NaBai ala NaEz. Zertan da EA?

Gaur Pello Urizarrek, Eusko Alkartasunaren presidentea, esan du bere alderdia NaBai koalizioan izango dela, NaBai ala bai. Eta pozten naiz, bihoa aurretik.

Baina jakina, adierazpenok oparitxoa zeukaten atzetik, gaur egun EAk Ezker Abertzalearekiko duen menpekotasuna agerian utziz beste behin ere. Antza, Pello Urizarrek ez du ulertzen zergatik alderdi batzuek (EAJ imajinatzen dut) boikota egiten dioten Ezker Abertzaleari koalizioan sartzeko, behintzat aukera hori aztertzeko egoera aproposean omen baikaude.

Pello Urizarrek ahazten du, baina, nor izan zen Nafarroan hitzarmen berri bat aurrera eramateko proposamena egiteko gonbidapena luzatu zuen lehena, ezkerreko paktua alegia. Ba bai! Asmatu duzue: Ezker Abertzalea. Eta nortzuei luzatu zien gonbidapena Ezker Abertzaleak? Asmatu duzue berriro ere! Alderdi politiko abertzale guztiei, EAJ izan ezik.

Mesedez, Urizar jauna, bazterkeriaz edo boikotaz hitz egitera baldin bazoaz, jantzi zaitez lehen gertatu den guztiaz. Hala ez bada, ezjakintasuna ematen duzu aditzera, eta informazioa ezagutzen baldin bazenuen baina, beste barik, ezkutatu egin baldin baduzu, oraindik eta ageriago uzten duzu EAren menpekotasuna.

Adeitasunez.

Libre Dios al castellano de las atrocidades del euskera

Barkatuko didazue izenburua gaztelaniaz jartzearena, baina nik ere lehendakariak duen arreta deitzeko gaitasunari heldu nahi nintzaion.

Dagoeneko entzun edo irakurriko zenuten Patxi Lopezek euskararen gainean atzo botatako iruzkina. Bada ez bada, errepikatuko dizuet: “bortizkeriaren bukaeran […] euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin”. Hortaz, indarkeria dagoen bitartean, euskara horri lotuta egongo zaio, edo agian, hobeto esanda, horri lotuko DUTE.

Patxi Lopezek botatako astakeriaren ildotik, honakoak ere bota genitzake: “zezenketak desagertu arte, gaztelania ez da odol-jario horretaz libre egongo”; edo “frankistarik geratzen ez denean, gaztelaniak bat egingo du behin-betikoz askatasunarekin”. Kirtenkeria galantak, ez da hala?

Baina horrek guztiak badu, sinestezina badirudi ere, irakurketa larriagorik.  Patxi Lopezek honakoa zioen Euskararen Egunean (duela hilabete eta erdi) bere blogean bertan:  “Galderak eta liskarrak alde batera usteko garaia heldu dela uste dut” (“s” hizki hori ez dut nik idatzi).

Liskarrak alde batera utzi, baina oraindik gaur egun, euskara indarkeriari lotzen dio guztiona omen den lehendakari honek.

Guztiona beharko du izan, antza bere agintaritza, Irekiaren hitzetan, Qatarreraino hedatu baitu:

Gaur zuzenduta egon arren, atzo oraindik hori zeukan argitaratuta nire Irekia maiteak. Zelako begirunea dion Gobernu honek euskarari!

Garbi baino garbiago geratzen da Patxi Lopez eta bere gobernuaren ardura nagusiak zein diren:

1. Terrorismoaren eta indarkeriaren matraka ahalik eta gehien luzatzea, biktimismo horri azken tanta atera arte.

2. Publizitatea. Beste ardura batzuk dituztela saltzea, baina saltzea bakarrik, azpian ez baitago ezer.

Lehendakari honi euskara eta euskaldunok bost axola, arrazoi sinple batengatik: ardura minimorik izango balu, ez luke esaten duena esango; eta zer esaten duen ez badaki ere, arduragabekeria oraindik eta larriagoa da. Ba al da hori eztabaidatzerik?

ETA jokoz kanpo

Espero zen agiria heldu zen azkenik atzo bertan. Barkatu, ez nuen hori esan nahi, honako hau baizik: ETAren agiri bat espero zen, eta atzo iritsi zen, baina ez zen espero edo nahi genuena.

ETAk ez du bere desagertzea adierazi, eta hori da aspaldi-aspalditik itxaroten ari garen iragarpena. Jakina, horrek ez dit itxaropenerako dudan eskubidea ukatuko, baina horrenbeste falta zaigu oraindik…

Ez nuen talde terroristaren agiria aztertu nahi baina, agiriak berak kalean izan duen oihartzuna baizik. Atera dudan ondorioa emango dut lehenik eta behin, eta ondoren, labur azaltzen saiatuko naiz: ETA jokoz kanpo dago.

Kalean ez da ia ETAren agiriaz hitz egin. Politikariek bai, buelta asko eman dizkiete terroristen hitzei, baina egia bakarra da halakoek, kalean, ez dutela behin sortzen zuten giroa ekartzen.

Jendeak ez dio ETAri sinesten, jendeak ez dio ETAri jaramonik egiten, ETAren iritziak ez du balio gizarteak aspaldi bizkarra eman ziolako, eta ez horregatik bakarrik, sinesgarritasuna aspaldi galduta daukalako ere bai.

Atzoko gai nagusiak lagun artean zeintzuk izan ziren? Tabakoaren legea (oraindik) eta Urrezko Baloia Messiri eman izana.

ETAk zerbait pentsatu beharko luke horretaz.

Olentzero nafarra da

Hasi da Barcina bere barcinakeriekin.

"DDUN.Iruñea" blogetik
"DDUN.Iruñea" blogetik

Gosaltzen irratia entzuten ari nintzela, gaileta okerreko lekutik sartu zait Iruñako (eta Nafarroako beste zenbait lekutako) urteroko matrakari aditu diodanean: Yolanda Barcinak, hemen aipatuko ez ditugun hainbat ezizen dituen Iruñako alkateak, hiriko auzo batzuetatik ateratzen diren  Olentzero ospakizunak salatu ditu “por reivindicativas”, aldarrikapenak direlako alegia, lingua navarrorumez esanda.

Aldarrikapena dela??? Nola ez ba? Euskal kultura kutsua daukan ezerk Nafarroan jazarpena pairatu behar badu? Gogora diezaiogun Barcina andreari Olentzero pertsonaia mitologiko nafarra dela, eta nafar kulturaren barruan dagoela. Ez al luke ba Nafarroako eta Erresuma Zaharreko hiriburuko alkate denak kultura horren alde egin beharko?

Oraindik ikusteko hamaika dauzkagu.

Baina behintzat, gaur Deiako 4. orria  irakurri ondoren,  “Bogando por la Red” delakoa, Olentzerori aurten eman dioten alderdi ludikoaren berri izan dut. Antza, doaneko bideojokoa dago EGIren web orrian, EAJko gaztediaren web orrian, eta dibertigarria omen da. Probatu beharko.

Ongi etorriak irribarrea ateratzen diguten ekimenak.

Basagoitik arazo bat dauka (edo gehiago)

Labur-labur kontatuko dizuet gaurkoa: Antonio Basagoitik, Euskadiko PPren presidente dena, sekulako jarrera faltsua erakutsi du aste honetan euskararekiko.

Ekintzen segida:

1. Euskaltzaindiatik pasatu da PPren euskararen aldeko jarrera aldarrikatzen.

2. Sare sozialetan zenbait saltsatan sartu da horregatik, atera ezinik.

3. Legebiltzarrean, gaur, ukatu egin die dirulaguntza Iparraldeko ikastolei.

Euskarak inon behar badu bultzadarik, Ipar Euskal Herrian da, zalantza izpirik gabe, baina Basagoitik ez du Iparralde ezagutzen.

Ez daukat gehiago luzatzeko gogorik, adibideak baino ez dizkizuet jarriko jarraian. Adi-adi irakurri, eta zuek atera ondorioak:

Berriro ere, hitzak hutsean geratu zaizkigu.

Eta Gabonetako opari gisa, PPk gaur hori guztia azaltzeko eman dituen arrazoiak, aurrekoarekin nahikoa izan ez baduzue:

http://www.youtube.com/watch?v=oM8UIbcX5iY

Arratsalde on!

Txapela kendu eta ibili munduan

Adarra jo nahi digute, gero eta garbiago daukat.

Blanca Urgell, EAEko Kultura sailburua, “modernoen” konplexuekin atera zaigu gaur bertan. Euskal kultura ez omen da irekia, ez omen du balio mundura zabaltzeko eta honakoa adierazi du: “Ez da zilegi Euskadi uharte kulturala izatea”

Berbok, horrela hartuta, era bikainean ulertzeko aukera daukagu. Euskadi, orain arte, kulturaren uhartea izan bada, horrek esan nahiko du kulturari balio berezia eman zaiola gure artean, munduko beste lekuetan ez bezala. Nik ez dut hor bekaturik ikusten.

Zoritxarrez, Urgellek esan nahi duena mingarria da, eta benetan atsekabeturik nago.

Baina hel diezaiogun, lehenik eta behin, testuinguruari. [Enlace roto.], eta berriztatze horrek eragile asko utzi ditu kanpoan, denak beren-beregi euskal kulturarekin zerikusia dutenak.

Urgellek, Radio Euskadin egindako adierazpenokin, zera diosku, euskaldunok oso itxiak garela, geure zilborrari bakarrik begiratzen diogula, eta nola ez, badela garaia txapela burutik kentzeko, baserritik ateratzeko eta mundura zabaltzeko.

Lotsagarria ez, IRAINGARRIA. Zer proposatzen digute Urgellek, eta luzapenez, Eusko Jaurlaritzak? Gure nortasunari uko egin behar diogula munduari so egiteko.

Badirudi gobernu honek ahaztu egiten duela mundura begiratzea ez dela nortasuna atzean uztearen sinonimo. Euskaraz egin diezaiokegu munduari, munduan euskara berezia delako, eta kanpotik barrutik baino gehiago estimatzen dutela ematen duelako.

Munduan, esaerak dioen bezala, txapela buruan ibil gaitezke, nor eta zer garen erakutsi, baina besteak ere nor eta zer diren ikasi eta ulertuz. Batak ez du bestea kentzen.

Nola zabalduko dizkiogu ateak munduari gurea dena estimatzen eta maitatzen ez badugu, gurea denaz lotsatzen diren agintariak baldin badauzkagu?

Hain modernoa den “lokaletik globalera” esaldia gogorarazi nahi nioke espazio xume honetatik sailburuari. Fermin Muguruzak, mundu osoko musikari irekia dagoen musikaria, ondo baino hobeto azaldu zuen: “euskalduna naiz, eta harro nago”.

Bueltatxo bat emanda esaldiari, sailburuari oparitu nahi diot nire egokitzapena: euskalduna naiz, eta ez naiz lotsatzen.