%96ko B eta D bitaminak

Hori da [Enlace roto.], eta horrela onartu du EAEko gobernuak.

Are gehiago, gobernuak ikastetxeko hogei eskaera  exijitzen zuen A ereduko ikasgela zabaltzeko, PPk muga hamabostean  jartzen zuen bitartean. Bada, ez da ezta hamabostera heldu den kasurik egon Erkidego osoan.

Dena dela, argi dago ez dutela amore emango, ez diotela gizarteari entzungo. Gaur Arantza Quirogari (Legebiltzarreko presidentea eta PPkidea) Xabier Lapitzek eginiko elkarrizketa entzun dut Onda Vascan, eta A ereduarekin tematuta daudela ezin ageriago utzi du.

Orain arazoa ez da 15 eskaera egotea ikastetxe baten, ez. Orain, noski, ikastetxe bat baino gehiagotako eskabideak batuta, tira, ikasgela batzuk zabaltzeko ematen duela esan du Quiroga andreak, hortaz egon badagoela eskaririk.

Ez zaio axola zer nolako hizkuntza mailarekin ateratzen diren eskolatik, ez zaio axola elebitasuna, ez zaizkio axola bertoko umeen eskubideak; umeen eskubidea baita hizkuntza biak jakitea, eta gurasoen erantzukizuna da hori bermatzen saiatzea, hala nola administrazioaren beraren erantzukizuna ere bai.

Baina ni Legebiltzarreko presidenteak egindako baieztapen batekin geratu naiz. Agian oso zeharka jarri diote arreta entzuleek, beharbada ez dira bere garrantziaz ohartu, baina Quirogak zera esan du, “gauza bera esango nuke D ereduarekin gertatuko balitz” (itzulpen librea, jakina).

Hortaz, txaloak eta bibak botatzeko moduan gaude euskaldunok. Hori bada PPren jarrera, imajinatzen dut Nafarroako Erkidegoko eremu guztietan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu egingo dutela, ezta? Hala ere, ez dakit zergatik, baina uste dut ez dela horrela izango.

Mesedez, lehia gehiagorik ez hizkuntzarekin, eredu bakarra behar dugu hezkuntzan, herri honen hizkuntza ofizial biak behar den moduan ikastea berma dezakeen eredua. Gizarteak eskatzen duelako, eta euskarak merezi duelako.

Bien bitartean, zenbaiten erasoek makal ez gaitzaten,  batez ere D bitamina hartzen jarraituko dugu euskaltzaleok.

EiTBrentzat Iparralden ez dago euskaldunik

EiTBrentzat Iparralden ez dago euskaldunik, argi eta garbi.

Baieztapen hori ez da edonondik ateratako ondorio interesatua, eta egia esan, ez dut hausnarketa sakonik egin behar izan konklusio horretara iristeko, ez horixe. Askoz errazagoa izan da dena.

Twitter sare sozialeko berriak jarraitzen ari nintzela, EiTBiparralderen txioa heldu zitzaidan, hau da, EiTBk Iparraldeko berriak emateko duen kontutik mezua heldu zitzaidan. Mezua frantses hutsean zegoen. Neure buruari esan nion, tira, betikoa izango da, 140 karaktereak itzultzen ibiliko dira… eta ez, ez zitzaidan euskarazko “txiorik” heltzen.

Aztoratuta, ulertu ezinik eta ezin sinetsi nenbilela, “EiTBiparralde” horren kontuan sakatu nuen, informazioa eskuratzeko asmoz, eta zoritxarrez, datorrena begiztatu behar izan nuen:

Den-dena frantsesez, berririk ez euskaraz edo eskuaraz.

Hala ere, aukera berria eman nahi izan nion EiTBri, Twitterekoa salbuespena izan zitekeelakoan. Esperantza horrek bultzatuta EiTBren web orrian sartu nintzen azterketa txikitxo bat egitera.

Hasteko, euskara eta gaztelaniazko bertsioak berdinak dira edukietan. Oro har (erabat ez esatearren) Hegoaldeko berriak daude irakurgai, eta ez dago Iparraldekoak hautatzeko modurik.

Baina… o! sorpresa! Frantsesezko bertsioan sartuz gero, edukiak zeharo aldatzen dira, eta bilatzen ari ginen Iparraldeko informazioa agertzen zaigu. Jakina, informazio hori euskaraz irakurtzeko modurik ez dago, inondik inora.

Penagarria da, baina esandakoak esan eta gero, zelan esan genezake EiTBk aintzat hartzen dituela Frantziar Estatuko errealitate administratiboan bizi diren euskaldunak? Ez dago modurik.

EiTBk bere kuota folklorikoa betetzen du Iparraldeko berriren bat nola edo hala emanda, baina EiTBrentzat, Iparralden ez dago euskaldunik, edo okerrago, Iparralden bizi diren euskaldunek ez dute euskaldunak izateko eskubiderik.

Irekiarentzako erantzun irekia

Benetan, hasiera-hasieratik garbi gera dadila Gobernu Irekiaren ideia ez dudala batere begi txarrez ikusten, betiere ez bada pertsona bakar baten propagandarako erabiltzen behintzat. Baina hori beste gai bat zabaltzeko izango litzateke, eta gaurkoan ez natorkizue Irekiaren erabilera pertsonalistaz edo alderdikoiaz hitz egitera.

Bloga jarraitzen hasi bazarete, atzoko idatzian, Irekia Gobierno Abiertok euskara zelan darabilen salatu nuen, edo pixka bat agerian utzi bederen. Bada, Irekia egitasmoan lanean dabiltzanek iruzkina utzi zidaten, honako hau alegia:

Kontuan hartuko dugu hori eta gai hau zuzendu eta behar bezala bideratu nahi dugu. Eskertuko genizuke, beharrezkoa dela uste baduzu, http://www.comunidadvascainnovadores.net/pg/pages/view/8427/-ra zure ekarpenak bidaliko bazenizkigu. Agur bero bat

Tira ba, erantzunak mamia dauka, eta uste dut merezi duela horri garrantzia pittin bat emateak.

Lehenik eta behin, erantzunean atxikitutako “URL” edo esteka horrek ez du batere aintzat hartzen gure hizkuntza, lehenengo inpresiotik hasteko.

Bigarrenez, estekari jarraituta, honako honekin topo egiten dugu, edo hala gertatu zait niri:

Irekiak euskara bultzatu egiten duela dioen esaldiarekin bat, gaztelania hutsean dauden datuak agertzen dira ezkerreko zutabean, eta testu nagusiari erreparatuta, euskaraz (omen) dagoena, akats eta molde artifizialak aurkitzen ditugu: “modu normalizatuan”, “hainbat kolektiboaren”, “zeren saihesten baita”, “elkarrizketatzeko dutena ahalmen babesten da”, “geratu ez dadin”, e.a.

Horrez gain, ezin ahaztu idazkera artifizial hori, batere hurbiltasunik ez duena. Zergatik errepikatu gaztelaniaren moldea perpaus inpertsonalak erabilita behin eta berriro?

Gainera, gaur bertan, Irekiaren Twitter bidez heldu zait hitzaldi baten iragarkia. Honatx:

Egin dezagun akatsen zerrenda “txiki” bat, larrienak edo, hobetzeko beste batzuk ere badaudelako:

  • Hilaren izena (otsaila) letra larriz dago.
  • Lakuan ez al dago “ekitaldi-aretorik”? Salón de actos ez zait euskaraz oso erabaki zuzena iruditzen.
  • Badirudi baita ere, orain “Gobierno Vasco” esan behar dugula euskaraz.
  • Berriro ere, orduekin arazoak: “15:00etik 16:45etara”? Hori ez da orduak idazteko modua.
  • “Izena eman dezakazu hermen“. Tira, argi ikusten da.

Baina larriena zer da? Larriena Irekiak atzo emandako erantzuna bera izan zen. Zergatik?

  • Erantzunean inbertitzen dutelako, hau da, irudian, eta ez euskaraz diskurtso egokia eraikitzen. Irekiaz esaten denak dauzka arduratuta, eta ez ordea, Irekian euskaraz esaten denak.
  • Planteatzen nituen arazoei ez diete erantzun zuzenik ematen.
  • Berriro diot, ados nago “kolaborazioarekin” orokorrean, baita Gobernu Irekiarekin. Baina Gobernuak bere lana egin behar du, ez diogu besteok lana egin behar. Gobernuan lan egiten dutenak erabakiak hartzeko daude bertan, eta erabaki zuzenenak ahal izanez gero. Proposamenek beste ildo bat jarraitu beharko lukete, eta ez beste batzuei dagokien lana egin edo zuzentzearena.

Adibideekin bukatzeko, ez du merezi Eusko Jaurlaritzako lan hizkuntza zein den aztertzeak, hori bai, hurrengoa bezalako mezuak ikusi behar izana onartezina iruditzen zait:

Itzultze prozesuan dagoela? Mesedez!! Hori da euskararen alde egiteko modua? Euskal irakurlea zamatzea? Azkenak izan behar al dugu informazioa irakurtzen? Hori bai, hori errespetu falta galanta da, eta berriro erabiliko dut hitza, ONARTEZINA guztion gobernua izan nahi duen horretatik etorrita.

Eta Eusko Jaurlaritzarentzako aholkuz mozorrotutako inpresio batekin amaitu nahi dut gaurkoa: hobe lukete Internet bidezko zainketa gailu edo tresnetan gutxiago gastatuko balute, eta apur bat gehiago gastatu diskurtso egoki eta zuzena eraikitzen.

Irekia ala Enkriptatua?

Irudiz eta adibidez osatu nahiko nizueke gaurko gaiaren gaineko disertazioa, irudi batek esandako 10.000 hitzek balio dezaketena baino nahikotxo gehiago balio duelako.

Nik ere, jakina, irekia eta argia nahi dut honako post hau. Ulergarria, arina, ulerterraza…

Hori bai, Eusko Jaurlaritzak abian jarri berri duen Irekia egitasmoak, ordea, ez du ematen helburu berberak dituenik, behintzat hartzaile euskalduna aintzat hartzen badugu.

Ba bai, kuriosoa da, gobernua irekitzeko eta ustez gardentzeko sortu dena, euskaldunok iluntasunean eta opakutasunean hondoratzen gaitu.  Benetan, irakurle euskaldunok pazientziaz jantzi behar dugu, beste ezer egiteko astirik sobera izango bagenu bezala tratatzen gaituzte, asko eta askotan gaztelaniara jo behar baitugu gure hizkuntzan idatzitakoa desenkriptatzeko.

Begirada bat baino ez zaio bota behar Irekia Gobernu Irekiaren web orriari. Ez dut euskararen kalitatearen azterketa sakonik egin nahi, baina bertatik pasatzen denak berehalakoan igarriko du zerbaiten kutsua: artifizialtasuna. Ez dago eroso sentitzeko modurik web orria irakurtzean; hizkuntza, askotan, oso zehatza edo egokia ez den bezalaxe, ez da batere hurbila. Hoztasuna eta artifizialtasuna agerian geratzen dira alegia.

Egia da hori sentsazio subjektiboa baino ez dela, baina urteak dira edozer gauza irakurtzen, eta hor ez dago hurbiltasunik, ez dago hizkuntza egokirik.

Azken horren adibiderik, egokitasunarena alegia, bai jar dezaket ordea, adibidez web orrian bertan ikus daitezkeen batzuk:

  • Lehendakariak “Euskadiko Ekonomia suspertzen hasi dela” baieztatzen du. Normalean baieztatzen al du hori lehendakariak? Nolako maiztasunarekin? Egia da ez litzatekeela harritzekoa izango Patxi Lopez halako pitokeriaren bat esaten entzutea egunero, baina ematen du esaldi horretan aditz denborarik egokiena “baieztatu du” litzatekeela, ezta?
  • Open data, datu-publikoen irekidura: datu publikoetan sartzeko zirrikitua zabaltzen ari ez badira, badirudi irekidura hitza ez dela doiena. Eta beste alde batetik, utz dezagun alde batera aditzekin izenak sortzeko joera erdalduna, erabil ditzagun aditzak ezagutzen ditugun moduan: “datu publikoak irekitzea”.

Web orriarekin batera, Irekia hau, presente daukagu sare sozialetan ere bai, hala nola, Twitteren. Lagun batek bidalitakoekin (ESKERRIK ASKO) osatu nahi dut Gobernu berri honek enkriptaziorako daukan grina, eta hona hemen Twitter sare sozialean “Irekiak” utzitako perlatxo batzuk:

Euskarari jaramonik ez hitzaldi baten. Baina horrezaz gain… “emara”? Hori zer da? Txori espezie berria? Amara auzoko enarak?

Beste batzuk:

Orduak idazteko modu berezia, “jarraitu dezakezue”…

Esaldi potoloa: “eta baita”, “ere” lokailua amaieran ahaztuta, “behar” aditzak NOR NORK behar du

“Bapateko itzulpenik”?? Ez al da “bat-bateko” izango? Edo “aldibereko”?

Eta lodikote bat, ea baten batek esaldiari zentzurik harrapatzen dion, hitzen baten ortografia ahaztuta:

Misterio, enkriptazio borobila. Zer esan nahi du horrek? Galderak euskaraz egin daitezkeela edo? Hala bada, eskerrak Gobernu Irekiak gure hizkuntz eskubideak aintzat hartzen dituen, bestela akabo.

Badaukat materiala jarraitzeko, baina idazki bakar baterako gehiegi izango litzateke irakurlerik sutsuenarentzat ere. Dena dela, gauzak zelan dauden, ez dut uste Eusko Jaurlaritza eta Gobernu Irekiari buruz idatziko dudan azken testua izango denik.

Laburbilduz: ongi etorriak Irekiaren kontzeptu ezkutura. Zorionak Lopez!