Hauteskunde debateak

Atzo ETB1eko debatea izan zen, euskaraz, eta Patxi Lopez, duela hiru urte eta erdi agindu egin bazuen ere, ez zen bertan izan. Ezta Basagoiti ere, baina hura ez genuen espero.

Euskarazko debatea ikusi ostean, pentsatu nuen lehen gauza zera izan zen, pena ematen zidala euskaldunak ez diren euskal herritarrek eztabaida jarraitu ezin izana, benetan arina, mamitsua eta emankorra izan zelako, gaztelaniazkoa ez bezala.

Oso irudi ona eman zuten bai Urkulluk, bai Mintegik, lasai, solturaz, eta esan nahi zutena ondo azalduz, mahaikideen solasaldien interbentzioak baldintzatuaz. Urkulluri estadista handiko trazak ere antzeman nizkion, eta Laura Mintegik berak ere bere adostasuna adierazi behar izan zion euskal subiranotasunaren gaia atera zenean. Basagoitik eta Lopezek jarri dute kanpaina honetako joko zikina, eta ETB1en falta izan zirela nabaritu zen ere aspektu horretan, eztabaida lasaia izan zelako, mamitsua bai, baina lasaia, harropuzkeriarik gabekoa.

Baina batez ere, ETB1eko formatuaren emankortasunari begira, galdera bat bururatu zitzaidan: zergatik aurreko eguneko debatea ez zen hain erakargarria izan? Astuna ere suertatu zen tarte askotan. Ba erantzun bat eta bakarra aurkitzen diot galdera horri. Jakina da eztabaidetako arauak eta moldeak solaskideen artean adostu behar dituztela, eta hala ez bada, ez dago debaterik. Jakinda Lopez eta Basagoiti falta izan zirela ETB1ekoan, erraz ondoriozta daiteke bietariko batek (edo biek, akaso) ekidin zutela bart izan zen debatearen formatua ETB2koan ere ikusi ahal izatea. Esateko ezer gutxi duenak bakarrik jar liezazkioke hainbesteko mugak eztabaida sakon, serio, eramangarri eta mamitsu bati, programa duena, ostera, esateko gauza asko dituena, ez da zertan horren beldur izan.

Mintegi (hasiera batean egongo ez zela esan arren) eta Urkullu indartuta atera dira ETBko debateetatik, biei bere osotasunean erreparatuta. Eta atzokoan, aurrekoan bezalaxe, Urkullu izan zen erdigunea, denak zeuden hari begira.

Euskal gizartea ere horretaz jabetuko delakoan nago. Garai berriak datoz.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *