Nor da euskaldun? Zer da euskaldun izatea?

Aste honetan ziztu bizia hartu du Interneten Iñaki Perurena protagonista den bideo batek. Bertan, harrijasotzaile ohiak errepaso handia ematen dio kazetariari (Bilbovisioneko Manu delakoa) hark nafarra dela esaten dionean, eta ez euskalduna. Hemen duzue bideoa:

http://www.youtube.com/watch?v=kcqYNkI3PnY

Nire ustez, oso adierazgarria da bideoa, batez ere xehetasun txiki batengatik. Perurena gehien haserretzen den momentua kazetariak “jakintsu” (sabio) deitzen dionean dator. Ordura arte, Perurenak bere euskalduntasuna azaltzen du, zergatik den euskaldun, besteok garen bezalaxe. Baina ez du ulertzen berak naturaltasunez ikusten duen zerbaiten, eta azalpen arrazoitua eman ostean, besteak “jakintsu” deitzea, Iñakik naturaltasunez hitz egiten duelako, bihotzetik ateratzen zaiona argudio historiko eta soziolinguistikoz janzten duelako, bizi den herria ezagutzen arduratu delako.

Perurena jakintsua al da ala Manu arduragabe galanta?  Hortxe dago koska, hortik datorrela haserrea eratortzen dut nik.

Erdaraz (gaztelaniaz kasu honetan) hitz egitean vasco eta navarro erraz desberdin genitzake, banaketa administratiboak dakarren laguntzaz gehiago. Baina euskaraz? Nafarra eta euskalduna? Nafarra ala euskalduna? Euskaraz dakien nafarra ez al da euskalduna? Euskalduna da euskaraz dakielako soilik? Euskaraz dakien nafarra ez da euskalduna eta gaztelaniaz soilik dakien “euskotarra” (baskoa) euskalduna da? Gogora dezagun Euskaltzaindiak “euskaldun” berba gentilizio modura onartuta duela ere bai.

Garbi daukat, eta abestiak argi zioen, “guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara, nahiz eta hitz ezberdinez, bat bera dugu hizkera”.

Naturaltasunez ikusiko bagenu naturala dena, bistara zein entzumenera naturalki agertzen zaiguna, hamar mila pausu aurrera emango genuke gure herrian eta gure gizartean.

Joan ala ez joan. “To go or not to go”

Guztion eskubide zibil eta politikoen aldeko larunbateko manifestazioak sentsazio isuria utzi du atzean. Hautsak harrotu egin dira, eta EAJ kritiken epizentroan geratu.

Joan ala ez joan? Hori da galdera. Ba argi dagoena zera da, joan aurretik zenbait gauza hartu behar izango direla aintzat aurrerantzean:

1. Fede ona rara avis omen da.

2. Adostutako paperak, batzuetan, haizeak eramaten ditu.

3. Erdian egoteak zaplaztekoak ezker-eskuinetik jasotzea dakar.

4. Ezker abertzaleak egindako hausnarketa sakonak ez du esperoko eragina izan euren zaleengan.

5. Errespetua ez da bakar batzuei zor zaien zerbait bakarrik, alde bietakoa behar du.

6. Manifestazioa deitzea erraza da, baina lelo handien atzean dauden xehetasunek ez dute protagonismorik hartzen, eta argi geratu den bezalaxe, askotan, xehetasun horiek dira protagonista.

Ondo goaz, bai jauna, bai andrea.

The Amazing Lopezman

superlopezMarvel argitaletxeko superheroia bailitzan, gure Patxik komiki eta film berrietako protagonista izateko hainbat ezaugarri betetzen ditu. Errepasa ditzagun banaka batzuk:

1.  Superheroi onenek bezalaxe, nortasun bikoitza dauka. Bruce Wayne eta Batman, Clark Kent eta Superman, Peter Parker eta Spiderman… Horien guztien maila berean, Patxi Lopez eta Gezurterobero: lehendakari ingeniaria, lehendakari ikasle aplikatua, lehendakaria eta bere nortasun birtuala (bera al da blog, Facebook, Twitter eta tramankulu horien atzetik dagoen gizakia?).

2. Errealitatea bere moldera itxuraldatzeko gaitasuna. Adibidez, liderra inoiz ez izanda, edo behintzat, lidergorik inoiz erakutsi ez duela, lidergoari buruzko hitzaldi batzuetan parte hartuz.

3. Hegan egiten du Patxi Lopezek, edo burua ilargian dauka askotan bederen.

4. Baina garrantzitsuena, ubikuotasunaren dohaina, aldi berean leku bakarrean baino gehiagotan egoteko ahalmena alegia. Hori frogatzen duen irudia duzue behean. Atzo bertan, bere Twitter kontuan, segundoetako diferentziarekin, lehendakaria bi toki desberdinetan zegoela iragartzen zen: Orozkon eta Lidergoaren Forumean (Bilboko Deustuko Unibertsitatean).

AMAZING PATXI

Hollywoodrako gidoia idatzi behar izango banu ez lidakete txakur txikerrik emango seguru asko, baina askoz ere pozago eta lasaiago ikusiko nituzke Lopezmanen abenturak eta balentriak telebistan eta ez, gaur egun gertatzen zaigun bezala, Ajuria Eneko besaulkian eserita dagoela jakinda.

Munduko Txapelketa Hegoafrikan berriro?

Beharbada ez duzue jakingo, baina gaurtik eta igandera arte munduko txapelketa izango dugu ostera ere Hegoafrikan, Pretoria hirian hain zuzen ere.

Gauza da, honako honetan, euskal ordezkariek ikurrina izango dutela bandera eta ez espainiarra edo frantziarra.

Misterioa alde batera utziz, Munduko Sokatira Txapelketa izango dugu lehian aste honetan.

P1943_11-09-10Batetik, ostiralera arte, kluben arteko munduko txapelketak izango dira, pisu desberdinetan. Euskadiko ordezkaria Goiherri talde erandioztarra izango dugu.

Bestetik, larunbatean, nazioen munduko txapelketa izango da jokoan. Baina gure mutilek ez dute horretan parte hartuko, euskaldunak direlako, eta ez espainiarrak edo frantziarrak. Nazioarteko Sokatira Federazioa (Tug of War International Federation) kontziente da Euskal Herriko arazo politikoaz, baina ez omen dirudi oso ausarta denik azalpenak eman behar dituenean, eta euskaldunek Frantzia edo Espainiaren izenpean tiratu beharko lukete. Adibide gisa, klikatu  hemen mundialean parte hartzen duten herrialdeen zerrenda nola antolatu duten ikusteko. Frantzia eta Espainia batera agertzen zaizkigu! (Northern Spain/Southern France). Kuriosoak behinik behin gauzak benetan nolakoak diren ez azaltzeko egiten diren tranpatxoak.

Hain gureak diren kiroletan ere, gure selekzioak izateko eskubidea ukatu egiten zaigu. Tamalgarria.

Kirol hutsera bueltatuz, ikusiko dugu gauzak zelan doazen. Blog honetatik gure ordezkaritzaren berri ematen saiatuko naiz berriak heldu ahala, ea munduko txapeldun ateratzen zaizkigun.

Momentuz, eta lehenengo dastaketatxo gisa, Hegoafrikako iturriek honakoa kontatzen didate:

Oso gogor entrenatzen ari dira pisaketa egunean (gaur) dagokien pisua emateko, pisua ez gainditzeko, gose handia pasatuz ere bai.

Apur bat harrituta omen daude hotel inguruko giroarekin, segurtasun gabezia zantzuak omen baitauzka: hesi ugari, asko elektrifikatuak; prostituzioa; eskolta autoak entrenatzera ateratzeko…

Azkenik, zur eta lur geratu dira beste herrialde batzuetako delegazioek dauzkaten baliabideekin. Inork imajinatzen al ditu txinatarrak sokatiran? Ba bai, hortxe daude, zazpi entrenatzailerekin eta hainbat itzultzailerekin, gureek daukatenaren bikoitzaren bikoitzarekin alegia.

Ea ba, sokatik tira eginda munduko zein txokora hurbiltzen den zapia. Zorte on mutilok!

Izan gara, bagara eta izango gara

Aipa ditzagun, hasteko, azken egunotako egia eztabaidaezin batzuk:

1. Inoiz baino hori-gorri gehiago ikusi ditugu gure inguruan.
2. Jende asko kalera atera da ez bakarrik kirol garaipen bat ospatzera, baita euren espainiartasuna aldarrikatzera ere.
3. Frogatuta geratu da kirola ez dela kirola bakarrik, Espainiatik askotan entzuten den “ez nahastu kirola politikarekin” konatua lokatzean utziz.

AUSTRIA FÚTBOL EUROCOPA'08Beste alde batetik egia horien maila berean koka ditzakegun beste baieztapen batzuk dauzkagu:
1. Aldarrikapen hori-gorri horiek egin dituztenak ez dira gehiengoa izan, ezta hurrik ere.
2. Estatuko komunikabideek euren tesiak berrindartzeko erabili dute Euskadin kalera atera den gutxiengo hori. Euskadi ere gorriarekin dago, hau da, Espainiarekin.
3. Bagenekien Euskadin bizi direnen zati handi batek Espainian kokatzen duela bere bihotza, hauteskundez hauteskunde islatzen da hori. Zer berri ekarri digu Mundialak errealitate politikoari begira? Bat ez.

Eta egia horiek azalarazita, gogoetarako gaiak, galderak, esaldiak… baino ez zaizkigu geratzen:
1. Zer dugu nahiago? Nork bere sentimenduak plazaratzeko askatasuna sentitzen duen herria ala beldurra arnasten duena?
2. Nola eraikitzen da gizabanakoaren identitatea? Ez al da unean-uneko garaipenetik harago doan zerbait?
3. Erakargarritasunik galdu al dute Euskadirekin soilik lotzen gaituzten ikurrek? Ikurrina, euskara…
4. Euskadik ez al du bere garaipenak “saltzeko” ahalmenik? Nola berrindartu?

Bukatzeko baina, azken egunotan bueltaka izan dudana. Berrogei urteko diktadurak “xarma” kendu zion Espainia gogora zekarren orori. Horrenbeste urtetan bizitzen ari garen terrorismoak edo terrorismoaren mehatxuak ez al du gauza bera egin Euskadi gogora dakarren ororekin belaunaldi berrientzat?

Indarkeriak eta terrorismoak gure herriari egiten dioten kaltea eta egin diezaioketen kaltea ez da bakarrik begiekin ikusten dugunarekin neurtzen.

Dena dela, ez dezagun itxaropenik gal: izan gara, bagara eta izango gara, ez izan zalantzarik.

Zinema katalanez. Zinema euskaraz?

Kataluniako legebiltzarrak, atzo bertan, lurraldeko zinemetan proiektatzen diren filmen %50ek behintzat katalanera itzulita egon behar dutela onartu zuen [Enlace roto.].

5137583117 aldeko boto eta 17 kontra. Posible litzateke halako emaitzarik Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrean? Zer esanik ez Nafarroakoan.

Lehenik eta behin, egia da Kataluniako errealitate soziolinguistikoa eta Euskal Herrikoa ez direla bateragarriak. Baina egia hori onartuta, zein oztopo eduki beharko genuke euskararen presentzia gure eguneroko bizitzan pixkanaka areagotzeko?

Orain arte, oso film gutxi ikusi ahal izan dugu euskaraz gure zinemetan, gehienak euskaraz eginda zeudelako; gainerakoak, umeentzako marrazki bizidunak zirelako.

Lehendakari berriaren hitzik gustukoena hona ekarrita, ez dut uste egoera hori oso “normala” denik. Helduok ere gustuko dugu zinema, eta noizean behin, gure artean bertsio originalak ikustea ohikoa ez denez, bakar batzuk behintzat gure hizkuntzan, ofiziala den hizkuntzan, gozatzea eskertuko genuke.

Aurreko gobernuarekin, zinema aretoek laguntzak jasotzen zituzten euskarazko filmak jartzeagatik. Gaur egun, Lopezkraziarekin, aro berri freskoekin, ezta hori ere.

Espazio asko ditu oraindik euskarak irabazteko, baina administrazioak horren alde egiten ez badu, jai daukagu. Euskarak bide bakarra dauka bizirauteko eta, berriz ere, hizkuntza “normala” izateko: aro berrietara egokitu eta aisialdian txertatu, gure egunerokotasunean, konplexu barik, etenik gabe, aurrera beti.

Katalunia eredu daukagu hizkuntzari dagozkion esparru askotan, alderdi politikoen batasunetik hasita. PSC eta PSE zergatik dira hain desberdin?

Patxi Lopezi eta bere gobernukide zein laguntxoei: gogoratu Natxo de Felipek (euskaldun-berria bera) hain gozo kantatzen zuen bertsoa, “euskara dela euskaldun egiten gaituena”.