Kuku egon/egin: Lopezen dilema

Gaur lexikoa ikasiko dugu, eta ikusi egingo dugu hizki bakar batek nola alda dezakeen esanahi oso bat:

1. Kuku egon: ezkutuan egon.

2. Kuku egin: amore eman.

Bi bokal horien artean daude Lopezen oraina eta etorkizun hurbila, eta Lopezen dilema. Aurpegia eman behar zuenean, atzo, PSEren Komite Nazionalean, baloiak kanpora botatzea erabaki zuen berriro. PSEren emaitzak txarrak izan direla onartu zuen, eta lidergoetan aldaketak behar dituztela, baina berak bere [Enlace roto.] legitimitate osoa duela aditzera eman zuen. Hortaz, emaitzak txarrak bai, ardura berea zela onartu bai, baina ardurarekin koherente jokatzeaz… jai! Burua zuloan sartu du azken baten, ostruken antzera.

Bestalde, kuku egitea eskatuko diotenen presioa jasan behar izango du datozen egun edo hilabeteotan; eta dagoeneko atera egin dira Odon Elorza edo Jesus Eguiguren bezalako sozialista ospetsuak, Donostiako alkate ohi izango dena eta PSEren presidentea, hurrenez hurren.

Baina atzo, Lopezek prentsa aurrean botatako adierazpenetan, hanka sartze politak entzun ahal izan genituen. Ez ditut guztiak jarriko, bestela hitzaldi osoaren transkripzioa jarri beharko nukeelako hemen (berbok jatorrizko gaztelaniazkoan ipiniko ditut, itzulpenetan xehetasunik gal ez dadin):

–  “Tienen que optar por una Euskadi moderna, o por una Euskadi que se para en el tiempo y pierde progreso y competitividad. Y no vale decir una cosa y hacer la contraria(EAJz eta jeltzaleek Bilduri eman diezaioketen sustapen hipotetikoaz): mundu guztiak gogoratu egiten duen arren, badirudi lehendakariak ez duela gogoratzen PPrekin ez zuela inoiz paktatuko esan zuenekoa.

– Madrilera txangorik egitea balio izango ez duela esan eta gero, EAJk Zapaterorekin erdietsitako akordioak aipatu barik, honakoa bota zuen: “Las decisiones sobre los gobiernos locales de Euskadi, los socialistas vascos las adoptamos aquí”. Inplizituki, beraz, onartu egin zuen Euskadiko sozialistek ez dituztela Euskadiri buruzko erabaki guztiak hartzen. Urrutiko kontrola jarrita daukate, eta Madriletik mugitzen dizkiete hariak; lehendakariak esana.

“No nos han ganado” […] “Hemos perdido nosotros”. Eta hori da errematea, ez da askorik esan behar, baina detailetxo bat bakarrik: lehendakaritza lortu zueneko hauteskunde horietan, zeinek irabazi zuen? Euzko Alderdi Jeltzaleak eta  Ibarretxek, Lopez jauna.

Ondorioa garbia da, lehendakari: kuku egoteari utzi, eta has zaitez kuku egiten.

Zorionak, Isabel Celáa

Ba bai, trikimailurik gabe, ez dago tranparik. Zorionak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuari.

Atzo iragarri egin zuen 2013rako hezkuntza sistemako hizkuntza ereduak  desagertu egingo direla modelo hirueledunari bidea uzteko (zoritxarrez, EiTBren web orrian ez dut berria euskaraz aurkitu).

Erabaki horrek  aintzatespena merezi duela uste dut, eta legezkoa da hala onartzea. Euskararen biziberritzean, hizkuntza ereduak oztopo izan dira azken urteotan. Hasiera baten, trantsizioan, zentzurik izan zezaketen, hain zuzen ere horregatik, trantsizio fase baten geundelako herri honetan. Baina gaur egun, guraso gehienek D eredua (euskarazkoa) aukeratzen dutela ikusita, posible da eredu bakarra ezartzea behingoz.

Belaunaldi berriek euskara ikastea da hizkuntzaren etorkizunerako oinarrietako bat. Ofiziala da, gaztelania den bezalaxe, eta ez dago aitzakiarik gazte edo ume bati bere euskara ikasteko eskubidea ukatzeko. Elkarbizitzarako, eta hizkuntza komunitateen berdintasuna ere bermatzeko, ezinbesteko pausua da.

Euskara eta gaztelaniarekin batera, ingelesa ere irakatsiko zaie (ikastola gehienetan gaur egun egiten ari direna), eta horrek tresna bikaina suposatzen du egunen baten lan-merkatura jauzia ematerako orduan.

Oraindik, dena dela, ikusi beharra dago eredu berri hau zelan egikaritzen den, zenbat ordu eskainiko zaizkion hizkuntza bakoitzari, eta benetan, zelako eraginkortasuna izango duen hizkuntzen irakaskuntzan. Baina lehen urratsa emanda dago.

Hala ere, Gobernu talde honi euskaldunon hizkuntzarekin dituen kontraesan batzuk atzean uztea geratzen zaio oraindik ere, hala nola, Osakidetzan euskarari eman zaion ostikoa, edo forman geratzen diren beste zenbait gai: Jaurlaritzaren bozeramaile den Idoia Mendiak Twitter kontua zein hizkuntzatan erabiltzen duen (%98 gaztelaniaz, %2 ingelesez, %0 euskaraz), hizkuntzaren kalitatea hainbat kasutan (Osakidetzaren web orria, Irekia…), e.a.

Eta azkenik, ahaztu ezin dugun beste kontu garrantzitsu bat: Euskal Herrian hirugarren hizkuntza bat dago, frantsesa. Iparraldea eta Hegoaldea hurbiltzeko, aintzat hartzekoa da ea bide horretan ere erabakirik hartu nahi dugun.

Dena dela, arazoak arazo, eta proposamenak proposamen, esandakoa, zorionak eredu bakarrerako behin betiko urratsa ematearren.

Gezurteroak boterean, noiz arte?

Lehenik eta behin, barkamena eskatu behar dizuet, baina jakin badakizuenez, gure lehendakaria ez da oso trebea euskaraz, eta hitz egiten duenean, gaztelaniaz egin ohi du.

Gezurraren gainean eraikitako agintea dauka Patxi Lopezek, hori garbia da, eta bideo honetan ikus daiteke, garden-garden, zeri buruz ari natzaizuen:

Zerekin ordainduko dio PSEk PPri lehendakaritzan egon ahal izatea? Ba, momentuz, ordainketa hasi egin da, eta potolo-potoloa da:[Enlace roto.].

Zer izango da sozialisten hurrengoa? Bien bitartean, gezur gehiagorekin konforma gaitezke:

– Ele aniztasunaren aldeko apustuak aipatu, programak gaztelania hutsean bidaltzen dituzten bitartean.

– Bizkaiaren alde aurpegia ateratzen dutela esatea, Castron bizi diren bitartean.

– Gardentasunaren alde egingo dutela, [Enlace roto.] kobratzen dituztenean, inolako beharrik gabe.

Ustelkeria akusazioak beste batzuei bota, inolako oinarri sendorik gabe.

Eta abar…

Igandean politika egiteko modu honi bizkarra emateko lehen aukera daukagu. Aukera horri guk emango al diogu bizkarra?

Patxi Lopez, bere hitzen morroi.

EiTBn Patxi Lopezi egin behar zioten elkarrizketa ikusten hasi naiz, baina onartu egingo dizuet, sutan jarri naiz eta futbola jarri dut, han behintzat euskaraz entzungo baitiot Azkargorta euskaltzain urgazleari.

Ez ba! Ez da zilegi! Benetan uste al duzue normala dela gure telebista publikoan honako komunikabideen ordezkariak agertzea bakarrik Lopez elkarrizketatzen? El Mundo, El País, Diario Vasco (Vocento) eta EiTB bera (hala aurkeztu dituzte behintzat). Denak abertzale-abertzaleak… baina Espainara begira.

Non geratu dira Deia, Berria edo Gara komunikabideek, besteak beste, Lopezi egin liezazkioketen galderak? Zulo beltzen batean akaso.

Lehendakariak ez du gustuko deseroso jar dezaketen komunikabideei erantzutea. Deiak gaur bertan salatzen zuen bezala, prentsa askatasunaren nazioarteko egunean, atzo alegia, kazetari guztiei erantzungo ziela zin egin zuen Patxik; bi urte darama Deia edo Onda Vascari elkarrizketarik eman gabe ordea.

Lotsagarria da EiTBk lehendakariari ematen dion baldintzarik eta mugarik gabeko babesa, eta lotsagarria era berean, Lopezen jarrera gizartearen parte handi batek entzun, ikusi edo irakurtzen dituen komunikabideei bizkarra ematearren, guztion ordezkari behar lukeela ahazturik.

Hala eta guztiz ere, amaitzeko, elkarrizketa ikusi dudan tarte laburrean, ez nuke lehendakariak esandako zerbait iruzkintzeko aukera galdu nahi. Bilduren ilegalizazioaz, Auzitegi Gorenaren erabakia defendatu egin du, demokraziaren izenean gainera, Ezker Abertzaleak ez omen baitu eman behar haina urrats hauteskundeetan egon ahal izateko. Hitz horiek grabatuta daude, eta zer demontre esango luke bihar Epaitegi Konstituzionalak Bilduren zerrendak baliozkotuko balitu? Egun batetik bestera, Ezker Abertzalearen jarrera zertan aldatu dela esango luke gure mandatariak? Bere berben preso geratu da gure Patxiku.

Zelan izan liteke Lopezek daukan bezalako kargua duen pertsona bat hain arduragabea? Hori da PSEren egiteko eta jarduteko modua, ez zait besterik bururatzen.

Ba lagunok, Bilduk aurkezterik ez badauka, horixe bera da datorkiguna hurrengo lau urteotan, bai aldundietan, bai hainbat udalerritan, hautesleok kontrakoa esaten ez badugu behintzat. Zaila izan da pasatu duguna eta pasatzen ari garena, baina zailagoa izan liteke etortzeko dagoena.

“Multiusos” Pastor, isilik hobeto

Jose Antonio “multiusos” Pastorrek (legebiltzarkidea, PSEren bozeramailea, Bizkaiko sozialisten idazkari nagusia, Bizkaiko batzar nagusietako ahalduna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia izateko hautagaia…) nire onetik ateratzen nau, bai. Gaurkoan euskara eta EAJren jarrerari buruzko [Enlace roto.] azaldu zaigu, El País egunkarian hain zuzen ere. Hainbeste erantzukizunekin, harrigarria iruditzen zait euskarari buruzko artikulua idazteko astirik ere ateratzea. Dena dela, hortxe dago, sarean, eta iruzkinik edo hausnarketarik ere merezi du, mamia (eta mamua) baitauka.

Aiba! Dena gaztelaniaz!
Aiba! Dena gaztelaniaz!

PSEk egin duen euskararen defentsa aldarrikatzen du, baina subjektu pasibo gisa azken baten: antza, PSE gakoa izan da aurretik ez delako EAJren hizkuntz politiken kontra jarri. Baina PSEk zer egin du euskararen alde? Bihoa zerrenda txiki-txiki bat:

1. Lehendakaria erdalduna da.

2. Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak erdaldunak dira.

3. Nafarroan ez du UPNren kontra egin hizkuntz politikan.

4. PSEren ezein eskuorri, web orri, blog eta abarri erreparatzen badiegu, %90 gaztelania hutsez direla antzeman dezakegu, eta euskaraz dagoen apurrean, akats galantak bereiz daitezke.

5. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak legebiltzarrean bere txostena euskaraz aurkeztu zuenean, bazterkeria egiten ari zirela salatu zuen PSEko legebiltzarkide den Aitor Casado “gazteak”.

6. Instituzionalak diren agerraldi edo komunikabideetan ere, euskara bazterrean geratzen ez bada, eskandaluzkoa da gure hizkuntza nola erabiltzen den.

Eta zerrenda amaigabea da, baina idazkia osorik irakurtzea estimatuko nizuekenez, ez dut gehiago luzatuko.

Laburbilduz, oso ondorio garbia ateratzen dut nik Pastorren artikulua irakurri eta gero: EAJri euskara lehia politikorako erabiltzea leporatu nahi omen dio idazkiarekin, baina azkenean, euskara bera sartzen du saltsa horretan, eta euskararen defentsa egitea, garbia eta agerikoa, PSEren hizkuntz politika salatuz, erdaldunen kontra egitea da. Hortaz, Pastorrek ez du pluraltasunaren edo euskararen defentsarik egiten, ezta gutxiagorik ere, mezua gardena da: “utz gaitzazue erdaldunok bakean, euskaldun madarikatuok!”.

Dirua leihotik behera Jaurlaritzan

Ez daukat besterik, barkatu, baina Irekiari buruz hitz egin behar dizuet berriro. Idatzi dudan azkenaurreko sarreran, Lehendakaritzak entzute aktiboan gastatuko duen dirutzaz hitz egiten nizuen, 100.000 euro hain zuzen ere.

Gaur bertan enteratu naiz Irekia bazebilela entzute aktibo horrekin orain arte, eta kontratua aurten berriztatu beharra zegoela (jarraian dagoen tweet segidan ikusi ahal duzue).

Tira, horraino mea culpa, baina ezin dut onartu engaina nazatenik. Iazko kontratazioari begiratuta, aurrekontua 40.000 eurokoa zen, eta aurtengoa 100.000 eurokoa. %150 gehiago. ETA KRISI GARAIAN?

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari (EGK), adibide bat jartzearren, aurrekontua jaitsi diote egoera ekonomikoaren argudioari helduz, eta jaitsi diotenaren halako hiru gehiago gastatuko dute entzute aktiboaren zerbitzu berrian? Gazteria bere politiken erdigunean omen duen gobernu batek egingo al du hori? (mesedez, ironia puntua igarri).

Mokadutxoak eta jaitxoak prestatzen oso iaioa da gure lehendakari hau, baina koherentzia ez da bere dohain nagusia.