Bizkaian, gaztelaniaz argitaratzen diren hiru egunkari nagusien azala ikusita gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, sorpresa ederrak har ditzakegu. Ez dauka azalpen askoren beharrik, batzuetan, keinu sinple batek asko esaten duelako. Mundiala:
Tag: mundiala
Munduko Txapelketa Hegoafrikan berriro?
Beharbada ez duzue jakingo, baina gaurtik eta igandera arte munduko txapelketa izango dugu ostera ere Hegoafrikan, Pretoria hirian hain zuzen ere.
Gauza da, honako honetan, euskal ordezkariek ikurrina izango dutela bandera eta ez espainiarra edo frantziarra.
Misterioa alde batera utziz, Munduko Sokatira Txapelketa izango dugu lehian aste honetan.
Batetik, ostiralera arte, kluben arteko munduko txapelketak izango dira, pisu desberdinetan. Euskadiko ordezkaria Goiherri talde erandioztarra izango dugu.
Bestetik, larunbatean, nazioen munduko txapelketa izango da jokoan. Baina gure mutilek ez dute horretan parte hartuko, euskaldunak direlako, eta ez espainiarrak edo frantziarrak. Nazioarteko Sokatira Federazioa (Tug of War International Federation) kontziente da Euskal Herriko arazo politikoaz, baina ez omen dirudi oso ausarta denik azalpenak eman behar dituenean, eta euskaldunek Frantzia edo Espainiaren izenpean tiratu beharko lukete. Adibide gisa, klikatu hemen mundialean parte hartzen duten herrialdeen zerrenda nola antolatu duten ikusteko. Frantzia eta Espainia batera agertzen zaizkigu! (Northern Spain/Southern France). Kuriosoak behinik behin gauzak benetan nolakoak diren ez azaltzeko egiten diren tranpatxoak.
Hain gureak diren kiroletan ere, gure selekzioak izateko eskubidea ukatu egiten zaigu. Tamalgarria.
Kirol hutsera bueltatuz, ikusiko dugu gauzak zelan doazen. Blog honetatik gure ordezkaritzaren berri ematen saiatuko naiz berriak heldu ahala, ea munduko txapeldun ateratzen zaizkigun.
Momentuz, eta lehenengo dastaketatxo gisa, Hegoafrikako iturriek honakoa kontatzen didate:
Oso gogor entrenatzen ari dira pisaketa egunean (gaur) dagokien pisua emateko, pisua ez gainditzeko, gose handia pasatuz ere bai.
Apur bat harrituta omen daude hotel inguruko giroarekin, segurtasun gabezia zantzuak omen baitauzka: hesi ugari, asko elektrifikatuak; prostituzioa; eskolta autoak entrenatzera ateratzeko…
Azkenik, zur eta lur geratu dira beste herrialde batzuetako delegazioek dauzkaten baliabideekin. Inork imajinatzen al ditu txinatarrak sokatiran? Ba bai, hortxe daude, zazpi entrenatzailerekin eta hainbat itzultzailerekin, gureek daukatenaren bikoitzaren bikoitzarekin alegia.
Ea ba, sokatik tira eginda munduko zein txokora hurbiltzen den zapia. Zorte on mutilok!
Izan gara, bagara eta izango gara
Aipa ditzagun, hasteko, azken egunotako egia eztabaidaezin batzuk:
1. Inoiz baino hori-gorri gehiago ikusi ditugu gure inguruan.
2. Jende asko kalera atera da ez bakarrik kirol garaipen bat ospatzera, baita euren espainiartasuna aldarrikatzera ere.
3. Frogatuta geratu da kirola ez dela kirola bakarrik, Espainiatik askotan entzuten den “ez nahastu kirola politikarekin” konatua lokatzean utziz.
Beste alde batetik egia horien maila berean koka ditzakegun beste baieztapen batzuk dauzkagu:
1. Aldarrikapen hori-gorri horiek egin dituztenak ez dira gehiengoa izan, ezta hurrik ere.
2. Estatuko komunikabideek euren tesiak berrindartzeko erabili dute Euskadin kalera atera den gutxiengo hori. Euskadi ere gorriarekin dago, hau da, Espainiarekin.
3. Bagenekien Euskadin bizi direnen zati handi batek Espainian kokatzen duela bere bihotza, hauteskundez hauteskunde islatzen da hori. Zer berri ekarri digu Mundialak errealitate politikoari begira? Bat ez.
Eta egia horiek azalarazita, gogoetarako gaiak, galderak, esaldiak… baino ez zaizkigu geratzen:
1. Zer dugu nahiago? Nork bere sentimenduak plazaratzeko askatasuna sentitzen duen herria ala beldurra arnasten duena?
2. Nola eraikitzen da gizabanakoaren identitatea? Ez al da unean-uneko garaipenetik harago doan zerbait?
3. Erakargarritasunik galdu al dute Euskadirekin soilik lotzen gaituzten ikurrek? Ikurrina, euskara…
4. Euskadik ez al du bere garaipenak “saltzeko” ahalmenik? Nola berrindartu?
Bukatzeko baina, azken egunotan bueltaka izan dudana. Berrogei urteko diktadurak “xarma” kendu zion Espainia gogora zekarren orori. Horrenbeste urtetan bizitzen ari garen terrorismoak edo terrorismoaren mehatxuak ez al du gauza bera egin Euskadi gogora dakarren ororekin belaunaldi berrientzat?
Indarkeriak eta terrorismoak gure herriari egiten dioten kaltea eta egin diezaioketen kaltea ez da bakarrik begiekin ikusten dugunarekin neurtzen.
Dena dela, ez dezagun itxaropenik gal: izan gara, bagara eta izango gara, ez izan zalantzarik.
I don´t need Spain
Patxi Lopez atera zaigu berriro, azken boladan, euskal herritarrok [Enlace roto.] dauzkagula gogoraraztera. Behintzat, esaldia atera digu plazara, asko errepikatuta egia bihurtuko zaiolakoan edo.
Hori bai, bada ez bada ere, zein identitate maite behar dugun argi gera dakigun, Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu du Espainiako Gobernuarekin Euskadiren irudia Europan Estatuarekin lotze aldera,[Enlace roto.] (Euskadi behar dut) lelopean.
Lelo horrek zaharrago bat ekarri dit gogora, “Euzkadik behar zaitu” ospetsua alegia. Eta hala da, zure koloreak ez badatoz bat horia eta gorriarekin, zuriak, gorriak eta berdeak behar zaituzte. Jarri aberriari nahi duzun izena, Euzkadi, Euskadi, Euskal Herria, Baskonia… niri bost, baina guztiok gara euskaldun, begietatik beste ezer sartu nahi diguten arren (ezta?)
Kopeta behar da identitate arazoak gaindituta dauzkagula baieztatzeko eta handik laburrera Espainia hitzaren “armoniarekin” ahoa betetzeko. Balearen tamainako kopeta.
Tartean, gaur bertan, edozein arazoz gaindi dagoen hitzordua omen daukagu 20:30ean, futbol Mundialaren final erdiak. Gorriz jantzita doan talde batek jokatzen duela esan didate, egia esan, ez naiz asko enteratu, komunikabideetan ez baita ia ezer aipatzen horretaz. Baina ahaztu zure bizitzan eta ingurukoenean dauden arazo guztiak, horrek beste ezerk baino garrantzia handiagoa baitauka. Zuk ez duzu 600.000 euro jokoan, baina lasai, bularra puztuko zaizu hor baitaude Llorente, Martinez eta Alonso zure herria ordezkatzen, ezta?
Gogora ekartzearren baino ez: Alemania, Uruguai edo Holandako selekzioek ez dute sosik jasoko txapelketa irabaziz gero. Estatu horietako herritarren patriketatik ez zaie txakur txikirik ordainduko.
Horregatik bakarrik bada ere, I don´t need Spain. Dirua xede nobleagoetarako dago.
Mundiala dator-eta…
Ez dago modu egokiagorik mundiala datorrela adierazteko: mundiala datorkigu!!!
Ez txarto pentsatu, ez da euforia, ez da bizi-poza… mundiala datorkigu gainera: hilabeteko matraka komunikabideetan, futbola une oro, kolore gorri-beilegien eta Frantziako oilarraren goraipatze chauvinista, e.a.
Horrek guztiak hartzen du prentsa eta prentsa ez denaren arreta nagusia. Martitzetik letorkeen estralurtarren batek pentsa lezake poloetatik zapalduta dagoen gure planeta honetan, horixe daukagula gairik garrantzitsuena hurrengo egunotan, Football Planet edo Soccer Planet, globalizaziora makurtuz.
Krisi garaian gaude, eta gerrikoa/uhala estutzea dagokigula dioskuten bitartean, Espainia eta Frantziako selekzioek (edo Futbol Federazioek) dirua xahutzea dute xede.
Alde batetik, Espainiako jokalariek, mundiala irabaziko balute, 600.000€ jasoko lukete ordainsari, selekzio guztien artean saririk altuena. Federazioa ez da erakunde publikoa, baina bai, ordea, diru publikoarekin lagunduta dagoena. Moralak zer lezio eman behar al digu horretaz?
Bestetik, Frantziako Federazioan, oraindik eta nahasiago daukate giroa. Federazioak luxuzko parajea aukeratu du bere jokalariak instalatzeko, musika eta zine izarrek soilik zapaltzen duten horietakoa. Baina ez hori bakarrik, horrezaz gain, jokalarien neska-lagunak edo emazteak (antza futbolera oraindik ez da homosexualitatea heldu) ere gonbidatu dituzte paradisura.
Tartean, mundiala Hegoafrikan jokatzen da, eta jakin badakigu herrialde hura ez dela bizi-kalitatearen paradigma. Pobreziaz eta delinkuentziaz inguratuta, futbol izarrek gozamena eta luxuarekin esperimentatzen jarraituko dute.
Hori bai hori munduari adibidearekin predikatzea.
Let´s play!