Iparraldearen egunsentia

Ba bai, Ipar Euskal Herria existitzen da, eta euskaldunez lepo dago. Egia da abertzaletasunak oraindik bide luzea duela Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, baina pausuz-pausu zubi sendoa eraikitzen ari gara Hegoaldea eta Iparraldearen artean.

Gaur, hauteskunde kantonaletan buru belarri sartuta daudela, EAJko hautagaia den Jean Telletxeari Berria egunkariak eginiko elkarrizketa irakurri dut.  Bertan, oso hausnarketa interesgarriak uzten dizkigu Baionako zerrendaburuak, baina nere ustez, garrantzitsuena da behingoagatik bada ere, alderdi abertzale batek zein gizarte klasetan aurkezten den ondo antzeman duela, apurka hazten joateko.

Garbi hitz egiten du Telletxeak, euskalduntasuna beste era batera bizi dute mugatik haratago, eta onartzen du, “Gaur egun, abertzalea naizela diodanean, Baionakoek ez naute ulertzen”. Premisa horretatik abiatuta, eguneroko ardurei heldu nahi die EAJk Iparralden, apurka-apurka herritarrak abertzaletasunarekin lotzeko: “Abertzaleen alde bozkatzen ez duten %90ak ditut begi bistan”.

Telletxea ezkerrean.

Kudeaketa da oinarria, eta handik aurrera, herria eraiki. Hortaz, gainerako alderdi abertzaleekin koalizioan joatea ez du begi onez ikusten, EAJk bere proiektua baitauka, bere bidea jorratu nahi du, eta herritarrak bere proiektura bildu proposamen zehatz eta desberdinduarekin.

Herritarrak ondo bereizi behar du bere hautu politikoa. Iparralden ere abertzaleen eskaintza plurala bada, hauteslegoari hobeto egokituko zaio, eta agian, bide horretatik, zenbait pausu aurrera eman ahal izango dira Iparralderako proiektu komunean: euskararen ofizialtasuna, Euskal departamendua, e.a.

Aitzina beti.

ETB4. Aukerak zabaltzen

Jakin berri dugu zein izango den [Enlace roto.]. Antza, kirola izango da gaia, “Euskalsport” edo, erdia euskaraz eta erdia espainieraz.

Ikusiko dugu, praktikan, zelan banatuko den hizkuntza bakoitzari emango zaion astia. Eta ez astia bakarrik, hizkuntzei garrantzia bera ematen zaiela ondorioztatzeko ez baitugu bakarrik denbora neurtu behar izango, beste zenbait eragile sartzen dira jokoan: prime-time deritzon horretan zein hizkuntza izango da nagusi? Programazioaren kalitateari dagokionean, euskarazko formatuek espainierazkoen kalitateari eutsiko al diote? Kalitate handiagoa izango dute? Berdintsua? Hori guztia, telebista martxan dagoenean aztertu ahal izango dugu.

Dena dela, kate berri honek eman diezazkigun aukerak izan nahi nituzke hizpide gaurkoan.

Kirol-katea izango dela aintzat hartuta, abagune aparta dago Ipar Euskal Herriari leihoa irekitzeko, euskaraz jakina. Frantziar estatuan, futbolaren parean dagoen  beste kirol bat dugu, agian futbolaren gainetik, errugbia hain zuzen ere. Frantziako goreneko ligan jokatzen duten bi euskal talde dauzkagu, Biarritz Olympique Pays Basque eta Aviron Bayonnais, Lapurdikoak biak.

Aurten ez dago euskal talderik futboleko Champions Leaguen, eta hala ere, EiTBk sosak gastatu ditu horren eskubideak erosteko. Ba euskal telebista publikoa halako gastuetan sartuta dagoela ikusirik, agian Iparraldeko ikusleei (eta Hegoaldeko errugbi eta kirolzaleei) berri onen bat emateko garaia izan liteke.

Nire aburuz, punta-puntako kirol emanaldiak izango lirateke, elitekoak, eta euskal taldeei hurbileko jarraipena egiteko aukera paregabea. Horrez gain, Iparraldeko euskaldunekin harremanak estutzeko ere balio izango luke, eta EiTBren irudia sustatzeko Bidasoatik harago dagoen Euskal Herriaren zatian.

Euskarak Frantziar Estatuan bizi duen egoera ezagututa gainera, urrats txikia baina sendoa izango litzateke egungo Eusko Jaurlaritzak gure hizkuntzarekiko duen jarrera agerian uzteko.

Hemen eta orain dauka aukera EiTBren zuzendaritza taldeak. Erronkari heltzeko asmorik?