Agur eta desohore

Egun historikoa bizi genuen atzo. ETAk, 30 urte berandu, azkenean “akabo” esan du. Agur esan dio tiroak jo edo bonbak jartzeari.

Gizarteak aspaldi emana zion bizkarra talde armatuari, eta talde armatuak ez zeukan beste erantzunik, ez zuen beste biderik, agur esan behar zuen, gero eta garbiago baitzeukan traba baino ez zela herri honen bidean, sufrimendua baino ez duela ekarri.

Hala ere, esaldi bakarra azpimarratu nahiko nuke ETAren adierazpenetik: “ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du”. Gainerako guztia zarata baino ez da nire belarrietarako, honelakoak entzutean aspaldiko hozkirriak baitatozkit: “urte luzeetako borrokak sortu du aukera“. Aiiiiins!! Urte luzeetako borrokak sufrimendua eta politikaren frustrazioa baino ez ditu ekarri. Urte ilunak.

Orain aukerez beteta datorren unibertso mugagabea zabaltzen zaigu begien aurrean. Orain arte ez dugu jakin zehazki Euskadi noraino irits zitekeen, arrasto batzuk baino ez genituen antzematen, baina orain ez dago oztoporik bidean. Euskadik aurrera egingo du ongizatean, ekonomian, ezagutzan… ASKATASUNEAN.

Hemendik aurrera ez gara inoiz gehiago beldur izango, historia berriro hasten da herri honentzat.

Eskerrik asko bake konferentzian egon diren politikari eta agente sozial guztiei. Eta eskerrik asko, nola ez, antolatzaileei: Lokarri eta Paul Rios. Asko entzun dute azkenaldian, baina euren lanak erruzko ordaina jaso du. MILESKER!

Baina zergatik eskerrak eman ETAri? Zergatik izan behar zuen horren berandu? ETAk ez zeukan ezer antzezterik, eskerrak eman behar bagenizkio bezala agur esateagatik. Ez ba! ETA bidean zapaldu dugun gorotza da. Orain oinetakoen zola ondo garbitu eta lanera.

Agur eta desohore.

Joan ala ez joan. “To go or not to go”

Guztion eskubide zibil eta politikoen aldeko larunbateko manifestazioak sentsazio isuria utzi du atzean. Hautsak harrotu egin dira, eta EAJ kritiken epizentroan geratu.

Joan ala ez joan? Hori da galdera. Ba argi dagoena zera da, joan aurretik zenbait gauza hartu behar izango direla aintzat aurrerantzean:

1. Fede ona rara avis omen da.

2. Adostutako paperak, batzuetan, haizeak eramaten ditu.

3. Erdian egoteak zaplaztekoak ezker-eskuinetik jasotzea dakar.

4. Ezker abertzaleak egindako hausnarketa sakonak ez du esperoko eragina izan euren zaleengan.

5. Errespetua ez da bakar batzuei zor zaien zerbait bakarrik, alde bietakoa behar du.

6. Manifestazioa deitzea erraza da, baina lelo handien atzean dauden xehetasunek ez dute protagonismorik hartzen, eta argi geratu den bezalaxe, askotan, xehetasun horiek dira protagonista.

Ondo goaz, bai jauna, bai andrea.