematera, bere irudiak higadurarik sufri ez dezan. Iazkoan Aresi egokitu zitzaion saria, eta aurtengoan, Isabel Celáak agertu behar izan du Madrilen ospatzen den egun “patrioan”, indar armatuen ahuntza eta beste animalia espezie batzuk desfilatzen ikusteko.

Lopez jaunak, beste behin ere, ez du nortasun izpirik erakutsi.