Korbata gorria ala urdina?

Ezin uka daiteke Bilduk protagonismoa hartu duela azken hilabeteotan euskal politikan, baina aldi berean, zaila da koalizioaren haria hartzea. Eta azaltzera noakizue.

Patxi korbata urdinarekin

Alde batetik, Martin Garitanok, Gipuzkoako  ahaldun nagusia, adierazi du ongi etorria izango dela “borondate on eta errespetuz datorren edonor”, Asturiasko printze eta printzesari buruz. Duela ez horrenbeste, beste alderdi abertzaleren bateko inork, EAJko norbait adibidez, antzeko zerbait esan izan balu, hamaika hitz politez hartuko zuketen Ezker Abertzalekoek, hormak pintatuz, kartelak edozein banketxetako kristaletan jarriz, e.a. “Español” zatekeen izenlagunik samurrena. Orain, aldiz, Martin Garitanok botatzen ditu adierazpenak eta txaloz hartzeko beharrean gaude.

Ba bai, poztekoa da Ezker Abertzale tradizionala barne hartzen duen koalizioak halako bira eman izana… egia balitz, ez baita urmaela basamortuan dakusazuen ur-distira. Berri horrekin batera, beste batekin topo egin dugu gaur, Bilduren “B” aldea erakusten diguna: Bilduk ez du EUDELen zuzendaritzan parte hartuko bere eginbeharren eztabaidan parte hartu arte.

Zera esango didazue, “eta zer? Libre dira nahi duten politika egiteko”, eta bai, arrazoi izango zenukete, erantzukizun instituzionalaren kontua alde batera utzita, xehetasun txiki batengatik izango ez balitz: Bildu jolasean ibili da EUDELen gaiarekin [Enlace roto.]. Gaurkoak, kontrara, garbi uzten du Bilduren erabakia izan dela, ez beste inorena, EUDELen parte ez hartzea, eta erabaki hori biktimaren rola hartzeko erabili dute.

Komunikazio ikastaro baten, behin, irakasleak politikariek janzkerarekin zelan komunikatzen zuten azaldu zigun azaletik. Gizonezkoen kasuan, korbata urdinek adostasunerako jarrera azalduko luketeen bitartean, gorriek, ostera, akordiorik inondik inora ez dela egongo adieraziko lukete.

Bilduko politikariek ez dute korbatarik janzten normalean, baina jantziko balute, zein kolore erakutsiko ligukete orain?

Pedro (burutik) Jota eta bere Mundua

Asmatu dut, azkenean, Pedro Jotak zergatik deitzen dion El Mundo bere egunkariari, eta bada egunkari horrek mundua Pedro Jotaren nahietara irudikatzen duelako. Ez da izen hoberik: Pedro Jotaren Mundua (El Mundo de Pedro Jota). Hala islatzen du atzo Twitterretik bueltaka ibili zen irudi batek, El Mundotik ateratakoa: Esan beharrik ez dago, baina pankartaran leloak ez zuen ETA goraipatzen, pankartak zera zioen, “Inposaketarik ez! Nazioa gara”. Okerrena da El Mundoren manipulazioa Twitterren gai nagusi (trending topic) izatera pasatu zela berehala, baina hala ere, Pedro Jotak ez zuela atzera jo. Baina orduan eta okerrago, hurrengoa bezalako esaldiekin, gehiago apaindu zuen bere jokabidea, aipatu sare sozialean: “La foto en la reunión edit. d EM. Todos d acuerdo: no importa la polémica, tenemos razón. Defenderé esa foto hasta q el infierno se hiele”.

Eta Pedro Jotari probokatzea gustatzen zaionez, argi utzi zuen aspaldi atera zen bideo batean, gaur beste argazki iskanbilatsu bat ikusi ahal izan dugu bere egunkarian:

Titularra irakurrita badirudi argazkian agertzen direnek Bildukoak izan behar dutela, baina… ez horixe! Guardia zibilak dira. Eta ikusi duzue tipoaren besoko tatuajea? Horrek defendatu behar baldin baditu herritar guztion interesak, jai daukagu.

Benemeritan ez al da proba psikologikorik egiten taldean sartzeko? El Mundoren funtzionamendua ere, antza, ez dago oso urrun.

Gutxienez, kasu honetan, Guardia Zibilari astintzen dio argazkiak, arretaz begiratu behar bazaio ere.

Bildu eta Gara: itxurak ere gordetzen ez direnean

Gaur Bilduk akordio bat lortu du Euskadiko Erkidego Autonomoko hiru kutxekin, eta hala adierazi du twitter bidez. Gara egunkariak ere, berehala eman du berria, segiduan. Hona hemen irudia:

“Recoje” akats ortografikoa agertzen da gaztelaniaz Bilduk argitaratzen duen tweet horretan. Baina kuriosoa da akats ortografikoa Gara egunkariak errepikatzea, eta esaldia ere zati handi baten kopiatzea. Minutu bakarreko denbora-tartean guztia.

Bildu eta Gararen Twitter kontuak pertsona berberak eramango al ditu? Ala Garak Bilduri egin nahi dion propaganda nahiak ortografiaren mugak ere gainditzen al ditu?

Gaur, Bildu kutxen akordioaz mintzo da, eta EUDELen salatzen zuen bazterkeriaz ahaztu. Baina badirudi bazterkeria hori ere ez dela erreala, EAJk eskua luzatu ziola zerrendak EUDELen aurkezteko, baina ez duela Bilduren erantzunik jaso.

Bilduk astia dauka oraindik zerrenda horiek aurkezteko, baina zer aukeratuko du? EUDELen lanean hastea ala biktimaren papera berriro hartzea? Ikusiko dugu.

EGUNERAKETA:

Garak erantzun dit Twitter bidez aipatu akats ortografikoa duen tweet horri buruz. Bidezkoa da hemen euren erantzuna eranstea: “Kaixo, Ugaitz. No es tan “curioso”. Hemos reenviado el mensaje de Bildu subrayando la fuente y se ha colado el error ortográfico”

Euskaltel-Euskadi, español!

Nola da posible? Euskal talderik puru eta euskaldunenak, Euskaltel-Euskadi, Espainiako Itzulian eta Frantziako Tourrean lehiatzeko atrebentzia izateaz gain, ez du inolako protestarik egingo Espainiako Itzuliak Euskaditik pasatu behar duelako? Sinestezina!

Kalean mundu guztiak komentatzen duen zerbait da: tabernetan, txokoetan, lagun artean, lanean… guztien ahoan dago Espainiako Itzulia Euskaditik pasatuko dela. Kirol proba espainiar bat Euskadin? Nola da posible?

San Mames, Anoeta edo Reyno de Navarran (betiko Sadar) ez dago astebururo Espainiako txapelketarik jokoan.

Estadio horietan ere ez da Espainiako Erregearen Koparik jokatzen.

Miribillan, Buesa Arenan edo Ilunben, gure saskibaloi taldeek triangularra jokatzen dute urte osoan zehar.

Arraunean “Bizkaiko Txakolina Liga” jokatzen da aspaldi, eta ez aintzinako “Liga San Miguel” hura.

Eta jakina, euskal zalerik ez dagoenez Frantziako Tourra Pirinioetatik pasatzen denean edo Espainiako Itzulia gure mugetatik gertu igarotzen denean, trabak jarri behar zaizkio kirolari Euskadin, hau ez delako Espainia, argi eta garbi. Eta argi eta garbi utzi behar dugu oihaneko tximinoarena egiten. Frantziako Tourra Donostia, Atarrabi, Iruñatik… pasatu da, eta ez dut uste inork hiri/herri horiek Frantziako mugen barruan sartu dituenik.

Ikurrinak balkoietara eta kalera atera gure Euskaltel talde laranja animatzeko, baina argi eta garbi utzi nahi baduzue hau Espainia ez dela, atera kalera eta mintzatu euskaraz, ez dago hori baino froga biribilagorik.

Gainerako guztia, txakurraren putza!

ONGI ETORRI EUSKADIRA, txirrindulariok.

Oscañídetza

Gaur egun Eusko Jaurlaritzan daudenen helburua ez da herri hau aurrera ateratzea, helburua da Euskadi Espainiarekin mimetizatzea. Euskal identitatea murriztu, ez ezabatu, eta museo baten beira-arasan sartu zer ginen guztiek gogora dezaten. Baina zer garen eta zer izango garen… horrek beste noranzko bat dauka: Madril.

Euskara ez da arazo, dio Bengoak, Osasun sailburua, arazoa da euskara ezartzeko hartu izan den abiadura. Ño! Mendeetan egon izan da euskara zanpatuta, eta orain abiadura da arazo. Akaso ez ote gara motelegi ibili? Nola izan daiteke euskal gizartearen ordezkari euskaldunon hizkuntza defendatzen ez duena, eta are gehiago, hizkuntza hori zapaldu egiten duena?

[Enlace roto.] euskara bazterrean utzi da, hutsaren hurrengoa da agian Euskadiko zerbitzu publikorik inportanteena den horretan. Jakina, orain Espainia osoko profesionalek lan egin ahal izango dute, eta kalitatea igoko da. Zertarako lehentasuna eman bertokoak diren profesional onei?

Nik proposamen batzuk dauzkat Bengoa jaunarentzat:

1. Gaztelaniaren derrigortasuna ere ezabatzea. Horrela oraindik eta profesional hobeak lortuko ditugu, mundu osokoak. Inportanteena da mediku onak edukitzea, eta ez hizkuntza.

2. Euskaraz bakarrik mintzo diren ume txiki eta agure-atsoekin akabatzea. Buruko minak baino ez dituzte ematen, arazoa eurak dira, ez euskara. Gaztelaniaz ere jakingo balute, askoz ere integratuago egongo lirateke.

3. Osakidetzari izena aldatzea, baskofonoegia baita. Euskara ez da arazo, baina gauzak argi utzi behar dira. Espainiako profesionalak batzea bada helburu, Oscañídetza da izenik egokiena. Argi eta garbi uzten dugu Euskadikoak garela hain propioa den gure “tz” horrekin, baina era berean, mundura Espainiara zabalik gaudela erakutsiko dugu.

Horiexek proposamenak sailburuarentzat. Hori bai, iradokizunekin batera, erregu bat: behingoz, ALDE EGIN! !

Galizian euskaraz

Euskarak ez dauka mugarik, ezta kolorerik ere,  nazioarteko hizkuntza da. Galizian poliziak senegaldar bat atxilotu eta gero horrek euskaraz deklaratzea eskatu zuela kontatuko banizue, burutik jota nagoela esango zenidakete, edo gutxienez, [Enlace roto.] kantariarekin klinika baten sartzeko desintoxikatzeko.

Baina jaun-andreok, pasadizo erreala da, eta xehetasun gehiago behar baduzue, berria [Enlace roto.]irakur dezakezue.

Patxi Lopezentzat ia 90.000€ jarri ditugu bi urtetan euskara ikas dezan, eta badator senegaldar bat eta lezioa ematen dio, aldarrikapen politiko eta guzti, hizkuntza eskubideak exijitzen.

Tira, egia da tipoa ez dela oso adibide ona, antza nahiko biolento jarri baitzen, baina euskararen “Malcolm TX” deituko bagenio, umore apur bat gehiago sartuko genioke jazotakoari.

Bakarrik falta zaigu Espainiako komunikabideek berria zein tonutan hartuko duten ikustea: irribarrea alterako zaie ala aprobetxatu egingo dute eta euskararen aurkako gerran beste harri koskortxo bat jarri? Espero dut halako lerrobururik ez irakurtzea: “Frogatuta geratu da euskara eta kale borrokaren arteko lotura zuzena”.

Denborak esango digu, baina zuek, o arima garbiok, bota itzazue barre batzuk bitartean.