Gezurra husteak erdia ustel

Bitxia da politikari batzuek errealitatea euren gustura zelan malgutzen duten ikustea. Bitxia, tristea… edo herritarrok lerdotzat jotzen gaituztela.

Atzo, martxoak 1, urtebete konplitu zen Patxi Lopezek hauteskundeak galdu zituenetik. Hala ere, lehendakaritzarako jauzia eman zuen.

Ez ditugu hemen errepasatuko emaitzak zeintzuk izan ziren, zein baldintzatan eman ziren hauteskunde horiek eta abar. Hizkuntzaren erabileran geratuko gara, gaurkoan hitzei ematen zaien esanahiari so egingo diogu.

Gezurra: iz. Egia ez dela jakinda edo uste izanda eta besteek egia dela sinets dezaten esandakoa; egia ez dena. Ea noiz den zilegi gezurra esatea. GEZUR(RA) EGIN. Huts egin, emandako hitza bete ez. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikotik hartua)

Hortaz, gezurra, hitz laburretan, emandako hitza ez betetzeari deritzo. Iazko hauteskunde kanpaina gogora ekarrita, edonork oroit litzake gaur egun lehendakari den jaunaren adierazpenak: “ez dut PPrekin pakturik egingo”.

Martxoaren 1ean bertan, lehendakari izateko legitimitatea zuela adierazi zuen, hauteskundeak galdu eta hurrengo segundoan. Abian jarri zen hitzarmena PPrekin.

Gaur bertan, Idoia Mendiak, Gobernuko bozeramailea, esandakoak entzun ahal izan ditugu, Patxi Lopezek bere hitza bete duela, lehendakariorde ez izateko egin zuen zina alegia.

Ba bai, hala da, hitza bete du, ez da lehendakariordea, lehendakaria baizik. Baina berdin berdin bete zezakeen bere hitzaren parte hori, beste partea ere konplituta, hots, lehendakaria ez izatearena.

Hala egin izan balu, gaur egun esan genezakeen Patxi Lopez euskaldun peto-petoa dela (izanez, ez elez), hitzeko gizona zatekeelako. PPrekin pakturik sinatu izan ez balu, ez genukeen gezurretan harrapatu izango PPrekin pakturik egingo ez zuela esan eta gero. Eta jakina, lehendakariorde ez izateko aukera ere bere esku geratzen zen. Zelako abagunea!

Bagenekien Patxi Lopez gezurraren uretan igerian oso ondo moldatzen dela, baina beste gauza batez hasi gara ohartzen: Idoia Mendiak herria tontoa (edo gor-itsua) dela uste du. Gezur bat egi baten azpian estaltzeak ez du gezurra ezabatzen. Kasu honetan, bat ken bat ez da zero. Hitzak ez dira matematika, eta esandakoak erantzukizuna dakar, eta erantzukizun horri erantzuten ez diozunean errudun zara.

Horretara dator, beraz, idatzi honen izenburua: gezurra egi batekin husteak, ustelaren kiratsa baino ez dakar.

%96ko B eta D bitaminak

Hori da [Enlace roto.], eta horrela onartu du EAEko gobernuak.

Are gehiago, gobernuak ikastetxeko hogei eskaera  exijitzen zuen A ereduko ikasgela zabaltzeko, PPk muga hamabostean  jartzen zuen bitartean. Bada, ez da ezta hamabostera heldu den kasurik egon Erkidego osoan.

Dena dela, argi dago ez dutela amore emango, ez diotela gizarteari entzungo. Gaur Arantza Quirogari (Legebiltzarreko presidentea eta PPkidea) Xabier Lapitzek eginiko elkarrizketa entzun dut Onda Vascan, eta A ereduarekin tematuta daudela ezin ageriago utzi du.

Orain arazoa ez da 15 eskaera egotea ikastetxe baten, ez. Orain, noski, ikastetxe bat baino gehiagotako eskabideak batuta, tira, ikasgela batzuk zabaltzeko ematen duela esan du Quiroga andreak, hortaz egon badagoela eskaririk.

Ez zaio axola zer nolako hizkuntza mailarekin ateratzen diren eskolatik, ez zaio axola elebitasuna, ez zaizkio axola bertoko umeen eskubideak; umeen eskubidea baita hizkuntza biak jakitea, eta gurasoen erantzukizuna da hori bermatzen saiatzea, hala nola administrazioaren beraren erantzukizuna ere bai.

Baina ni Legebiltzarreko presidenteak egindako baieztapen batekin geratu naiz. Agian oso zeharka jarri diote arreta entzuleek, beharbada ez dira bere garrantziaz ohartu, baina Quirogak zera esan du, “gauza bera esango nuke D ereduarekin gertatuko balitz” (itzulpen librea, jakina).

Hortaz, txaloak eta bibak botatzeko moduan gaude euskaldunok. Hori bada PPren jarrera, imajinatzen dut Nafarroako Erkidegoko eremu guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu egingo dutela, ezta? Hala ere, ez dakit zergatik, baina uste dut ez dela horrela izango.

Mesedez, lehia gehiagorik ez hizkuntzarekin, eredu bakarra behar dugu hezkuntzan, herri honen hizkuntza ofizial biak behar den moduan ikastea berma dezakeen eredua. Gizarteak eskatzen duelako, eta euskarak merezi duelako.

Bien bitartean, zenbaiten erasoek makal ez gaitzaten,  batez ere D bitamina hartzen jarraituko dugu euskaltzaleok.