Bokazio publikoaren krisia

Euskadi eta Espainiako egoera politikoek ez dute zerikusirik. Auzokide dugun herrialdean politikiariekiko konfiantza hutsaren parera heldu den bitartean, ez du ematen gure artean egoera hain larria denik. Hala ere, ezin uka daiteke han gertatzen denak hemen ere eragin egiten duela.

Gauzak horrela, ADECCO Fundazioak ikerketa baten emaitzak atera berri ditu, eta horietatik, ondorioztatzen da Espainiako umeek ez dutela politikari izateko interesik adierazten. Lau eta hamasei urte bitarteko adingabeen %4,4k bakarrik erantzun dute politikari izatea gustatuko litzaiekeela. Badirudi, gainera, hori lehen aldiz gertatzen dela.

IzengabeaAskok uste dute egoera ekonomiko latzaren arduradun nagusiak politikariak direla. Erruaren leporatze horri politikariekiko konfiantza falta gehitzen badiogu, politikarako desinteresa da emaitza.

Baina larria iruditzen zait niri premisa horietatik abiatuta emaitza hori lortzea. Politikariak baldin badira, Espainiako umeen ustez, egoera ekonomikoaren arduradun nagusiak eta politikarien jarrerak ez badituzte gustuko, zergatik ez arazoari aurpegira begiratu? Horrek ez luke gauzak aldatzeko edo hobetzeko sentimendurik piztu beharko? Oraingoek gaizki egiten baldin badute, zergatik ez dute belaunaldi berriek ardura bere gain hartzeko inolako gogorik erakusten?

Espainiako politikaren egoera larria bada, are larriagoa da atzetik datozenen interes falta nabarmen hori. Bokaziorik ez badago, noren esku geratuko da herrialde bat zuzentzeko ardura?

Politika zerbitzu publikoa da, gauzak hobetzen saiatzeko gogoan oinarrituta egon beharko lukeen bokazioa. Egoera hobetzeko bokaziorik ez bada azaleratzen, etorkizuna zalantzagarria da. Espainian gutxienez.

 

 

 

 

EH-Bilduk ez ditu Bilboko erailketak salatu nahi

Shaolin iruzurtiaren erailketek sekulako zurrunbiloa sortu dute, ez bakarrik Bizkaian edo Euskadin. Mugak erraz gainditu ditu. Badakizue, morboa erraz saltzen da.
Dena den, eta zoritxarrez, emakumeen aurkako indarkeriaren kasu berri bat da hau, muturrekoa bai, baina emakumeen aurkakoa, edo gizarte honetan, hainbat kasutan, emakumeek bizi dituzten ezberdintasunetatik eratorritako beste bortizkeria bat.
Kasu horrek erantzun politiko bat ere izan du: Bilboko Udalean alderdi politiko guztiak bat eginik atera diren bitartean erailketa hau gogor salatzeko, Legebiltzarrean, aldiz, EH-Bilduk ez du adierazpen hori berori sinatu nahi izan. Hementxe duzue froga:

20130607091448603

Eta zer gertatzen da indar politiko guztiek sinatzen ez badute? Bada EH-Bilduren kontraesanak beste behin ere agerian uzteaz aparte, adierazpen hori ezin dela Legebiltzarraren adierazpena izan, eta halabeharrez, presidentearen erabakia izan behar duela.

EH-Bilduk erailketen errua EAJri leporatu nahi zion. Beti bezala, kakanahastea egin nahi izan du politikagintzarekin, eta akordioa bilatu barik, desadostasunaren bila joan da. Jaurlaritzaren murrizketak aipatu nahi zituen (%73 gastu sozialera bideratzen zuen aurrekontua diseinatu zuen Jaurlaritza, gainerako indar politikoek atzera bota dutena) justifikatzeko horrek emakumeen aurkako indarkeria estrukturala larriagotzen zuela.

Nik jarrera horri izen garbi bat jarriko nioke, sarraskijalearena. Edozer gauzak balio du, ahal den bezala EAJren aurka egiteko, duintasuna bidetik galtzen bada ere.

Greba orokorra

Gaur greba orokorraren eguna bizi dugu EAEn eta Nafarroan, bi sindikatu nagusiek deitua: ELA eta LAB. Inguruan ikusten ari naizenez, jarraipena ez da sindikatuek suziriak botatzeko modukoa, baina gauza bat argi eta garbi egiazta genezake, lan egin nahi dutenak, lan egiteko eskubidearen jabe izan nahi dutenak, presioak jasotzen ari dira. Ez dakit egoera orokorra den, esan bezala, inguruan daukadanera baino ez naizelako heltzen hori egiaztatzeko, baina moduak, egia esan, ezin da esan oso baketsuak direnik zenbait kasutan. Adibidez, pintadak eta erasoak gertatu dira finantza erakunde batzuetan. Pintada horietan “asesinos” bezalakoak irakur daitezke, gaztelania hutsean (gogoratu ELAk eta LABek deitzen dutela greba). Zilegia da bertan lanean dauden langileek holakoak jasan behar izatea?

Gainera, sare sozialen bitartez, grebara batu diren askok ireki duten merkatari txikien argazkiak ere igo dituzte. ARGAZKIAK, IRUDIAK. Hori ez al da presionatzeko eta seinalatzeko modu bat? Mehatxatzeko modu bat? Ez dirudi oso demokratikoa denik bederen.

377980_577227958965661_1184992826_nEz hori bakarrik. Azken hauteskundeetako kanpainan, poz-pozik ikusi genituen EH-Bilduko hautagaiak Carlton Hoteleko balkoian, Agirre lehendakariaren gobernuaren izpiritua aldarrikatu nahian. Bada gaur, orduan harro-harro argazki hura erakusten zutenetariko batzuk behintzat, gaur, harro-harro, ezkerrean duzuen beste irudi hau erakutsi nahi izan digute, eta bide batez, oka egin dute Euskadiko historia puskarik errespetagarrienetariko baten gainean. Nazkagarria.

Bukatzeko, beste gauza bat. Greba honek Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ezberdintasunak agerian uzteko eta horiek azpimarratzeko ere balio izan du. Ertzaintzaren eta Foru Poliziaren jarrerak ez dira oso parekoak izaten ari. Xabier Mikel Errekondok berak, Amaiurren diputatua Madrileko kongresuan, onartu egiten du, nahi gabe agian, jokatzeko desberdintasun hori. Ikusi Twitterren eskegi duena:

IzengabeaErtzaintza zain, lasai, eta lasaitasuna bermatzen. LABen argazki-galerian ere gauza bera antzematen da. Baina bien bitartean, Nafarroan…

Izengabea

Kazetaritza objektiboa Gara egunkariarena

Esaten da gaztelaniaz txistua gora botatzen duzunean, azkenean, gainean jausten zaizula. Eta hala da, askotan, intentziorik onenarekin esandako hitzak irentsi behar izaten ditugu egoerak aldatzen direlako, iritziak ere aldakorrak direlako, ikuspegi desberdinak jorratu ditugulako, e.a.

Baina kuriosoa da gauza alderantziz gertatzen denean, hau da, txistua gora bota beharrean, zuzenean zure buruaren gainera botatzen duzunean.

Quiroga EAEko PPren presidente, eta antza, Garak salatzen duena da ez dela prozesu demokratikorik egon alderdiaren barruan. Erraza da eurentzat hori orain esatea, baina badirudi ez zutela berdin pentsatzen EH-Bilduk, ez dakigu zehazki zelan, Laura Mintegi aukeratu zuenean lehendakarigai. Orduan ez zitzaion hautaketa-prozesuari aipamenik egin eta dena ziren hitz goxoak.

Gogoan daukat, duela urte batzuetako CQC telebista saioaren barruan “Ética Periodística” izena zuen ataltxoa. Agian denbora luzeegia eman zuten “La Razón” egunkariko adibideekin.

Aurrena praktika, gero predika

Bilduk eta PSEk eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari zerbitzu guztiak euskaraz emateko, [Enlace roto.] irakur dezakezuenez.  Eta bikain iruditzen zait, ongi etorriak euskararen egoera hobetzeko har daitezkeen neurri guztiak.

Ez dut egoera sakon-sakon ezagutzen, baina ez daukat Aldundia administrazio erdalduna den sentsaziorik. Seguru asko ele bietan emango dira ia zerbitzu guztiak, eta bakarren baten, gabeziaren bat aurki genezake, tekla egokiak sakatuta konpon litekeena. Hortaz, gabezia horiei buelta emateko neurriak jartzen badira, hobe.

Hori bai, garbi daukadana da PSE alderdi erdaldun peto-petoa dela, salbuespenak salbuespen. Hemendik Limarainoko aurpegi puska behar da, PSEk euskararen alde ezer gutxi egin duenean, asko jota kontrako gauza handirik ez, orain eskaera honekin ateratzeko. Eta berriro diot, bikain iruditzen zait eskatzea, baina eskatzeko ere nolabaiteko sinesgarritasuna beharko da, ez? Minimo bat.

Orain arte, ez dut ezagutu euskararen defentsa eta erabilera sutsuagatik nabarmendu den agintari sozialistarik, eta jarrera hori, gobernatu/tzen dituzten administrazioetarako luzagarria da. Oraindik gogoratzen dut “Euskara eta libertadea” izeneko hura…

Aurrena praktika, gero predika.

Bilduk ez du murrizketarik egiten?

Gipuzkoako Gizarte Politika Sailak 5.200.000 euroko murrizketa izan du aurten, PSEk eta Bilduk onartutako “ezkerreko” aurrekontuetan.

  • Diru-sarrerak bermatzeko laguntzak murrizten dira, gizarte-bazterketa arriskua duten kolektiboentzat direnak.
  • Gipuzkoan gero eta hirugarren adineko pertsona gehiago egon arren, Aldundiak ez du ekimenik edo aldaketarik planteatzen, eta gero eta plaza gehiago behar dira egoitzetan.
  • Ez da inbertsiorik aurreikusten eta ez dago partidarik Irun, Elgoibar eta Usurbilko egoitzak eraikitzeko.
  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta bere familiei laguntzeko partidak ere jaitsi dira.
  • Zailtasunak dituzten pertsonak laneratzeko politiketarako partidek 2.000.000 euroko murrizketa izan dute.
  • Gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten entitate eta kolektiboekin hitzarmenak sinatzeko partiden zenbatekoa murriztu da.

Bizi dugun egoera ekonomikoa dela-eta, administrazio guztiak ari dira aparteko ahalegina egiten, ez daukat zalantzarik, baina Bilduk ez duela murriztuko dio behin eta berriro, eta Jaurlaritzan, ez duela murrizketarik dakarren aurrekonturik onartuko. Ba hara non! Gipuzkoan, PSErekin batera onartutako “ezkerreko” aurrekontu “progresista” hauetan murrizketak daude. Eta kontua da murrizketak datozela gizarte zerbitzuen arloan, gizarte politiketan, noiz eta orain, beste administrazio batzuetan eurena beraiena den mamu hau aipatzen duten bitartean.