Txalorik ez Espainiako errege berriari

Politikan, askotan, nahiko ez zenukeen lekuetan egotea egon beharra duzu. Modu kolokialean esaten den bezala, arraina harrapatzeak ipurdia bustitzea dakar. Horregatik ez zait batere gustatzen, askotan, Ezker Abertzaleak izaten duen jarrera. Adibidez, Amaiurrek Kongresuan izan duena Juan Carlos I.aren abdikazioaren bozketan: gaia gustukoa ez dutenez, alde egiten dute legebiltzarretik eta listo; erantzukizun handiko jarrera. Kongresuan egon nahi ez badute, zergatik doaz?

Antzeko jarrera somatzen da Kutxabank Fundazio bihurtzeko prozesuan. Legeak behartzen du aldaketa hori, baina Gipuzkoako Kutxan erabaki hori hartu nahi ez dutenez, eta EAJri leporatu nahi dizkiotenez munduan gertatzen diren gaitz eta gaitzerdi guztiak, legez erabaki beharra dagoen horretatik ihes egingo dutela ematen du, oso modu koldarrean.

Horregatik, gaur, Felipe VI. koroatzeko zeremonian, pozik geratu naiz Urkullu lehendakariak eta Mas presidenteak izan duten jarrerakin: errespetu instituzionala bai, ezadostasuna agertzea ere bai. Erabat ados!

unnamed

Euskal alderdi batzuen “postureoa”

Atzo PPren Tokiko Administrazioaren Erreformarako osoko zuzenketak baztertu egin ziren Espainiako Kongresuan, eta oso bitxia izan da komunikabide batzuek albistea zelan tratatu duten. Batzuentzat, azpimarragarriena zen EAJk ez zuela PP bakarrik utzi, eta lagundu egin ziola osoko zuzenketa horiek baztertzen; baina ez zuten hain nabarmen esaten EAJk ez zuela osoko zuzenketen alde bozkatu bere bi zuzenketa onartu zituelako Espainiako Gobernuak.

Onartutako zuzenketa horiei esker, Erreformak ez du foraltasuna hankatartetik pasatuko, Euskadiko Toki Administrazioan ziurgabetasun epe luzetxo bat suposa zezakeena (helegiteak, epaileak…). Foru Aldundiek jarraituko dute euskal udalen interlokutore bakar eta baliodunak izaten. Hori da albistea, Euskadiko Toki Administrazioa eta gure berezitasunak libre geratu direla Rajoyren erreformatik.

Batzuek esango dute Gobernuak hori errespetatu beharra zeukala, bai ala bai, gaur egun indarrean dagoen legearen arabera. A, bai? Eta ez al zituen errespetatu behar prentsa askatasuna, edo adierazpen askatasuna, edo Estatutua guztiz betetzea Lege Organikoa den neurrian? Ez da hala gertatu ba. Eta dena den, seguru asko, azkenean foraltasuna errespetatzea baino beste erremediorik izan ez balute Rajoytarrek, nola helduko ziren ondorio horretara? Arrazonatzen ala eurek jarritako epaileen aginduz?

Batzuek euren buruari txalo egingo diote honelakoengatik:

IzengabeaBeste batzuek, ordea, nahiago dute gezurra antzerkia baino:

IzengabeaBaina argi dago, azken baten, nor eseri den negoziatzera, nork lortu duen akordioa, eta benetan, noren lana izan den eraginkorrena Euskal Toki Administraziorako eta gure foraltasuna, gure berezitasunak, defendatzeko.

Badira plantak egiten ari direnak, “postureoan”, baina bitartean, lanean dauzkagu EAJko ordezkariak, eta ez dago hori ukatzeko modurik.

Izengabea

 

ZUEK ZARETE

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarteak mezu garbi eta gardena bidali dio Euzko Alderdi Jeltzaleari: zuek zarete ataka larri honetarako irtenbideak aurkitzeko gai zaretenak. Hala uste dute %34,17k, hautesleen herenak baino gehiagok. Zeharkako mezua ere bada gainerako indar politikoentzat.

Hogeita zazpi (27) jesarleku atera ditu EAJk hauteskundeetan, 2009ko hauteskundeetako %1,15eko parte hartze altuagoarekin. Datu horrekin bakarrik, boteprontoan, ondorio batzuk atera daitezke:

  • PSEk eta PPk ez dute aitzakiarik, parte hartzea altuagoa izan da eta euren boto-galerak ikaragarriak izan dira.
  • EAJk bakarrik, PP-PSE-UPyD batuketak bezain beste jesarleku dauka.
  • EH-Bildu Legebiltzarrean sartu den arren, ez da nabaritu EAJren higadurarik. Alderdi sendo eta liderra dela erakutsi du.

Zenbaki absolutuetara jaitsiz, aintzat hartu behar den lehenengo gauza da bozka eman zezaketenen kopurua 2009an baino baxuagoa zela. 2009an, 1.776.059 pertsonek zuten botoa emateko eskubidea eta 2012an, aldiz, 1.718.696 herritarrek. Azkenean, guztira, parte hartzearen ehunekoa igo bada ere, hautesle gutxiago egon da. Hori ala izanik, EAJk 16.000 boto “galdu” ditu bakarrik 2009ko hauteskundeen erreferentzia hartuta, eta hori oraingoan EH-Bildu (Ezker Abertzalea) bozkatzeko aukera zegoela. Datu horiek osatze aldera, aurtengo hauteskundeetan, EAJk alde handiagoa atera dio EH-Bilduri, 2009an PSEri baino. Hori ez da emaitzei eustea, hori da ikaragarrizko sendotasuna erakustea, herriaren erreferente moduan agertzea alegia.

Apimarratzekoa da, gainera, Araban lehen indarra izatea eta Gipuzkoako (azken emaitza oraindik airean badago ere), EH-Bilduren 482 botoko alde estua. Ezker koalizio subiranistako kideek esan dute dagoeneko hausenarketaren bat dagokiela egitea, eta ea hausnarketa horrek nora daramatzan, SORTU alderdiarekin zer egingo duten ere airean baitago, eta koalizio barruko tentsioak areagotzeko arriskua baitaukate.

Eusko Alkartasuna eta Aralar barruan, bere aldetik, hausnarketatxo bat egitea ere ez legoke sobera. 2011n, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan eta Amaiur markapean, EH-Bildu integratzen duten indar berberak aurkeztu ziren elkarrekin, eta oraingoetan ia 10.000 boto galdu dituzte hauteskunde horiekin konparatuta. EAJk, ostera, hauteskunde horien erreferentzia hartuta, ia 60.000 boto gehiago atera ditu. Ez da makala!

Hortaz, eta egoera ekonomiko larriaren ondorioz EAE gobernatzeko zailtasunak nabariak badira ere, EAJk eszenatoki amestua lortu du Legebiltzarrean. Gehiengo osoa eskuratzen du EH-Bildurekin, PSErekin edo PP+UPyDrekin. Baina EH-Bilduk eta PSEk ez dute gehiengo osorik lortzen, are gutxiago PP eta PSEk. Horrek joko politikoaren aukerak zabalik uzten ditu, eta Autonomia Erkidegoa guztion onurarako eta inor bidean utzi gabe aurrera ateratzeko parada. Gainera, EAJren garaipena hain garbia izanik eta egoera ekonomikoa hain larria, uste dut ez dagoela kabidarik muturreko jarreretarako eta alderdi guztiek jarri beharko dutela euren harri koskortxoa, herriaren mesederako.

Ez dago gaizki orain eta hemen gogoratzea, EAJ bere kabuz aurkeztu zen azken Legebiltzarrerako hauteskundeetan (1998), eta Ezker Abertzalearen partaidetzarekin, EAJk 21 eserleku eskuratu zituela, EAk 6 eta Ezker Abertzaleak (Euskal Herritarrok) 14. Eserleku bakarreko aldea geratu zen EAJ eta gaur egun EH-Bildu osatzen dutenen artean, Lizarra-Garaziko akordioak sortu zuen ilusioaren markoaren eraginpean. 2012ko hauetan, ETAk borroka armatua behin-betiko utziko zuela urte bete pasatu denean, alde hori 6 eserlekukoa da, bost gehiago.

Zer esanik ez dago, bukatzeko, Iñigo Urkulluren lidergoa indartu egin dela. Euzko Alderdi Jeltzaleak, Ezker Abertzalea legeztatu ondoren, lehen alderdi abertzalea izaten jarraitzen du nabarmen, eta gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaritzaren ateak zabalik ditu.

Orain lan egiteko eta Euskadi aurrera ateratzeko unea heldu da, DENON ARTEAN.

 

Gaztelania euskararen gainetik aurkezteko trikimailuak

Atzo, RAEk (Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademia) [Enlace roto.] egin zion euskarari, 300 urteko historian, lehen aldiz.

Hitz politak eskaini zizkioten bertan euskarari: “euskara ez da horma, zubia baizik” (Aizpea Goenaga), “gizartearen elementu bateratzailea” (Wert ministroa), e.a.

Leku eta kolore guztietako ordezkaritza izan zen Madrilen: EAJ, Amaiur, Eusko Legebiltzarreko presidentea, PPkoak, PSEkoak, katalanak, galiziarrak… Nafarroako Gobernuko ordezkaritza falta izan zen bakarrik, baina ezaguna da Nafarroako Gobernuak euskarari dion begirunea.

Horretaz guztiaz gain, ordea, ekitaldiak berak, hitz horien guztien azpitik, islatu nahi zuen mezuari erreparatu nahi diot. Tira, islatu nahi zuena ez dakit, baina behintzat, nire ikuspegitik islatzen zuena.

Saretik apur bat trasteatzen ibili ondoren, ez dut aurkitu RAEk beste hizkuntzaren bati eginiko omenaldirik. Zergatik euskara orduan? Ba nire ustez, horrela garbi geratzen delako zein den hizkuntz nagusia eta zein menpekotasun egoeran dagoena. Nagusitasunetik, etnozentrismotik eginiko omenaldia iruditzen zait, edo gutxienez, seguru kutsu hori nabarituko dutela euskal herritar askok.

RAEk halakorik egitea ohikoa balitz, noiz edo noiz suahili edo txekiarrari omenaldia egin izan balie, akaso, atzoko ekitaldia ez litzateke susmagarria izango. Baina euskara aukeratu dute euskaldunoi bizkarrean zapladatxoa emateko, “ei! lasai! Oso jatorrak zarete eta Espainian asko maite zaituztegu”.

Jakin badakit halako ekitaldiak kritikatzea zaila dela, horregatik ulertzen dut alderdi abertzaleak bertara hurbildu izana: nola esango dute, bada, ezetz? Omenaldia da! Ba bai, ulergarria oso, baina nik behintzat, ezin dut burutik kendu horren guztiaren azpian dagoen edo egon daitekeen espainiar nagusitasunaren erakustaldi publikoa, eta harrapatu egin gaituzte.

Dena dela, eta pentsatzen duzuena duzuela ere, eztabaidarako tarte handia zabaltzen duen ikuspuntu hau jarri nahi nizuen begien aurrean. Ea zer deritzozuen.

Rosa Diezen printzipioak edo Groucho Marxenak

UPyD-ren kanpainak ardatz nagusi bat izan du azken hauteskundeotan: hauteskundeen legea, hain zuzen ere alderdien ordezkaritza zelan banatzen den zehazten duen araudia.

Lege horren arabera,  kongresuko diputatuak lurraldeka banatzen dira. Hau da, probintzia edo herrialde historiko bakoitzak diputatu kopuru jakin bat eramaten du kongresura. Ez du balio alderdi batek Espainia osoan ateratzen dituen boto kopuruak, baizik eta lurralde bakoitzan ateratzen dituenak lurralde horretan bere ordezkaritza lortu ahal izateko.

Hori da UPyD eta Rosa Diezek kritikatu dutena. Adibidez, EAJk edo Amaiurrek baino boto gehiago izanda, ordezkaritza murritzagoa daukate. Baina Espainiako legeak bere lurralde guztiek ordezkaritza izatea bermatzen du. Gutxienez, horretan, asmatu egiten dute estatuan, eta horrela, Melilla bezalako gutxiengoak ez dira handiagoak diren populazioen menpe zapalduta geratzen.

UPyD-k, beraz, ez du ordezkaritza nahikoa lortu talde parlamentarioa osatzeko kongresuan. Baina hori lortu ahal izateko ez dute lotsarik izan eta Foro Asturias alderdiarekin (Álverez Cascosena) akordio batera heldu dira, bien artean taldea osatzeko.

Gogorarazi beharra dago, UPyD-k proposatzen duen hauteskunde legearekin, seguru asko, Foro Asturias alderdiak ez lukeela daukan ordezkaritza lortuko. Baina printzipioek ez dute garrantziarik dirua edo helburu jakin bat jokoan baldin badago, antza. Beraz, Rosa Díezek bere egin dezake Groucho Marxen esaldi ospetsu hura: “hauek dira nire printzipioak, gustuko ez badituzu beste batzuk dauzkat”.

Gainera, Rosak zera zioen hauteskundeen hurrengo egunean, ez zuela beste alderdi batzuen laguntzarik onartuko taldea osatu ahal izateko.

Lotsagarria.