Irakurri dut atzo Gara egunkariak argitaratu zuen Euskal Herriko Futbolarien prentsa oharra. Bihoa aurretik barruak astindu dizkidala testuak, emozionatu eta guzti egin naiz apur bat, eta nire buruari zera esan diot, ostia! Aurrera doaz, pausuak ematen ari dira, gure selekzioa nahi dute eta prest daude edozertarako.
Betidanik behar izan ditugu halako eragileak gure herrian aberrigintzarako, eta gizartean ospea eta entzutea dutenek inork baino gehiago eragin dezakete.
Baina lehen sintoma horien berotasuna epeltzen joan denean, gauzak beste modu batera ikusi ditut eta beste zenbait xehetasun ekarri dut gogora:
1. Egoera eskizofreniko hau guztia ez zen kolore batzuengatik hasi, izen baten lehiagatik hasi zen: Euskal Herria, Euskadi, Euskal Selekzioa… pitokeria galanta. Badakigu zer eta nor garen, eta abestiak dioen bezala: zuri, gorri eta berde gure koloreak, defenda ditzagun mundu guztian.
2. Ofizialtasunerako urrats sendorik ez ematea leporatzen diete jokalariek Euskal Federazioari. Gogora dezagun saltsa honetan, behintzat beste federazio bat badagoela tartean: Nafarroakoa. Eta Iparralderi dagokionez, pentsatzen dut Akitanian Federazioa ere egongo dela. Erantzukizuna zergatik da bakarrik Federazio batena?
3. Jokalarien papera. Ofizialtasuna lortu nahi dutela diote, jokalariak askatasunez erabaki ahal izatea zein selekziorekin jokatzen duen. Baina giroa nahasteaz aparte eta prentsa oharrak ateratzeaz gain, zer egin dute jokalariek? Euskal Herria horrenbeste maite duten horietakoren batek uko egin al dio Espainiarekin (edo Frantziarekin) jokatzeari? Hori ereduarekin lan egitea litzateke.
4. Euskal Herriko Futbolariak talde horrek zeintzuk ordezkatzen ditu? Guztiak? Euskal Herriko jokalarien %100? Noren izenean hitz egiten dute? Hori ere ez zaigu batere garbi geratu.
5. Jokalariek banaka hitz egiten dutenean, euren klubetako prentsaurrekoetan, ez dira hain garbiak, ez dute ofizialtasunez hitz egiten, ez dituzte pausu sendoak aipatzen eta honako hitzok bakarrik darabiltzate: futbolaren jaia, partida polita, giroa, jokatu nahi… Hitz hutsak, inolako konpromisorik adierazten ez dutenak.
Hortaz, bai, futbolariak ados omen daude Euskal Selekzioaren ofizialtasuna erdiesteko helmugarekin, baina Euskal Herriko Futbolariak izenak ematen dien anonimotasunpean ezkutatzen zaizkigu.
6. Eta bukatzeko, prentsa oharra Gara egunkarira bakarrik bidali zuten jokalariek. Hori bai pluraltasun ariketa bikaina, Euskal Herrian beste komunikabiderik ez balego bezala. Horrela helarazi nahi dizkiete euren iritziak euskal gizarteari?
Gainera, hor tartean ESAIT ere ibili zaigu bazterrak nahasten, ez dakit zeren bozeramaile, partidarik ez zela egongo, euren esku bakarrik balego bezala. Horretarako bakarrik bada ere, sentimendu baten monopolioa nahi dutenei ahoa itxi diete jokalariek bederen.
Tira, inuxente-inuxente, oraindik espero dut, nozibait, saltsa honetan guztian denek aurpegia ematea eta benetako irtenbideen bila hastea. Herri honen gehiengoak Euskal Selekzioa ikusi nahi baitu lehia garbian nazioartean, badelako garaia.
Este partido no deja de ser una pachanga navideña para disfrute de dos tipos de futbolistas: 1) Los que luego van a jugar muy contentos con la selección qye realmente importa, o sea, la española 2) Los que jamás serán convocados por España pero a los que les hace ilusión ser por un dia “internacionales”.
Pentsatu nahi dut hirugarren bat ere badagoela, bigarrenarekin uztargarria dena: Euskal Selekzioarekin konpetitu nahi dutenak
Lartxuetan behin eta berriz erabiltzen da, aberria hainbeste maite dutenek zergatik ez duten uko egiten Espainiako eta Frantziako selekzioaren deitzeari, bai hedabideetan, kalean etab, baina zergaitik ez da inoz argitzen, jokalari batek Espainiako edo Frantziako selekzioaren deikurari uko egiteak, arrazoiz ez den erabaki bategatik, Federazioako jokalari lizentzia galdu eta bere sustentu eta ogibide den profesio praktikatzeko ez duela aukera legalik izanen, akaso ez da zilegi hori jakitea, bizkarra berotzen jarraitu ahal izateko?
Kontsultatu beharko nuke Atxi, ez nago horretaz batere ziur. Eta hala bada, kostata pentsa nezake gerta daitekeenik. Gertatuz gero, pentsa zelako iskanbila, eta horrek ere aurrea pausuak emateko balioko luke.
Ez dakit, beti uste izan dut kondaira urbanoa dela, klubek isuna ordaindu beharko luketena dioenaren berdintsua.
Inork al daki ziur?
Eskerrik asko iruzkinagatik.
oraindik itxaroten nago espainiako selekzioari uko egiten dion lehen jokalaria, beste batzuei hainbeste eskatuz. Desobedientziak beti izan du ordain bat, intsumisoak kartzelara, manifestazioak bakearen alde eta ostia galantak jaso behar (munduari begira nago), independentzian alde hildakoak, kartzelaratuak….jokalariak noiz? eta zer?
Bai “tto”, ematen du “merke” ateratzen zaiela euren militantzia, baina tira, ikusiko dugu honek guztiak nora garamatzan.
Euskal Herria, Euskadi, Euskal Selekzioa… pitokeria(?) galanta (SIC). Ba ez jauna, ez, ez da inolako kirtenkeriarik, hain justu ere honetan datzalako arazoaren muina. Harluxet Hiztegi Entziklopediakoaren arabera Euskal Herria zera da: “Europako HM-ko nazioa, Frantzia eta Espainiako estatuetan banatua; 20.864 km2 eta 2.920.123 bizt. (euskal herritarrak). Hbru. historikoa: Iruñea. Zazpi probintzia edo lurralde historiko ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Espainiako estatuan eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Frantziakoan”. Eta Euskadi berriz: “Euskal Herria hitzaren sinonimoa da eta euskal lurralde historiko guztiak batera adierazteko balio du. Alabaina, maiz samar, jatorrizko adiera murrizturik, Hego Euskal Herria edo Euskal Autonomi Elkartea izendatzeko erabili ohi da.” Askok horrela ulertzen dugu bi izenen adiera. Are gehiago gure selekzio nazionalari izena aldatu zitzaionean marko autonomistan egokitzeko, Euskadi izena emanez lehen EUZKADI zeritzonari, nazionala izateari utzi zion autonomikoa izatera igaroz. Bide bi daude gutxienez guzti hau konpontzeko: EUZKADI izena berreskuratzea (izen honen menpe hainbeste eman zutenen oroimenez) edo EUSKAL HERRIA izena hartzea (zazpi lurralde ordezkatzen dituen selekzio NAZIONALA). Arazoa federazio autonomikoa batek partida antolatzen duela da, eta hau guztiz gainditu behar dugu 7 lurraldeetarako federazio bakarra sortzeko bestela gurpil zoro baten murgilduta biziko ginateke etengabe, izaera autonomiko eta beraz espainolista duen federazioari geure nazio selekzioaren ofizialtasuna eskatuz. Badakit ezinezkoa dela planteatutakoa, baina agian gainditu beharko genuke federazioen eskema eta ELKARTE DEMOKRATIKO BAT SORTU FEDERAZIO NAZIONALAREN LANA EGINGO LUKEENA INGALATERRAN, IRLANDAN, ETA ESKOZIAN GERTATZEN DEN MODUAN.
Euskal Herria horrenbeste maite duten horietakoren batek uko egin al dio Espainiarekin (edo Frantziarekin) jokatzeari? Tamalez inork ere ez dio ukorik egin. Hipokresia galanta !!
Gainera, hor tartean ESAIT ere ibili zaigu bazterrak nahasten, ez dakit zeren bozeramaile, partidarik ez zela egongo, euren esku bakarrik balego bezala (SIC). ESAITek EUSKAL HERRIKO SELEKZIOAREN partidaren ez zela egongo esan zuen, eta horrela izango da, ez baitu jokatuko ez Euskadikoa ezta EUSKAL HERRIKOA ere ez.
Nire ustez, izena gutxienekoa da, euskaldunak garenok ondo baino hobeto dakigulako zer garen. Ni euskaldun sentituko nintzateke berdin-berdin Euzkadi, Euskadi edo Euskal Herria izenpean.
Zelan ulertzen diren izen batzuk… ba ohitura berriro aldatu arte. Euskadiko Selekzioa deitu izan dugun honetan nafarrek eta iparraldekoek jokatu dute ere bai.
Egia da Federazioen egiturak gainditu beharra daukagula, baina nola? Kirolariek azpitik hasi beharko lukete presioa egiten, ez dakit, konplikatua da.
Eta ESAITena horrela justifikatzea… ba bai, egia da, selekzioak ez du Euskal Herria izena hartuko, baina ez dut uste hori esan nahi zutenik partidarik ez zela egongo adierazi zutenean.
Mila esker parte hartzeagatik, ikaskide ohi misteriotsu hori.
Ojala y algun dia pueda aprender el euskera ,aunque trabajo me cueste aprender este idioma milenario y culturalmente uno de los mas antiguos junto al hebreo ,gabon ,eskerrik asko .