“Urkulluk zer nolako herri eredua nahi duen eta norekin eraikitzeko prest dagoen argitu behar du”. Hori zioen EH-Bilduk maiatzaren 5ean, haien blogean irakur daiteke. Eta esaldi horrekin argi uzten zuten, gaur egun, Euskadin, banaketaren zale amorratuak direla. Herri hau eraikitzeko ez da hauturik egin behar, herri hau guztion artean eraiki behar dugu, eta detailetxo hori buruan sartzen ez zaigun bitartean, ez dago zereginik, porrotera kondenatuta gaude, behin eta berriro.
Orain, urrian, egoera latza bizi duen esparru ekonomikorako zenbait erabaki jasotzen dituen EAJ eta PSEren arteko akordioari batu zaio PP, eta PP batzea ez da huskeria, PPren eskuetan baitago Arabako Foru Aldundia, eta beraz, neurriak Araban aplikatzea ahalbidetzen du. Gipuzkoan EH-Bildu dagoela esango didazue, egia, baina PP, PSE eta EAJren laguntzarik gabe (iaz PSErena izan zuen) ez dauka gehiengorik Batzar Nagusietan. Beraz, EAEn, harmonizaziorako aukera handiak daude gaur egun, hiru lurralde historikoak elkarrekin ibiltzekoa.
Gasteizko Legebiltzarrean dauden bost alderdietatik bi geratu dira hitzarmen honetatik kanpo. Gizarteak akordioak eskatzen dituen honetan (ikusten genuen pasa den asteko inkestan), bi horiek oraindik uste dute zoroak besteak direla, edo Jaurlaritzak erabaki egin behar duela herriaren zein lubakitan kokatzen den. Baina, orain, momentuan, lubakian dauden bakarrak EH-Bildu eta UPyD dira, entzungor. Eta lubakiak inoiz baino kaltegarriagoak dira.