Kazetaritzaren miseriak

Esango dute, azkenaldian, eta krisiarekin, gero eta debaluatuago dagoela kazetaritza, ogibideak prekarietate latza bizi duela, eta komunikabideetan, murrizketak izugarriak izaten ari direla. Askotan, kazetari bakar batek egin behar izaten du, lehen, bik edo hiruk egiten zuten lana.

IzengabeaHori egia izanik ere, zergatik kazetaritzaren mundutik bertatik lagundu profesioa gehiago kakazten? Adibide asko egon litezke esaten ari naizena osatzeko, baina atzo, zur eta lur utzi ninduen El Correo Español egunkariak zelan tratatzen zuen Errekaldeko hiltzaile presuntoaren atxiloketa.

Eta presunto diot hala delako epaileak kontrakoa esaten ez duen bitartean, denok gara errugabe errudun garela frogatzen ez bada, eta hori da zuzenbide estatu baten daukagun eskubiderik garrantzitsuenetarikoa. Ba El Correok erabaki zuen atxilotutako pertsona errudun dela eta gizonaren argazkia argitaratu zuen, oso handi eta kalitate onarekin.

Zertarako behar dugu botere judiziala El Correo Español baldin badaukagu? Zelako dirutza aurreztuko genukeen. (Irakurri esaldi hori dagokion sarkasmo puntuarekin, mesedez).

Okerrena, agian, da gauza hauek oharkabean pasatzen zaizkigula irakurleoi, ohitura txarretara erabat ohituta.

Eta gaur, ETAren desarmearen albistea espero dugunean, gose larriz, El Correo Españolek ez dauka beste zereginik egiaztatzaileak jipoitu eta euren prestigioa higatzen saiatzea baino.

Tamalgarria eta lotsagarria.

Zazpi urte Egunkariarekin

Atzo eta gaurko komunikabideek esandakoari erreparatuta, gauza gutxi dago gehitzeko “Egunkaria” epaitzaren gainean.

Askotan gertatzen den bezalaxe, ahoa bero-bero jarri zitzaien batzuei orain zazpi urte zentzugabekeria hau guztia hasi zenean. Jakina, horiek ez dute zertan atzera egin, berbak haizeak eramango balitu bezala… Baina adibideak banaka batzuk dira.

Kasu honetan argi geratzen da gurutzada ez zela terrorismoaren kontrakoa, gurutzada abertzaletasunaren kontrakoa zen. Abertzaletasunaren zantzu guztiei buru-berokia jartzen diete, aizkora eta sugea. Arerio politikoa deuseztatzeko argudiorik ez badaukazu, iraintzea baita irabazteko biderik errazena, eta irainari estalki legala jarriz gero… suziriak!

Tristeena da, azkenean galdera hau egin behar izatea zeure buruari: “eta euskarak zer ikusi dauka honekin guztiarekin?”. Herri honetan euskara eurena ere badela onartzen ez duten bakar batzuk dauden bitartean, ez dugu aurrera egingo. Euskara politizatuta bizitzera kondenatuta dago.

Zertara datoz, hala ez bada, Antonio Basagoitiren azken burutazioak ETB1ekin? Azpitituluak gaztelaniaz jarri? ORAIN? Non eta ETB1en? Orain arte ez dut entzun edo ikusi ETB2n azpitituluak euskaraz jartzeko proposamenik.

Halakoak dauden bitartean, ez da harritzekoa ere honakoak sufritu behar izatea: Egunkariako zuzendarien absoluzioa atzera pausua da (García Casquero, AVT). Biktimek, zelan ez, errespetu osoa merezi dute eta solidaritaterik zintzoena, baina biktimak izateak ez die arrazoia ahoan jartzen Jainkoaren iluminazioa bailitzan.

Berba horiek mingarriak dira, ia herri oso bat eurekin izan duten auzipetuen kontrako iraina, eta luzapenez, guztiok aho bete hortz irakurtzen ditugu, bihotza erreta.

Zer da hemen okerrena? Askotan egin diot honako galdera hau neure buruari, eta ez dut nik erantzunik emango: nola balora dezake euskaraz ez dakien batek euskaraz soilik egina dagoen zerbait? Nondik ateratzen du atrebentzia hori?

Hori da euskaldunon zama. Eta atzo emozio guztiak pil-pilean zeudela, sei urte igaro eta gero, Patxi Lopezek honako hau esateko astia zeukan bakarrik Twitter bidez (bai, gaztelaniaz):

Hutsaren hurrengoa.